Txapelketarik ez izanagatik, zapatuan lehia izango da pilota egokituko txapelketan Azpeitian. Lagun arteanpilota modalitate egokituak ezagutarazi eta bultzada ematea bada helburua ere, kirolariak lehiakor etorriko dira. I. Euskal Herriko pilota egokituko topaketa izango da larunbatean eta desgaitasun fisikoa eta adimen urritasuna duten pertsonei zuzendutako topaketa izango da eta pilotako bi modalitatetan joatuko dute; gomazko paleta gurpildun aulkian eta teniseko paletan (adimen urritasuna duten pertsonentzat). Goizean 11:00etan emango diote hasiera egunarie ta egun osoan kirolaz gozatzeko aukera izango da. Gaur aurkeztu dute eguna Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako Joxe Mari Mitxelenak eta Aitor Erauskinek.
Bi modalitatetan jokatuko dituzte partidak topaketetara animatzen diren lagunek. Batzuek, gurpildun aulkiko gomazko paletan jokatuko dute, eta, besteek, adimen urritasuna dutenek, teniseko paletan. Neurketak goizez zein arratsaldez jokatuko dituzte. Hain zuzen, 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:00etara. Eguerdian, aldiz, bazkaria egingo dute jardunaldira animatzen diren kide guztiek.
30 kirolari izango dira norgehiagokan Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabatik etorriak. Alkatearen hitzetan, «aberasgarria» izango da «lehiaz harago» pilota egokituko motalitateak Azpeitian ikusi eta ezagutzea: «Azpeitiko herritarrok, pilota egokitua ezagutzeko eta ikusteko aukera izango dugu. Hau posible izan da Azpeitiko Udalak eta kirol Egokituko gipuzkoako federazioak azken urteotan izan dugun harremanari esker». Kirol modalitate horiek ezagutaraztea eta ikusgarri egitearen garrantzian ere egin nahi izan du azpimarra: «Gure lema Azpeitia Denontzat da, eta horrelako ekintzen bidez eta modalitate edo kirol egokitua ikusgarri egitea herrian garrantzitsua da guretzat». Horregatik, topaketa herrian antolatzeagatik eskertzeaz gain, etorkizunean elkarlanean jarraitzeko konpromisoa ere azaldu du.
Mitxelenak ere ildo berean egin ditu adierazpenak: «Hitz egiten ez dena, ez da existitzen. Pilota modalitate batzuez asko hitz egiten da beste batzuetaz pixka bat eta hainbatetaz batez. Euskal Herriko kultura, kirola, ondarea eta altxorra dira, eta ezagutarazteko eta mantentzeko lanean ari gara». Erakutsitako babes eta laguntzagatik udala ere eskaertu nahi izan du.
Erasunek azaldu duenez, gaur egun pilota modalitate horiek Gipuzkoan zabaldu xamar daude eta txapelketa ere egiten da beste lurraldeetakoek duten maila ikusi eta hartu-emanaren bidez kirola indartzea dute helburu: «Topaketa hauetan modalitateak indartuz beste lurraldeetan ere txapelketak egitera animatzea lortu nahi dugu. Etorkizunean Euskal Herriko Txapelketa bat antolatzeko». Larunbatean 30 kirolari izango dira; 13 urritasun fisikoa dutenak eta 17 adimen urritasuna dutenak.