Zuzenean zerbitzuak paperezko dokumentazioa digitalizatuko du

0

Zuzenean, Eusko Jaurlaritzako herritarrentzako arreta zerbitzuak, amaiera eman dio herritarrek aurkeztutako paperak eta dokumentuak jaso eta gordailutzeari, eta formatu digitalean bakarrik gordetzen hasi da. Horrela, paperik gabeko bulego eta zerbitzu baterantz aurrerapausoa egin du, datuen biltegiratzea eta komunikazioa hobetzeko eskura dauden teknologia berriak aprobetxatuz. Neurri horrek ingurumena babesten laguntzeaz gain, informazio konfidentziala babesteko eraginkortasuna eta segurtasun maila ere hobetzen ditu.

Orain arte, Zuzenean zerbitzuko bulegoetako langileek beren bulegoetara izapide edo administrazio prozedura bat egitera joaten zen pertsonak emandako dokumentua edo papera gorde dute, baina hilabete honetatik aurrera interesdunari itzultzen hasi dira, behin  dokumentu digital bihurtuta, administrazio espediente elektronikoan sartzeko. Eskaneatu ondoren, dokumentua automatikoki bidaltzen da zerbitzarira edo dagokion hodeira, eta beharrezkoa denean erraz eskura daiteke, arreta bulegoetan utzitako paperen artean bilatu beharrik izan gabe.

Papera murrizten duen heinean, digitalera aldatzeak kudeaketa berdeagoa eta garbiagoa ahalbidetzen du, baina, gainera, eraginkortasunaren ikuspegitik balio erantsia eskaintzen du. Lan antolatuagoa ahalbidetzen du, bai eta dokumentuak trukatzea eta hainbat kokapen eta gailutatik haietara sartzea. Gainera, digitalean kudeatzeak segurtasun handiagoa ematen du, formatu digitalean gordetako isilpeko informaziorako sarbidea babestea errazagoa delako, baimena duten langileek baino ezin dituztelako datu konfidentzialak eskuratu.

Zuzenean zerbitzuak herritarrek egin behar dituzten izapideei buruzko informazioa ematen du, baita izapide horiek betetzeko aholkuak ere, kasuan kasuko administrazio prozedurari dagokion dokumentazioa jasotzen du eta herritarrek, enpresek eta Administrazioarekin lotutako erakundeek aurkeztutako dokumentazioaren sarrera eta irteera erregistroa egiten du.