Bingen Zupiria sailburuak «Gazteen ahotsak: Hizkuntza-ideologiak eta kultur aniztasuna» mintegiari hasiera eman dio gaur

0

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta EHUk elkarlanean antolatu dute “Gazteen ahotsak: hizkuntza-Ideologiak eta kultur aniztasuna” izeneko mintegia. Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazio zuzendariak eta Agurtzane Elordui EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleak elkarlanean zuzendu dute EHUren Udako Ikastaroen barnean antolatutako mintegi hau.

Topaketaren helburua testuinguru kulturaniztunetan bizi diren gazteen hizkuntza ideologiak aztertzea da. Euskal gazteak eta euskara ardatz dituzten ikerketak izango dira mintzagai nagusi baina nazioartean izen handia duten ikerlariek ere parte hartuko dute eta katalana, irlandera eta galegoaren kasua ere aztertuko da.

Egunerokoan testuinguru kulturaniztunetan bizi diren gazteentzat, zer-nolako esanahi eta funtzio soziala dute euskara, katalana edo galegoa bezalako hizkuntza txikiek? Zer leku dute hizkuntza horiek haien tokian tokiko kultur jardueretan eta hartu-eman birtualetan? Tokiz haraindiko korronte ideologiko eta kultural berriek, zein eragin dute gazte horiek egiten dituzten hizkuntza-hautuetan? eta haien hizkuntza horien inguruan dituzten ikuspegietan? Galdera horien inguruan hausnartzea izango da mintegiaren helburua.

Mintegiaren hasiera ekitaldian Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez “korronte digital handi baten ingurumarian, gazte identitate asko eta askotarikoak sortzen ari dira. Lekuko edo tokiko harremanak gainditu eta nazioartera, eremu digitalera edo lan esparrura begira jarriz elikatzen ari gara gure identitatea. Gazteak ere bai. Ezaugarri horiek, beste askoren artean, eragin zuzena dute gure hizkuntzen erabileran. Euskarak hizkuntza gutxitu moduan duen posizionamenduaz, euskaldun elebidun edo eleaniztunaren identitateaz, harreman kultur anitzez, kultur artekotasunaz… aritzea ezinbestekoa dela esan nahi du horrek guztiak” . Zupiriak gaineratu duenez “gertaera horiek guztiak ez dira euskal gizartean bakarrik gertatzen ari; Europako eta, oro har, mendebaldeko gizartearen ezaugarri ere badira. Egoeraren irakurketa egiten denean eta irakurketa horren ondorioz proposatutako neurriak hartzen direnean, testuinguru hori ere kontuan izan behar da ezinbestean. Izan ere, aldaketa horiek guztiek badute eraginik euskararen bilakaeran, eta izaten jarraituko dute datozen hamarkadatan ere”.