“Entrada a la Cripta” lanak “urrezko saria” lortu du

0

Aida Mauri Crusat bartzelonarraren “Entrada a la Cripta” lanak “urrezko saria” lortu du Bilbao Zerbitzuak erakundeak ekainaren 4an antolatu zuen Bilboko Hilerriko Aire Libreko I. Pintura Lehiaketan. Bigarren saria José Reyes Basaberen “Capilla somonte basabe” lanak jaso du, eta hirugarrena Carlos Espiga Alfonsoren “Esculturas” lanak. Bilbao Zerbitzuak, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailarekin lankidetzan, egiten ari den Bilboko Hilerriko 2022 kultura-programazioaren barruan dagoen jarduera Bizkaiko Arte Elkarteak emandako pintura-eskola magistral batekin osatu zen. Bertan, parte hartzaileek eta bertaratuek hilerriko panteoietako estatuen arkatzez edo ikatzez eskuz egindako marrazkia landu ahal izan zuten.

«Aire zabaleko pintura-lehiaketa honi eta, batez ere, parte-hartzaileen talentuari eta dedikazioari esker, xarma handiko txoko eta xehetasun berriak aurkitu ahal izan ditugu Bilboko Udal Hilerrian. Gainera, aurkeztutako lanen bidez, kultur sorkuntza bultzatu da eta hilerriko kultura eta ondarea sustatu dira”, adierazi du Yolanda Díez Bilboko Udaleko Alkateorde eta Osasun eta Kontsumo Zinegotzi Ordezkariak.

Lehiaketa irabazi zuen Aida Mauri Crusaten margolana kanposantuko kaperaren fatxada nagusian inspiratu da. Epaimahaiak adierazpen indar izugarria, konposizio ona eta marrazki bikaina duen lan gisa kalifikatu du. Bigarren saria irabazi duen José Reyes Rodriguezen “Capilla Somonte Basabe” lana Hilerriko kariatide batean oinarrituta dago. Azkenik, hirugarren saria Carlos Espiga Alfonsok irabazi du, “Esculturas” akuarela-lanarekin. Gainera, Hilerriko Kapera Klaustrotik erakusten duen estilo figuratiboko laugarren lan bati akzesit bat eman zaio.

Epaimahaia pinturaren arloan ospe eta ezagutza handia duten Enrique López Suárezek eta José Ramón Muro Peregek, Yolanda Díez, Bilboko Udaleko Alkateorde eta Bilbao Zerbitzuak-eko presidenteak, eta José Antonio Fernández erakundeko zuzendariak osatu dute.

Laster jakinaraziko da saridunei sariak noiz banatuko zaizkien, eta saritutako lanak non jarriko diren ikusgai, Bilbao Zerbitzuak-en webgunean eskuragarri egongo den katalogo digital batean.

SARE SOZIALAK: