Agurtzane Llano: «EAEko gazteei zerbitzu eta prestazioen diseinuan parte hartzeko bide eman behar zaie eta emantzipatzeko adina murriztu behar da»

0

Agurtzane Llano Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteriako zuzendariaren iritziz, “EAEn bizi diren gazteei zerbitzu eta prestazioen diseinuan, gazteria-politiketan eta gizartean parte hartzeko bide eman behar zaie eta, horretarako, haien bizi-proiektuak zabaldu eta erakunde-, enpresa- eta gizarte-ekimenen protagonistak izan behar dute. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak 2030erako emantzipatzeko batez besteko adina jaistea eta 28 urtekoa izatea ezarri du”.

“Badakigu zein diren EAEko erronka eta lehentasunak, Europako gainerako gazteek planteatzen dituztenen antzekoak, nahiz eta abiapuntuko errealitateak, egoerak eta aukerak edo kulturak desberdinak izan”, nabarmendu du Gazteriako zuzendariak.  Llanok Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politiketako eta Gazteriako Batzordean hitz egin du, Gazteen Euskal Behatokiaren azterlan eta inkestekin zerikusia duten zenbait alderdi aurkezteko, eta honako hau hartu du ardatz: «Aurrera Begira. Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak”.

“Gazteria-sistema gazteek gero eta autonomia gehiago garatzera bideratu behar da eta, horretarako, orain arte nahiko intentsitate-maila izan ez duten zenbait alderdi sustatu behar dira: gazte-ekimenen sustapena eta emantzipazio-zerbitzuak”, esan du Llanok.

Zuzendariaren iritziz, “gazteen emantzipaziorako eta helduarorako trantsiziorako, gizartearen eta belaunaldien arteko zuzentasunaren arteko kohesioaren aldeko apustua egin behar da. Herritartasun aktiboa izateak eta autonomiarako gaitasunak garatzeak onartu berri dugun Gazteria Legearen hiru ardatzak zeharkatzen dituzte: gazteria-sistema, emantzipazioa eta gizarte-partaidetza”.

“Gure gazteria trantsizioen eta Europa eta mundu osoa bizitzen ari diren prozesu, bide eta aldaketa berrien eragile aktibo bilakatu behar da”, azpimarratu du Llanok. “Hori dela eta, EAEko gazteen bizi-baldintzak eta, zehazki, haien emantzipazioa hobetu daitezen sustatzea, haien bizi-proiektuak autonomiaz garatzeko aukera-berdintasunaren ikuspegitik, lehentasunezko helburu da Eusko Jaurlaritzarentzat”.

Aukerak

Llanok gogora ekarri du EAEko 18 eta 34 urte bitarteko gazteen emantzipazio-tasa EAEn, 2019. urtean, % 38,5ekoa zela. Emantzipatzeko batez besteko adina, 30,2 urtekoa (% 49,6) eta 26,3koa Europar Batasunean. “26 urterekin nahi du, zehazki, EAEko gazteen kolektiboak emantzipatu –jatorrizko familia-etxetik irten–“.

Agurtzane Llanok, EAEko Ganberan esan duenaren arabera, “gizarte-testuinguruak ahalegina bikoizteko eskatzen du. Pandemiak eta Ukrainako inbasioak eragindako ondoz ondoko krisialdiek kezkatu egiten dituzte eta eragina dute gazteengan, eta emantzipatzeko aukerak murrizten dituzte. Gainera, gazteek interesa dute eta inplikatuta eta kezkatuta daude epe ertain-luzeko beste gizarte-aldaketa batzuengatik eta haien eraginpean daude, zehazki, hiru trantsizioen eraginpean: klimatikoa eta ingurumenekoa, teknologiko-digitala eta sozial-demografikoa”.

Urtero, Gazteen Euskal Behatokiak EAEko gazteen joera eta egoerak aztertzen ditu. Aurrera Begira analisiaren IX. edizioak –aurten zabaldu da– online galde-sorta bat izan du oinarri; hura norberak betetzekoa izan da, galdetegi egituratua izan du eta itxia izan da galdera gehienetan, eta hogei bat elkarrizketa sakon ere izan ditu oinarri, eta, haietatik abiatuta, diskurtsoaren analisia egin da. EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean egin dira: 4.356 galde-sorta (734 Arabako bizilagunak, 2.085 Bizkaikoak, 1.340 Gipuzkoakoak eta 197 EAEtik kanpokoak).

“A“Aurreko abenduan eginiko azken Aurrera Begira azterlan honetan, logikoa denez, Covid-19ak EAEko gazteengan izan duen eragina nabarmentzen da. Adierazle ugarik, gainera, 2013tik bilakaera positiboa izan dela erakusten zuten, zeina moteldu egin baitzen 2020an eta 2021ean, Covid-19ak eragindako krisiaren eraginagatik”, esan du Llanok.

Gazteriako zuzendariak esan duenez, “nabarmentzekoa da urtebeteko epean haien kontura bizi nahiko luketen eta ezin izango dutela hala bizi uste dutenen gazteen ehunekoa, dagoeneko emantzipatuta egonik ere nahi izan gabe etxera bueltatu beharko dutela uste dutenena gehituta, % 41ekoa izan dela 2020an, eta % 42koa, 2021ean».

Enplegua, pertzepzio ona

Enpleguari dagokionez, egoeraren pertzepzioa hobea da; izan ere, dagoeneko lanean ari direnek lan-baldintzak galtzeko edo okertzeko ikusten duten arriskua % 48tik % 42ra jaitsi da, 2020tik 2021era. Eta nahi izan gabe atzerrira lanera joan beharko zutela uste zutenen ehunekoa erdira murriztu da», esan du Llanok.

Agurtzane Llanok honako hau esan du: “naturala denez, enpleguarekin zerikusia duten adierazleen balioak oso lotuta daude testuinguru ekonomikoarekin. 2015az geroztik, adierazleak hobetzen joan ziren, baina, 2020tik, pandemia dela eta, atzera egin zuten, baina, hala ere, 2013an baino hobeto daude. Beste datu batzuek, hala nola gogobetetasun pertsonalak edo etorkizunaren inguruko konfiantzak atzera egin dute. Aisialdi, adiskidetasun, harreman sentimental edo sexualekiko gogobetetasunak okerrera egin du pandemian bizi izandako murrizketengatik”.

“Horrek eta egoera ekonomikoak okerrera egin izanak eragina izan dute egoera pertsonalaren balorazioan eta, batez ere, etorkizunarekiko konfiantzan. Gaur egun, EAEko gazteek bizi dituzten kezka eta egoera guztietatik, Europako gazte aurreratuenekin gertatzen den bezala, honako hauek nabarmentzen ditugu: enplegu egokien beharra prestakuntza-etaparen ondoren; emantzipazio goiztiarragoa; ekonomikoki eskuragarriagoak diren etxebizitzak; prestakuntzarako eta praktiketarako benetako mugikortasun-aukera, eta genero-berdintasun erreala”, esan du Llanok.

Etorkizuneko Gazteen Emantzipaziorako EAEko Estrategiaren helburu nagusia da 2030erako emantzipazio-tasa handitzea eta emantzipazio-adina 30 urtetik 28ra jaistea.

Ekimenak

“EAEn ez genituen helburu horien arabera ebaluatzen zuten politikak, ez genuen emantzipazio-politika espezifikorik. Politika horiek, Gazteriaren Legearekin, EAEko gizarteak eta haren erakundeok bultzatzeko konpromisoa hartu dugu; horretarako, jatorrizko familia-etxetik irtetean eta irteera hori finkatzean eragina duten faktore objektiboetan –enplegua eta etxebizitza eskuratzeko aukera, informazioa eta orientazioa– eta subjektiboetan –itxaropen pertsonalak edo familiarrak eta emantzipazio-kultura– eragin nahi izan da”, esan du Llanok.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzak abian jarritako ekimenen ardatzak honako hauek dira: emantzipazio-politika espezifikoak diseinatu, sistematizatu eta ebaluatzeko udalei laguntzak ematea; Erronka Demografikorako EAEko Estrategia diseinatzea, haren lehen ardatza gazteen emantzipazioa bultzatzea izanik; Gazte Emantzipaziorako EAEko Estrategia –urte honen amaieran erabilgarri egongo da– eta Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarea, Gazteen ibilbideak Abian jartzeko Zerbitzuarekin (GAZ).

“Eusko Jaurlaritzak 2030erako emantzipatzeko batez besteko adina 28 urtera jaisteko helburua ezarri du. Ezagutzen ditugu EAEko gazteen erronka eta lehentasunak, Europako gainerako gazteek planteatzen dituztenen antzekoak, nahiz eta errealitate, egoera eta itxaropen edo kultura desberdinetatik abiatu», esan du Agurtzane Llanok.

“Bete-betean ari gara lanean Gazte Emantzipaziorako Euskal Estrategia garatzeko eta, horretarako, helburu bakar baten arabera diseinatzen eta ebaluatzen diren politika espezifikoak sustatzen ditugu: emantzipazio-tasa handitzea eta batez besteko adina 28 urtera jaistea 2030erako. Lan hori sektore publikoko sailen eta erakundeen eta, oro har, gizartearen artean koordinatu behar da”, esan du zuzendariak, amaitzeko.