Kadagua ibaiaren inguruari balioa emateko planari buruzko herritarren partaidetzazko jardunaldiak antolatu ditu Barakaldoko Garapen Jasangarria eta Ingurumen Naturala arloak

0

Kadagua ibaiaren inguruari balio emateko plana taxutzearen karietara,  herritarrek parte hartzeko hiru jardunaldi prestatu ditu Alba Delgadok zuzentzen duen Garapen Jasangarria eta Ingurumen Naturala arloak. Auzotar orori zuzendutako ekintzoi, duela gutxi inguruko hiru ikastetxetan berriki eskaini diren mintzaldiak eta kolektibo ekologista eta auzo batzordeekin eta enpresekin egindako batzarrak gehitzen zaizkie.

«Zorionekoa da Barakaldo hiru ibaiek besarkatzen baitute hiria.  Urban-Galindo planari esker berraurkitu genuen Itsasadarra, eta gure gainerako ibai-ibilguak hobetzeko lanean dihardugu, Castaños bernaturalizatzeko   eta Kadaguarako prestatzen ari garen planaren gisako ekimenek egiaztatzen dutenez», gogoratu du Delgadok.

Hiri Paisaiaren Ekintza Planak N-634 errepidea eta Deabruaren zubiaren arteko tartea barne hartzen du: hiri-landa trantsizioko inguru bat, egun hondatuta dagoena,  industria-aurriz, antzinako egoitza-eraikinez eta landa inbaditzailez josia.  Hala ere, baditu balio historiko handiko elementuak, hala nola erdi aroko galtzada, Zubileta dorrea, Deabruaren zubia, Santa Agata ermita edo Larrazabalgo eskola ohiak.

Egoeraren diagnosia egin ostean, orain taxutze-fasean da Plana, eta horregatik nahi du Alba Delgadok herritarrek parte hartzea.

Azken asteotan, hiru topaketa egin dira Burtzeñako Errosarioko Amaren eta Gurutzetako Salestarren ikastetxeetan, zeintzuetan Lehen Hezkuntzako 5. mailako eskola-umeek planari buruzko ideiak mahairatu dituzten eta bat etorri diren mugikortasun alorrean eta ekonomia zirkularrarenean neurriak hartu beharrarekin.

AURKEZPENAK ETA PASEO-BISITA INGURUAN BARRENA
Orain, herritar guztiei zabalduko zaio prozesua. Ostegunean, ekainak 9, arratseko 19:00etan emango zaio hasiera herritarrek parte hartzeko jardunaldiei antzinako Larrazabalgo Eskoletan, eta asteartean, berriz, ekainak 14, arratseko 18:00etan, jarraituko, Burtzeñako Kultur Etxean.  «Kasu bietan, era honetako planak zertan dautzan azaltzeko saio bat egingo da aldez aurretik, eta ondoren, hitza emango zaie auzotarrei beraiei, egoki deritzena esan dezaten», adierazi du Alba Delgadok.

Horrez gainera, ostiralerako, ekainak 17, paseo-bisita prestatu da ingurura, 18:00etatik aurrera. Kastrexanako Deabruaren zubitik hasiko da ibilbidea, eta Burtzeñan amaituko, N-634aren aldamenean.

«Barakaldar guztiak animatu nahi ditut jardunaldietan parte hartzera, eta nork bere hari koxkorra ekartzera.  Kadaguaren ibaiertza berreskuratu behar dugu, eta, bereziki, Zubiletako ingurua herritarrek hartaz goza daitezen, paisaia inklusibo eta ingurumen-balio handiko bihurtuz», esanez amaitu du Garapen jasangarria eta Ingurumen naturala arloko zinegotziak.