Deusturaino etorri da Juan Mari Aburto Bilboko alkatea

0

San Pedro plazako obrak bururatu berririk, Deusturaino etorri da gaur goizean Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotziak eta udal korporazioko beste kide batzuek lagunduta.

Lanak iazko martxoan hasi ziren, eta 4.150.477,14 euroko aurrekontua baliatu da haietan. 2021eko irailean, partez ireki zen herritarrendako obra dagoeneko amaituaren zati bat. Zehazki, Agirre Lehendakariaren etorbidearen eta Ramón y Cajal kalearen artekoa.

Guztira, 18.000 metro karratu baino gehiagoko espazio batean esku hartu da, hiru eremu handitan banatuta: bidearen iparraldean dagoen plazaren zatia (plazaren bi heren, gutxi gorabehera), hegoaldean dagoena eta mendebaldean dagoena, Agirre lehendakariaren etorbideko 2 eta 6 zenbakien arteko espaloia hartzen duena.

Lanen barruan sartzen dira, besteak beste, plaza berritzea, irisgarritasuna eta gozatzeko elementuak hobetzea, eta Agirre lehendakariaren etorbideko bidegorri bat egitea bi noranzkoetan.

Gainera, espaloiak kalearen tarte batean handituko dira, eta noranzko bakoitzean errei bat murriztuko da.

Orotara, plazan lau zuhaitz gehiago daude orain, eta berdeguneek ere 303 metro koadro gehiago dituzte, eremu guztian.

Udalaren lehentasuna, proiektu horrekin, plazaren irakurkera bakar bat ezartzea izan da, hau da, Deustuko auzo-bihotzarena, etorbidearen alde bietan. Horretarako, murriztu egin du, ahalik eta gehiena, erditik doan bidearen inpaktua.

Gainera, obren beste helburu batzuk izan dira oztopo arkitektonikoak kentzea eta espazio publiko horri egungo garaiekin bat datorren irudia ematea, eta, aldi berean, inguru hori erabiltzen duten pertsonen beharrei erantzutea. Horregatik, lehengo kokalekuetako erabilerak atxiki dira, hala nola egoteko guneak, jolasguneak, azokak antolatzeko espazioa eta agertokia.

Izan ere, jarduera-eremuak hainbat gune ditu, eta gune horietan garatzen den jardueraren araberako tratamendu espezifikoa behar dute. Hala ere, diseinua eta akaberako materialak bateratu egin dira, espazioari koherentzia eta batasuna emateko.

Era berean, hornidura-, saneamendu- eta argiztatze-sareak ere berritu dira, obrak hartzen zuen eremuan.

UMEENDAKO OLGETAK ETA GAILU BIO-OSASUNGARRIAK

Agirre Lehendakariaren etorbidearen eta Madariaga eta Ramón y Cajal kaleen arteko eremuan, umeentzako olgeta-gune estali bat (550 metro karratu), jolas bio-osasungarrietarako gune bat (250 metro karratu) eta lorategi-gune bat (830 metro koadro) egin dira, led motako argiekin argiztatua, eta hiri-altzari berriak ere jarri dira.

Nabarmendu behar da, gainera, umeen guneak eskaintzen dituen olgeten artean elementu bi inklusiboak direla eta irisgarritasun unibertsala eskaintzen dutela. Kulunkari bat erdian zilindro bat daukana eta karrusel birakari batek aukera ematen dute ume guztiek, beren motrizitatea edozein dela ere, espazio berean aritzeko.

Gainera, tarteko plataforma bakar bat sortzen da plazaren eta haur-jolasen artean, estalkirik gabe. Plataforma horretan gimnasiako elementu osasungarriak sartuko dira, lerrokatuta eta zuhaitzei begira.

DEUSTUKO ELIZATEAREN ARMARRIA ZAHARBERRITZEA

Plaza berritzeko proiektuaz gain, esku hartzearen barruan, Deustuko elizateko antzinako udaletxearen armarria ere berreskuratu da; izan ere, Deustuko hasierako udaletxea 1755ean eraiki zen, eta 1887an eraitsi. San Pedro plazan zegoen, elizaren ondoan.

1888an, udaletxe berria eraiki zuten toki berean. Fidel Iturria udal arkitektoaren planoen arabera eraiki zen, eta Julián de vidaurrazaga Deustuko herritar eta kontratistari adjudikatu zitzaion lana. Eraikinak bazituen bolumen zentral bat, bi solairukoa eta estalki pean eta alboetan bi eraikuntza simetriko, solairu bakarrekoak, lehen irakaskuntzako eskolen egoitza izateko. 1905ean, berritu egin zen, eta handitu egin zen eskoletako espazioa, eta solairu bat gehitu erdialdeko eraikuntza nagusiari.

Deustu Bilbori 1925ean eratxiki zitzaionean, utzi egin zioten eraikin hura elizatearen kudeaketarako erabiltzeari, eta handik urte batzuetara suntsitu egin zuten, Gerra Zibilean.

Udaletxearen fatxada nagusiak bazuen armarri bat agerian, haren erdialdean bi otso ibiltari ageri zirela, lerroan (López de Harotarren ikurra), eta zuhaitz hostotsu bat, erdialdean bihotz bat zeukana. Multzo osoaren buka-lan moduan, koroa bat, eta orla bat lau giltzarekin, eta, gainera, armarriaren oinarrian, loreak eta frutak apaingarri.

Armarri hori antzinako Udaletxetik kendu eta zatikatua izan zen, zazpi elementutan; urteetan egon zen Bilboko Udalaren barneetan gordeta, Euskal Museora aldatu zuten arte. Han egon da orain aste batzuetara arte, zaharberritu eta plaza berrituko parterreetako batean ipini den arte.

Hiru aste behar izan dira armarria berreraiki eta ipintzeko: kultur intereseko lanak iraunarazten eta zaintzen espezializatutako zaharberritzaileen talde batek egin du lana. Zehazki, espezialistek armarria osatu dute, harrizko idulki baten gainean ipiniz, eta bolumenak berreraiki dituzte jatorrizkoaren geometria, forma eta erreferentzien arabera. Horrez gain, kareorea eman diote, eta babes hidrofugoa ere bai, kutsadurak, euriak eta denborak hondatu ez dezaten.

Armarriak 250 x 200 cm ditu, gutxi gorabehera, eta, gainera, txartel bat ere ipini zaio, testuekin eta antzinako argazki batekin, armarria jatorrizko lekuan ipinita ageri dela.

SARE SOZIALAK: