AUKERAGUNEA

0

Bilboko Udalak gaur goizean inauguratu du AUKERAGUNE, adinduen bakardadeari aurre egiteko eta eguneko arretako eta parte hartze komunitarioko lehen zentroa Bilbon.

Juan Mari Aburto alkatea Otxarkoaga auzoko Zizeruene kaleko 4. zenbakian dagoen baliabide berri horretara hurbildu da, nola jarduten den ezagutzearren; berarekin batera izan dira Juan Ibarretxe eta Iñigo Zubizarreta zinegotziak eta Kontxi Claver Gizarte Ekintzako zuzendaria, udal korporazioko beste kide batzuekin batera. Era berean, BBK Fundazioaren ordezkariak ere izan dira ikustaldian.

Proiektu berritzaile bat da, zaurgarritasun edo bakardade egoeran dauden 80 pertsonari eskain diezaioke zuzeneko arreta, eta, halaber, asmoa da Otxarkoaga inguruko auzoetako 2.000 pertsona adindu baino gehiagorekin lan egin ahal izatea, hala nola Txurdinaga, Santutxu, Begoña, Bolueta, Uribarri eta Zurbaran auzoak.

Ikustaldiaren ostean, alkateak aintzat hartu du udal baliabide berri honek Uriari egingo dion ekarpena, 83.000 adineko baino gehiago baitaude (65 urte baino gehiagokoak) urian, eta gizatalde horretan bakardade gura gabekoaren kasuak ager baitaitezke, «joandako urteotan, Udalak indar handiagoa egin du uriko adinduen artean gura gabeko bakardadearen egoerak gutxitzeko ekintzak eta programak abian jartzeko. Eta zentro hau aliatu handi bat izan daiteke egoera horri aurre egiteko. Gure nahia da AUKERAGUNEn pertsonek biziarekin bat egitea ostera ere, eta gizarte harremanak izatea ostera ere. Era horretan, uriko bizimoduan parte hartzen jarraitu ahal izango dute, eta komunitatearen ongizateari laguntzen. Uste osoa dugu zaurgarritasunaren prebentzioa dela pertsonen autonomia sustatzeko eta jagoteko bideetako bat».

ERABILTZAILEAK NORTZUK IZAN DAITEZKEEN JAKITEA

Zerbitzua erabil dezaketen pertsonak nortzuk izan daitezkeen jakiteko, «Begirada Aktibo Berria» udal programa eta Gizarte Zerbitzuak baliatzen dira. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak funtsezkoak dira programara sartu ahal izateko, eta orobat Aukeraguneren erabiltzaileen beharrizanei konponbideak bilatzeko. Gizarte langile batek eta KONEKTORE KOMUNITARIOEK (figura berria eta aitzindaria da, Begirada Aktibo Berria izeneko programaren barruan sortua) landa-lana egingo dute, zentroaren erabiltzaile izan daitezkeenak zentrora hurbilarazteko, eta, han, azterketa bat egingo zaie, haiei eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik igorritakoei, proiektuak parte hartzeko egokiak direnetz ikusteko.

Era berean, Udalak beste bide bat izan dezake Aukeragune zentroaren bidez, adinduak Gizarte Zerbitzuetan sar daitezen edo harremanetan jar daitezen, «eta, beraz, zentro adeitsua eta erakargarria izan behar du, bizimodu aktiborako gonbita egiten duena«, zehaztu du.

Horrez gain, barrutietako elkarte-sarearen lankidetza ere izango du. Izan ere, Aukeragune zentroaren helburuak lotuta daude inguruarekin, auzoetako bizitzarekin, eta, hala, beste kolektibo eta baliabide batzuekiko harremana susta dezake, zentrotik kanpora ere jarduerak garatzeko, direla zentroarenak berarenak edo beste entitate batzuekin elkarlanean.

Proiektu hau 65 urte baino gehiagoko pertsonentzat da, baldin eta mendekotasun, zaurgarritasun sozial edo bakartze sozialeko eta/edo bakardadeko egoeran badaude. Erabiltzaileak, gehien batean, bakarrik bizi dira, baina badituzte laguntza formalak eta informalak beren etxean bizitzen jarraitzeko, eta badaukate gaitasuna ere zentrora beren kabuz edo senideen edo lagunen laguntzarekin etortzeko.

Zentroan parte hartuko duten pertsonen zer-nolakoaz, gizarte laguntzaileek adierazi dutenez, «arazo orokorra da, zaurgarritasun sozialeko egoeran edo arriskuan dauden adinduen artean edo mendekotasun maila ertaina dutenen artean, haien ongizate bio-psiko-soziala urriturik izatea prebentzio-ekintzarik ezagatik.» Hala, bada, programa honekin, Udalak lagundu egin dezake mendekotasun eta zaurgarritasun arriskuan edo I. mailako mendekotasun egoeran dauden adinduen autonomia maila hobetzen edo iraunarazten, haien andeatzea prebenitzen eta bakardade eta bakartze egoerei aurre egiten.

Bilboko Udalak, 65 urte baino gehiagoko bilbotarren artean bakardade egoerak urritzearren, uste du berebiziko ardura duela egoera horiek hautemateak eta erantzun koordinatu bat ematen saiatzeak, eta bakartze/bakardade egoerak saihestea eta zahartze aktibo eta osasungarri baten alde eginez esku hartzea

ASTEROKO JARDUERAK

Zentro horretan egingo diren esku hartze eta jarduerez den bezainbatean, nagusiki digitalizazioaren, funtzionaltasunaren, kulturaren, ezagumenduaren, harremanen eta emozioen arlokoak dira.

Aste honetarako aurreikusitako jarduera-plana hiru jarduera dakartza: BARRETERAPIA, MUGI ADIN ETA MEMENTIA. Alkatea ikustaldia egiten izan den bitartean, zentroan zegoen adindu-taldea azken jarduera hori ari zen praktikatzen, Mementia izenekoa: jarduera horretan, gaitasun kognitiboak lantzen dira, eta oroimenaren errendimendua hobetzeko teknologiak baliatzen dira, eguneroko bizimoduan hartutako ezagutzak eta ohiturak transmitituz. Era berean, gaur goizean, Barreterapian parte hartzen izan dira, zeinaren bidez mina, estresa eta sentimendu txarrak arintzen baitira, eta, azken batean, ongizatea hobetzen.

Jarduera-programa erabiltzaileen euren eskaeraren arabera diseinatuko da, zeren eta, adierazi dutenez: «Aukeragune zentroa irekita egongo da aldaketaren aurrean, eta jardueren programa ere aldatuko du, pertsonen eta haien beharrizanen eboluzioaren arabera.» Hasiera batean, beharrizan, ardura eta interes horiei guztiei buruz, hauek proposatu dira: gaitze digitala, psikomotrizitatea, gorputz ariketa eta ohitura osasungarriak, kultur bisitak, euskara eskolak, oroimena lantzeko entrenamenduak, kafe-guneak (kafe bat hartuz hitzaldiak entzutea) eta mindfulness delakoa.

Udalak eta BBK Fundazioak jarraituki analizatuko dituzte esperientzia honen emaitzak, Bilborentzat erreferentea izango den eguneko arretako eta parte hartze komunitarioko zerbitzu bat sustatzearren. BBK Fundazioa proiektu honekin lankidetzan jardun da, zentroko espazioak garatzeko eta lagatzeko eginkizunean.

INFORMAZIOA AUKERAGUNE ZENTROARENTZAT

Ordutegia:

    • Udako ordutegia: 8:00etatik 15:00etara

 

    • Neguko ordutegia: 8:00etatik 18:00etara

 

Zentroarekin harremanetan jartzeko:

    • Telefonoa: 94 401 69 28

 

    • Helbidea: Zizeruena kalea, 4 (Otxarkoaga)

 

► Baliabideak pertsona edadetu guztientzat daude irekita, baldin eta bakardade egoera batean badaude eta laguntza behar badute beren zaurgarritasun soziala arintzeko eta saihesteko. Interesdunek Bilboko Udalaren Oinarriko Gizarte Zerbitzuetara jo dezakete harremanetan jartzera, edo 94 420 59 63 / 94 420 48 04 telefonoetara deitu dezakete.

SARE SOZIALAK: