eLankidetzak IV. Gida Plana luzatuko du, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legea onartu eta sei hilabetera arte

0

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Beatriz Artolazabalek, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziako Kontseilu Errektoreko buru izan da, gaur goizean. Bertan, eLankidetzako 2018-2021 IV. Gida Planaren ebaluazioa ezagutu da, eta 2022-20224 aldirako luzatzea onartu da

Gida Plana luzatzeko arrazoia egun martxan dagoen lankidetzarako euskal legea eguneratzeko prozesuarekin lotuta dago. Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legearen aurreproiektuak plangintzaren prozesuari eta edukiari egiten die erreferentzia, bai eta euskal lankidetzaren antolaketari eta kudeaketari ere. Hori dela eta, 2021eko urrian, eLankidetzako Kontseilu Errektoreak egokitzat jo zuen IV. Gida Plana lege berria onartu eta sei hilabetera luzatzea. Erabaki horri jarraiki, eLankidetzak bere plana ebaluatzeko prozesua hasi zuen, eta, aldi berean, 2022-2024 urteetarako luzapena zehazten hasi zen.

Planaren ebaluazioak hainbat garapenerako lankidetzaren eragileren parte-hartzearekin egin zen. 2018-2021 aldian egindakoaren berri emateko gardentasun eta ikaskuntza ariketa gisa egin da, luzapen aldirako erronkak zehazteko, hain zuzen. Indo horretan, azpimarratzeko da ebaluazioak ondorioztatu duela IV. Gida Planean jasotako ikuspegiak eta lehentasunak baliozkoak direla egungo erronkei erantzuteko eta horietan sakondu behar dela.

Horregatik guztiagatik, luzapenak planaren helburuei eusten die: pertsonen eta kolektiboen gaitasunak indartzea, batez ere sistematikoki baztertzen direnenak, giza garapen iraunkor baterantz aurrera egiteko eta eskubideak osotasunean garatzeko; garapenerako lankidetzako politiken oinarri soziala zabaltzea eta euskal gizartearen eta erakundeen elkartasuna sustatzea, eta, azkenik, praktikak eraldatu garapenak dituen arazoei modu eraginkorrean erantzunak emateko.

Luzapen aldian, halaber, zeharkako lehentasunak, sektorekoak, geografikoak eta testuingurukoan mantenduko dira, hala nola giza eskubideen defendatzaileen babesa, emakumeen ahalduntzea, Hegoaldeko erakunde feministak, Afrikan garatutako ekimenak, gatazkei eta bestelako indarkeria egoerei erantzutea eta herritartasun kritikoa bultzatzea.

eLankidetzaren Kontseilu Errektoreak IV. Gida Plana 2022-2024 aldirako luzatzea onartu ondoren, Gobernu Kontseiluari helaraziko zaio onar dezan.

Azpimarratzekoa da, eLankidetzan Kontseilu Errektorean aurkeztu aurretik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluan ebaluazioa zein luzapena aurkeztu zela. Organo horrek nahitaezko txosten bat egin zuen, bi dokumentuetan aintzat hartu diren zenbait gomendio jasotzen zituena.