Adinekoentzako Osasun programaren ikasturte amaierako jaia

0

200 lagunek baino gehiagok hartu dute parte gaur Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailaren Adinekoentzako Osasun programaren ikasturte amaierako jaian.

Yolanda Díez alkateorde eta saileko zinegotzi ordezkariak, beste zinegotzi batzuekin batera, ez du hitzordua galdu nahi izan, eta goiz osoan haiekin egon da Areatzako aterpeak eraldatu dituen jaian.

Dozenaka pertsonak hartu dute parte Udaletxeko eta Areatzako zubien artean egin den jolas-izaera nabarmeneko topaketan. Jarduera garrantzitsuenak jarduera fisikoko hainbat gunetan egin dira. Horietan, koordinazio-ariketak, trebetasun eta gaitasunen zirkuituak, joko eta dantza koreografiatuak egin dira, udal saileko begiraleek zuzenduta.

Adinekoentzako osasun-tailer handi hori duela 30 urte baino gehiagotik egiten da, eta Bilboko 70 urtetik gorako biztanleei zuzenduta dago.

Yolanda Díez Bilboko Udaleko alkateorde eta Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi ordezkariaren hitzetan, “osasuna sustatzeko programa da, bizi-estilo aktiboa eta ohitura osasungarriak hartzea bultzatzen dituena eta sozializazioa sustatzen duena, isolamendua saihestuz parte-hartzaileen adinera eta baldintzetara egokitutako jarduera fisikoko klaseen bitartez. Pandemiak ez gaitu gelditu, baina programan aldaketak egitera behartuta izan gara, eta adinekoek astean saio 1 egiten dute”.

Guztira, 12 begirale profesionalek zuzendutako 99 taldek egiten dute jarduera fisikoa uriko 26 lokaletan —gehienak udalarenak eta beti izena eman duten pertsonen bizilekutik hurbil daudenak—, astean ordubete edo ordu bi, urtarriletik ekainera eta urritik abendura bitartean. Barrutietako udaltegiak, kiroldegiak eta beste leku batzuk izan dira topaketak egiteko guneak.

Pandemiak eragina izan du parte-hartzearen datuetan; izan ere, parte-hartzaileak 2.843 ziren Covid-19aren eztanda baino lehen, eta gaur egun 1.200 inguru dira hartu beharreko prebentzio-neurriak direla eta.

Programaren jardueren artean, osasuna sustatzeko kanpainak ere egiten dira, adin horretako osasun-interes handieneko gaiei buruzkoak: gaixotasun infekziosoei aurrea hartzea (esaterako, Covid-19 edo gripea), istripuz gerta daitezkeen erorikoei aurrea hartzea, elikadura osasungarriari buruzko hitzaldiak, etab.

Horretaz guztiaz gain, programa honen beste zati garrantzitsu bat jarduera sozializatzaileak dira, hala nola Bilboko Areatza gaur hartu duena, adinekoen osasun psikosoziala sozializazioarekin eta aisialdiarekin lotutako ekitaldien bidez sustatzera bideratuta dagoena.

NAOS ESTRATEGIA SARIA

Maiatzean, Kontsumo Ministerioko Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak Familian eta Komunitatean Jarduera Fisikoaren Praktika Sustatzeko NAOS Estrategia Saria eman zion Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Saileko Adinekoekiko Jarduera Fisikoaren Programa Integralari eta horren lanari.

Sariak dio 70 urtetik gorakoen bizi-kalitatea hobetzeko gaitasuna daukala Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak, haien beharretara egokitutako jarduera fisikoa sustatuz. Horrek pertsona horien narriadura funtzionalaren tasa murriztea lortzen du, beren gizarte-ingurunean integratzen edo/eta komunitatean elkarreragiten jarraitzea edo/eta sustatzea ahalbidetuko dien autonomia-mailari eusteko.

SARE SOZIALAK: