Bilboko Gau Zuriak bere distira guztia berreskuratuko du

0

Bilboko Gau Zuriak, Udalak bultzatzen duenak, bere distira guztia berreskuratuko du 2022an, edizio berri batekin, bere ohiko datetara itzuliz. Uriko ekitaldi hau ospatuko da berriro, Bilboren fundazioaren 722. urteurrenean, ekainaren 17an eta 18an. Zehazki, esku-hartze artistikoak egingo dira, hiri-paisaia aldatzeko, eta Bizkaiko hiriburuko plazak, kaleak eta espazio esanguratsuak berriro apaintzeko.

Egitarau osoa prentsaurreko batean aurkeztu da gaur. Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak eta Begoña Escribano Gau Zuria ekitaldiko zuzendariak parte hartu dute.

Bilboren 722. urteurrena gogo, ilusio eta emozio handiz ospatzen dugu, gure uriaz berriro gozatzeko, aisialdiko eta kulturako parte-hartze izaerako, doako eta askotariko proposamenekin. Bilbotar guztiekin konpartitu gura dugu, uriaz gozatu dezaten eta “urtebetetzean” parte hartu dezaten. Horrela, uriaz gozatzeko, Gau Zuriaren gauetan Bilbo goitik behera apainduko dugu esku-hartze artistiko txundigarriekin”, esan du Gonzalo Olabarriak.

Eskulturak, instalazio digital eta interaktiboak, usaintzeko paisaiak, abesbatzen emanaldiak eta formatu handiko joko tradizionalak egingo dira, besteak beste, uriko 26 lekutan: Enkarnazio eliza, Bilboko Eliz Arteko Museoa, Santiago katedrala, Arriaga plaza, Areatzako pasealekua, Gas plaza, Uribitarte pasealekua, Campo Volantín pasealekua, Bizikidetza plaza, Zabalgune plaza, Bilboko Elkarte Filarmonikoa, CRAI eraikina, Pedro Arrupe pasealekua, UPV/EHUko Bizkaia Aretoa, Abandoibarra etorbidea, Deustuko zubia, Euskalduna jauregia, Churruca kaia, Itsasmuseum, Ramón de la Sota kaia, Casilda Iturrizar parkea. Horiei bi ikuskizun ibiltari gehituko zaizkie, uriko zenbait txokotan zehar, soinuz eta mugimenduz betetzeko.

Gau Zuria ordutegia aldatuta aurkeztuko da edizio honetan. Instalazioak 19:30etik 00:30era bisitatu daitezke. “Ordutegi-aldaketa horrekin, Gau Zuriaren hitzordua aurreratuko dugu. Horrela, familia osoak ekitaldi berezi honetaz gozatzea nahiko genuke«, azaldu du Olabarriak. Ordutegi berri horrek ekitaldiaren instalazioak ere aldatuko ditu: “edizio honetan, haietako gehienak egunez nahiz gauez ikusteko daude pentsatuta”, gaineratu du zinegotziak.

NABARMENDUTAKO INSTALAZIOAK

Gau Zuriaren 28 proposamenen barruan, “Bóvedas Celestes” nabarmendu gura dugu, Miguel Chevalierrek diseinatutako instalazio digital sortzailea. Enkarnazio elizaren gangen gainean proiektatuko da.

Obra hau Bilbon erakusten den estreinako aldia da. Bertan, alegiazko zeruko mapak marrazten dira denbora errealean, eta publikoak hainbat koloretako argizko sare bihurriak deskubritzen ditu. Sare handi horiek eratzen eta desegiten dira, publikoa lekuz aldatzearekin batera. Horrela, forma askotako unibertso bat sortzen da, etengabe berritzen dena. Enkarnazio Elizan ikusi ahalko da.

Areatzako pasealekuan (aterpeen artean) “BI//722-345 jarriko da. Beraren bidez, Bilboko Tomo Estudio kolektiboak animazio bat proposatzen du, uriaren bilakaera demografikoa, sortu zenetik gaur arte, erakusten duen animazio bat proiektatzeko.

Arriaga Plazak hainbat tamainatako 69 eguzki-lore hartuko ditu, espazio hori argiz eta kolorez betetzeko. Abandoibarrako lorategiak, berriz, ongi etorria emango dio “Marigorringoak”-i. Bertan marigorringoen kolonia bat egongo da, txikienen gozamenerako.

Casilda Iturrizar parkea da programazio honetako kokaleku nagusietako bat, hainbat instalaziorekin. “Luz de Salón” hartuko du: egongelako lanpara handi bat (8 metroko altuera eta 8 metroko diametroa), Casilda Iturrizar parkea argitu eta apainduko duena.

Arte Ederren Museoaren sarreran, “Blossom” instalazioa ikusgai egongo da: hainbat tamainatako 120 lore baino gehiago, zuhaitzen adarretatik ernatu direnak. Egunez, loreak oso delikatuak dira, petalo zuriekin: badirudi moztu eta tolestu egin direla, paperezkoak balira bezala. Gauez, atmosfera eraldatzen da, loreak kolore degradatuekin argitzen baitira.

Zentzumen guztiak “Olorama”-n aktibatuko dira. Gas plazan ikusi ahalko da, espazio horretan ere ekitaldiak egingo baitira Gau Zurian, estreinako aldiz. “Olorama”-n, alegiazko zeruko mapak marrazten dira denbora errealean, eta publikoak hainbat koloretako argizko sare bihurriak deskubritzen ditu. Sare handi horiek eratzen eta desegiten dira, publikoa lekuz aldatzearekin batera. Horrela, forma askotako unibertso bat sortzen da, etengabe berritzen dena.

Instalazio horiekin batera, bi proposamen ibiltari egingo dira. Batetik, “Kolorezko Jendea”. Hemen, koloretako izakiek hirian zehar paseatzen dute, giza irudia beren ustezko askatasunarengatik goratuz. Pertsona bakoitzeko, kolore bat: urdin turkesa, gorri bizia, sagar berdea, limoi horia, arrosa… eta bizitza ezberdin, distiratsu eta jariakor bat agertzen zaigu.

Bestetik, “Trance entre Calles« dantza urbanoa da, jendea Gau Zuriaren instalazioetan zehar paseatzera eta Elements konpainiako dantzariak aurkitzera gonbidatzen duena.

Bilboko Arte Ederren Museoak Bilboko Gau Zuriaren edizio berri honen programazioan parte hartuko du, ateak 22:00etatik 00:00etara irekiz. Erakusketa hauek ikusi ahalko dira: Ibarrola. Guernica; Ibilbideak, bilduma; “Arrue anaiak Parisen”; “Arnasa, 2020”, Maider Lópezena; “Agerikoaren eta ikusezinaren artean. Azterketa, kontserbazioa eta zaharberritzea museoan. Iberdrola-Museoa programa”; eta Milton Glaser. “Kartelak”.

2022ko Gau Zuriak bere lekua izango du Azkuna Zentroan ere –Udalaren Kultura Garaikidearen Zentroan–. Zehazki, Cabello/Carceller-en «Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa” eta Isidoro Valcárcel Medina-ren “Arkitektura Goiztiarrak” erakusketak, eta Antonio Fernández-en “Memoria de forma” eta Grimanesa Amorós-en “Scientia” instalazioak daude.

BILBOREN 722. URTEURRENA

Gau Zuria uriaren 722. urteurrenaren ospakizunetan kokatzen da. “Urtebetetze” hau ekainaren 15ean hasiko da, uria 1300. urtean sortu zen egunez, Bilboko bandera altxatuz, Juan Mari Aburto alkatearekin. Berarekin batera, Udalbatzarreko ordezkariak egongo dira. Ekitaldia Ernesto Erkoreka Plazaren erdiko lorategietan egingo da.

Hau uriaren urteurrenaren ekitaldi instituzionalik sinbolikoenetako bat da, On Diegoren ohorez egiten den herritarren lore-eskaintzarekin batera.

Aurtengoan, eskaintza ekainaren 19an izango da, 10:30ean. Juan Mari Aburto alkatea, zinegotziak, eta Bilboko bizitza sozial, kultural, ekonomiko eta herritarraren ordezkari ugari, dantzariz eta txistulariz lagunduta, Udaletxetik Plaza Biribileraino joango dira, bertan baitago uriaren sortzailearen estatua.

KULTURA JASANGARRIA

Bilboko Udalaren apustua da bere ekitaldi eta jaialdiek ingurumena geroz eta gehiago errespetatzea. Ildo horretan, Gau Zuriaren edizio honetarako diseinatu den programazioaren bidez, jasangarritasun energetikoa eta argiaren kontsumo arduratsua bultzatzen dira.

    • Barruko espazioak sarrera librekoak dira, harik eta edukiera osatu arte.

 

    • GAU ZURIAREN EGITARAUA. ERANTSI DA

 

SARE SOZIALAK:

www.bilbaokultura.eus