Euskara Hizkuntza Teknologietan integratzea helburu duen GAITU- Hizkuntza Teknologien ekintza plana 2021-2024 aurkeztu du Zupiriak Eusko Legebiltzarrean

0

GAITU-Hizkuntza Teknologien ekintza plana 2021-2024 aurkeztu du gaur Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean. Sailburuarekin batera Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea izan da Legebiltzarrean.  Euskara Hizkuntza-Teknologietan integratzea da Hizkuntza Teknologien ekintza planaren helburu nagusia eta horretarako Eusko Jaurlaritzan eta bere erakunde autonomiadunetan abiatuta edo abiatzear dauden proiektuak biltzen ditu beti ere, administrazio publikoak hizkuntza-teknologien bultzatzaile izateko. Gobernu Kontseiluak apirilaren 26an onartu zuen GAITU izeneko plan hau eta aste horretan bertan aurkeztu zen hedabideen aurrean ere. Euskararen Aholku Batzordeak ere jaso badu bere berri.

Idatzizko zein ahozko hizkuntza prozesatzea da hizkuntza teknologien helburua. Adimen artifizialaren atalak diren Hizkuntza Prozesamendua eta Itzulpen Automatikoa dira Hizkuntza-Teknologiak. Gaur aurkeztutako ekintza-planaren helburua administrazio publikoek hizkuntza naturala prozesatzeko teknologiak, baita itzulpen-automatikoarenak ere, beraien eguneroko jardunean txertatzea da, beti ere, zerbitzu publikoaren kalitatea eta gaitasuna hobetzeko. Administrazioaren kudeaketa publiko elebidunaren jardueraren testuinguruan sortutako hizkuntza-baliabideak biltzea, estandarizatzea, zabaltzea eta berrerabiltzea sustatu nahi da ekintza-planari esker.

Hizkuntza Teknologien Ekintza Plana garatzeko Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zortzi eremu estrategikoetako arduradunekin egin ditu bilerak: Administrazioa elektronikoa; hezkuntza; helduen euskalduntzea; osasungintza; justizia; turismoa; kultura, hedabideak, humanitate digitalak eta liburutegi digitalak; eta segurtasuna. Arlo guzti horietan Hizkuntza-teknologiak erabilita, garatzen ari diren proiektuak eta legegintzaldian garatuko direnek jasotzen ditu agiriak.

Bingen Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean adierazi duenez “gure hizkuntzaren etorkizuna eta biziraupena, neurri handi batean, hizkuntza teknologien esparruan erabakiko da. Jorratu beharreko esparrua beraz, ezinbestean. Eta aldi berean, euskararen normalizazioa helburu dugun heinean, aukera zabalak eskaintzen dituen esparrua ere bada” eta gaineratu duenez “Hizkuntza-teknologietan aurrera egiteko eta euskara garapen handiko Europako hizkuntzen artean jartzeko egin dugu GAITU-Hizkuntza Teknologien ekintza plana”. Ekintza plan honek hamar helburu nagusi zehazten ditu:

    1. Administrazioan oinarriak jartzea Hizkuntza-teknologiak arlo estrategikoetan modu transbertsalean, garatzen eta txertatzen joateko, horrela, Adimen artifizialaren ekosistema sortzeko baldintzak jarriz.

 

    1. Lankidetza eta koordinazioa bultzatzea, sinergiak aprobetxatzeko, ekintzak sinkronizatzeko, erredundantziak saihesteko eta, azken finean, herritarrei zerbitzu publiko hobea emateko.

 

    1. Itsasargi-proiektuak bideratzea eta gauzatzea administrazio publikoak trakzioa izan behar baitira.

 

    1. Euskarak kalitateko hizkuntza-teknologiak garatzeko behar dituen baliabideak sortu eta agente interesdun guztien eskura jartzeko bidea egitea.

 

    1. Gure administrazio publikoa elebiduna izanda, garapen teknolinguistikoari dagokionez, gaztelania eta euskararen artean dagoen distantzia murriztea.

 

    1. 2021-2024 aldian garatzen ari diren eta garatuko diren proiektuak jasotzea eta ezagutaraztea, baita etorkizunean garatu beharko liratekeenak ere.

 

    1. Hizkuntza-teknologien eragin positiboa ikusgai jartzea.

 

    1. EAEko Hizkuntza-teknologien industrien sektorea indartzea lankidetza publiko-pribatua bultzatuz eta indartuz.

 

    1. Euskarari dagokionez, Adimen artifizialaren garapen jasangarria, integratzailea, segurua eta bidezkoa sustatzea. Beste hizkuntzetan garatuta dauden tresnak, adibidez, elkarrizketa-laguntzaileak eta chatbot-ak, euskaldunek ere eskura eta erabilgarri izatea.

 

    1. Ekintza-planaren koordinaziorako eta jarraipenerako mekanismoak ezartzea. Halaber, lagunduko du arlo desberdinetan dauden premiak eta beharrak atzematen.

 

Ekintza planean estrategikotzat jo diren eremuetako arduradunekin Eusko Jaurlaritzako sailen artean elkarlana sustatuko da, estrategia komunak bilatuz, ideiak trukatuz, baliabideak eta tresnak partekatuz, premiak eta beharrak elkarrekin aztertuz eta lanerako baliabideak proposatuz.

25 proiektu

Gaur egun Hizkuntza Teknologien Ekintza Planak 25 itsasargi-proiektu biltzen ditu baina  legegintzaldian zehar proiektu gehiago gehitu daitezke ekintza plana irekia delako, moldagarria, eta etengabe moldatzen joango dena. 25 proiektu horiek transbertsalak dira, beti ere, lankidetza eta koordinazioa bultzatzeko helburuz bildutakoak.

Ekintza –planak biltzen dituen proiektuen artean daude besteak beste, ITZULI itzultzaile neuronala hobetzen jarraitzea, helduen euskalduntzerako ikas-plataforma integratu bat sortzea; itzultzaile neuronal judiziala sortzea; Osakidetzako testu klinikoen itzultzaile automatiko neuronala garatzea; administrazioek sortzen dituzten hizkuntza-corpusak biltzea edota adimen artifizialaren oinarria diren datu guztiak bildu eta berrerabiltzeko moduan eskaintzeko Datuaren Bulegoa sortzea.

Hizkuntza Teknologien Ekintza Planak 4,6 milioiko hasierako aurrekontua du (zenbait proiekturen kasuan aurrekontua zehazteke dago) baina irekia eta moldagarria den heinean proiektuak garatu ahala eta ekintza-planera egitasmo berriak bildu ahala kopuru hori aldatuz joango da.

Ekintza planaren jarraipena ere egingo da. Euskara Sustatzeko zuzendaritzak informazioa eman duten Eusko Jaurlaritzako sail desberdinen bitartez egingo du jarraipen hori.

Testuingurua

Eusko Jaurlaritzaren  2020-2024 legealdirako Gobernu Programak bere 118. Konpromisotzat zehazten du “Euskararen ezagutza areagotzea eta, batez ere, euskararen erabilera azpimarratzea gizarte eta kultura-eremuetan, eremu ekonomikoetan, digitalean eta sektore publikoan”. Konpromiso horrek bere barneko ekinbide bezala hartzen du “Hizkuntza Teknologien Ekintza Plana onestea eta garatzea eta euskararen presentzia, euskarazko edukien sorkuntza eta horien ingurune digitaleko erabilera sustatzea”. Euskararen Aholku Batzordearen Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko Batzorde-atal bereziak landutako “Euskararen Ingurune Digitala, Gomendioak 2021-2024” dokumentuan ere biltzen da Hizkuntza Teknologien plana zehaztu eta idazteko konpromisoa.

Ekintza plan hau Eusko Jaurlaritzak martxan dituen beste egitasmo birekin ere uztartzen da. Batetik Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak 2021ean onartutako “Euskadiko Eraldaketa Digitalerako Estrategia 2025” delakoarekin garapena da. Izan ere, estrategia horretan adimen artifiziala aipatzen da palanka teknologiko bezala eta gainera Hizkuntza Teknologien Ekintza Planak Euskadiko Eraldaketa Digitalerako Estrategian jasotako aplikazio esparruen premiei ere erantzuten die.

Ekintza plan honek Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailak 2021ean argitaratutako “ARDATZ Gobernantzaren, Berrikuntza Publikoaren eta Gobernu Digitalaren Plan Estrategikoa 2030” delakoarekin ere egiten du bat. Izan ere bi planek hainbat ekimen partekatzen dituzte eta.

Hiru egitasmoek bat egiten dute baita Lehendakaritzatik garatutako “Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana Euskadi 2030” izenekoarekin. Guztiak dira elkarren osagarri eta helburu komunak dituzte.