100.000 euro hezkidetza lantzeko eta genero-indarkeria prebenitzeko proiektuetarako

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2022-2023 eta 2023-2024 ikasturteetan hezkidetza landu eta genero-indarkeria prebenitu ahal izateko jarduera-proiektuak garatzeko deia egiten duen Agindua. Deialdi hau Euskadiko Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako itunpeko ikastetxeei zuzendua da.

Gorago aipaturiko hezkuntza-etapak eskaintzeko baimenduta dauden EAEko 50 ikastetxe (gehienez) aukeratzea du deialdi honek helburu, hezkidetzaren eta genero-indarkeria prebenitzearen arloan jarduera-proiektu bat diseina dezaten aipaturiko ikasturteetarako. Jarduera-proiektu horri esker, aukera izango dute hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa ikastetxean era global, sistematikoan eta integratuan lantzeko.

Hautatutako ikastetxe bakoitzari dirulaguntza bat emango zaio. Irakasleen nahiz eskola-komunitatearen prestakuntzarako eta proiektua koordinatu eta hedatzeko jarduerei aurre egiteko baliatuko da laguntza hau.

Jarduera-proiektuak 507 ikastetxetan

Hezkuntza Sailak 2013-2014 ikasturtean Hezkidetza eta Genero-indarkeriaren Prebentzioa lantzeko Gida-Plana abian jarri zenetik, Euskadiko 358 ikastetxe publikok eta 149 itunpekok euren proiektua gartu dute, eta aplikatzen ari dira dagoeneko arlo horietan (hezkidetzan eta genero-indarkeriaren prebentzioan).

Aipaturiko Gida-planaren eta egun indarrean den II. Hezkidetza-planaren helburua da hezkuntza sisteman hezkidetza eredua bultzatzea, hau da,  pertsonen garapen integralean oinarritutako eskola eredua, sexuaren araberako estereotipoak eta rolak albo batera utzita jardungo duena, eta diskriminazio eta genero indarkeria mota guztien kontra eginez. Ikasketak eta lanbidea aukeratzerakoan genero-joerarik gabeko orientazio akademiko eta profesionala ahalbidetzen duen eskola-eredua bilatzen du Hezkuntza Sailak aipaturiko planarekin, eskola-komunitateko kide guztien parte-hartze eta laguntzarekin.