Hezkuntza sailak 2,2 milioi euro bideratu ditu lanbide heziketako itunpeko ikastetxeetan makinak eta ekimipamenduak eskuratu edo errentan hartzeko

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, dirulaguntzak deitzen dituen Agindu bat, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeek makinak edota ekipamenduak erosi edo errentan har ditzaten.

2.217.487 euroko diru-kopurua duen deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea, makineria edota ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko kuotak finantzatzeko, bai eta makina edo ekipamendu horrek eragindako instalazio-gastuak finantzatzeko ere. Deaialdi honek bi lerro bereizten ditu, jarduera-eremuaren arabera:

    1. eremua: oro har, modalitate presentzial osoan ezarritako Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten ikastetxe itunduei zuzendua, heziketa-ziklo bakoitzerako ezarritako makineria eta/edo ekipamendu espezifikoa eguneratzeko eta espazioak egokitzeko, ikasteko metodologia eta tresna berritzaileak ezarri ahal izateko. Eremu honek milioi bat euroko kopurua du.

 

    1. eremua: modalitate presentzial osoan ezarritako Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten ikastetxe integratu itunduei zuzendua, 4.0 inguruneen erronkei erantzuteko eta eraldaketa digitalerako eta Lanbide Heziketaren jasangarritasunerako planak ezartzeko. Eremu honek 1.217.487 euroko finantzazioa du.

 

Ikastetxeetatik jasoriko finantzazio eskaeren balorazioa egiteko, lehen eremuan, batzordeak kontuan hartuko dituen irizpideak honakoak dira: eskaera egiten duen ikastetxeak eskaintzen duen ziklo kopurua; ziklo horietan matrikulaturiko ikasle kopurua; erronketan oinarritutako ETHAZI ikaskuntza-metodologiak ikastetxean duen ezarpen-maila; edo ikastetxearen parte hartzea Hezkuntza Sailak bultzatutako ekintzailetza-programetan.

Bigarren esparrurako, berriz, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan balorazioa egiteko: erositako ekipamenduaren egokitasuna, 4.0 inguruneko berezko teknologiak inplementatzeko (errealitate areagotua edo birtuala, elkarlaneko robotika, fabrikazio gehigarria, internet industriala…); ekipamendu horrek ikastetxean izango duen irismena; inbertsioak ikasleen eta irakasleen artean izango duen eragina; diruz lagundutako makineriak ikastetxean abiatutako proiektuekin duen lotura; edo teknologia haetan irakasleak prestatzeko planak.

Eguneratzea, ezinbestekoa

Gaur egun, adimen artifiziala, robotika, droneak, 3D inprimagailuak, gauzen Internet, errealitate birtuala edo sare digitalak bezalako berrikuntzak ondasunen eta zerbitzuen ohiko trukea erabat aldatzen ari diren fenomenoak dira. Horiek guztiek, erronka handiak dakartzate  enpresa-sektorearentzat eta pertsonen prestakuntzarentzat.

Testuinguru horretan, Lanbide Heziketa ezinbesteko bidelaguna da gaur egun Euskadin, bai pertsonen enplegagarritasunerako, bai enpresen lehiakortasunerako. Erronka horiek Lanbide Heziketako ikastetxeen parte-hartze aktiboa eskatzen dute, 4.0 gizarte baten benetako beharretara egokitutako prestakuntza bultzatu eta garatzeko beharrezkoak diren aldaketak egin behar baitituzte.  Zeregin honetan, ekipamendu eguneratua eta espezifikoa izatea ezinbestekoa zaie Lanbide Heziketako ikastetxeei.

Joan den ikasturtean, lehen eremuaren barruan, Lanbide Heziketako itunpeko 53 ikastetxek jaso zituzten laguntza ekonomiko horiek, eta 2. eremuaren barruan, 13 ikastetxek.