Eusko Jaurlaritzak milioi bat euro inguru inbertitu ditu 2020az geroztik Arabako Lautadan landa-garapeneko 30 proiektutan eta 3 milioitik gorako inbertsioak sortu ditu

0
Eusko Jaurlaritzako eta eskualdeko udalerrietako eta Lautada LGEko ordezkariak landa-garapeneko hainbat proiektu ikusten izan dira gaur goizean, finantzazio publikoaren bidez, Arabako Lautadan garatzen ari diren ekimenak ezagutzeko. Besteak beste, Araiako aterpetxe berria, Dronetikan Airworks (Zalduondo), eta Ingravity Dreams (Maturana) bisitatu dituzte.

Bisitan, Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea eta Jone Fernández Landaren, Itsasertzaren eta Europar Politiken zuzendaria izan dira. Horiekin batera Lautada Landa Garapenerako Elkarteko (LGE) ordezkariak eta inguruko udaletako alkateen ordezkaritza zabala ere izan da, EREIN eta LEADER programen onura jaso duten proiektuak gertutik ezagutzeko.

Laguntza horiek udalerrien sustapena, garapena eta dibertsifikazio ekonomikoa babesten dute, landa-mailaren arabera, eta honako helburu hauek dituzte: enpresak sortzea, handitzea eta modernizatzea, besteren konturako kontratazioa, oinarrizko azpiegiturak eta zerbitzuak eraikitzea eta konpontzea, turismoa sustatzea, etxebizitza eskuratzeko aukerak hobetzea eta bizi-kalitatea hobetzea.

ARABAKO LAUTADAKO DATUAK

2020-2021 urteen artean, eskualdeak milioi bat euro inguruko landa»garapeneko laguntzak jaso ditu 30 proiektutarako, eta hiru milioi euro baino gehixeagoko inbertsioak aurreikusi dituzte.

Zenbateko horretatik, 932.800 euro LEADER programari lotutako onespenei dagozkie, eta 27 proiektu finantzatzeko erabili dira (horietatik 22 publikoak). Proiektu horiek hiru milioi inguruko inbertsioak aurreikusten dituzte, herrietako bizi-kalitatea hobetzeko, besteak beste, eskolak birgaituta, erabilera anitzeko zentroak sortuta, eguneko arretarako landa-zentrorako eraikina egokituta eta udal-eraikinetarako eguzki-energia instalatuta.

Bost proiektu pribatuak honako hauek izan dira: makinak konpontzeko tailerra, ingelesezko hezkuntza-zerbitzuak ematen dituen enpresa, abeltzaintzako ustiategiak monitorizatzeko loT gailuak sortzeko enpresa, animalientzako fisioterapia-materialen biltegia eta denda.

Gainerako laguntzak hiru proiektu publikori egokitu zaizkie: dirulaguntzaren xede diren 43.000 euro inguruko inbertsioak egin dituzte eta 15.000 eurotik gorako dirulaguntzak jaso dituzte EREIN programaren bidez. EREINen proiektu horien artean, nabarmendu behar da, adibide gisa, kirol-ekipamenduen hobekuntza edo gizarte-zentroetarako altzarien hornidura.

Egungo ekitaldian, bi programak izapidetze aldian daude. LEADER deialdira Lautadako 45 eskaera aurkeztu dira eta 9,5 milioi inguruko inbertsioak aurreikusten dituzte. EREINi dagokionez, sustatzaile publikoek egindako bi eskaera aztertzen ari gara. 1,6 milioitik gorako inbertsioak proposatu dituzte.

MENDINET

LEADER laguntzak Mendinet Tokiko Ekintza Taldeak kudeatzen ditu; erakunde hori Euskadiko Landa Garapenerako 18 elkarteek (LGE) eta Eusko Jaurlaritzaren mendeko Hazi Fundazioak osatzen dute. Bere egitekoa da eremu horien garapen ekonomikoa erraztea, landa-inguruneko biztanleriari eustea sustatzeko, jarduteko biztanleria- eta lurralde-oinarria zabalduz, enplegu»aukerak sustatuta eta haien bizi-kalitatea hobetzeko ekipamenduak eta zerbitzuak hornituta. Hori guztia estrategia berritzaile baten bidez, garapen jasangarri integratu eta kalitatezkoa hartzen dituena.

Lautada da Arabako Lautadako LGEa. Landa Garapeneko Planeko hiru esparru estrategikotan egiten du lan: lautadaren eskualde-kohesioa, jarduera ekonomikoaren sustapena eta garapen iraunkorra, hainbat arlotan, besteak beste, lurralde-antolamenduan, nekazaritzan eta basogintzan, osasunean, ingurumenean edo turismoan. Horretarako, hainbat proiektu eta programa jarri ditu martxan, eskualdearentzat ezarritako helburuak lortzen laguntzeko, eta, gainera, landa-garapenerako laguntzak kudeatzeko, biztanleen bizi-kalitatea, duintasuna eta nortasuna hobetuz.

Arabako Lautadako Eskualdeak Agurain, Dulantzi, Asparrena Barrundia, Burgelu, Iruraiz-Gauna, San, Millan/Donemiliaga eta Zalduondo udalerrientzat egiten du lan. Guztira, 67 gune daude 395 km2-ko azaleran. 13.000 biztanle inguru daude.

IKUSI DIREN PROIEKTUAK

Arabako Lautadako zinegotziekin bilera ILARDUIAKO ERABILERA ANITZEKO ZENTRO SOZIOKULTURALEAN egin da. Zentro hau ere Leader 2019 proiektua da. Horrez gain, goizean zehar bisitatu diren proiektuak aukeratzeko kontuan hartu da zein eratakoak diren, ahalik eta tipologia anitzenera iriste aldera: hezkuntza-zerbitzua, etxebizitza, jarduera ekonomikoa eta turismoa.

ARAIAKO ATERPETXEA

2021eko Leader proiektua da. Erabiltzen ez den udal-eraikin bat birgaitu eta egokitu da, 16 lagunentzako udal-aterpetxe gisa erabiltzeko eta ekainaren 3an inauguratu zen. Establezimendu pribaturik ez dagoenez, udalerrian gaua igarotzeko eskariek eragin dute proiektu hau. Tokiko ekonomia eta enplegua sendotzeko asmoa ere badu. Mendizale eta bisitari ugari joaten dira Araiatik Aizkorri-Aratz Parke Naturalera eta Inaziotar Bidea eta Donejakue Bidea ere hemendik igarotzen direnez, azpiegitura honek udalerriko zein eskualdeko eskaintza turistikoa sendotzeko balio du.

Aurkeztutako inbertsioa 116.904,33 eurokoa izan zen, eta LEADER 2021etik jasotako laguntza 60.790,25 eurokoa.

DRONETIKAN AIRWORKS S.C. (ZALDUONDO)

Zalduondoko eta Aguraingo bi gaztek osatutako enpresa pribatua da, ikus-entzunezkoak ekoizten dituzte eta droneekin aireko lanetan aritzen dira. Zalduondoko enpresa-hazitegian dago kokatuta.

Helburu nagusia da gabeziak betetzea eta hainbat sektoretan lan egiteko modua hobetzea, droneen teknologia hainbat esparrutan aplika baitaiteke:

    • Airetiko publizitatea, streaming bidezko eta telebistako emanaldiak, enpresentzako bideo korporatiboak, kirol-ekitaldiak, publizitate-iragarkiak, musikalak,

 

    • I+G ikerketa eta garapeneko jarduerak: aerosorgailuak konpontzea, obrak kontrolatzea, estalkiak eta fatxadak ikuskatzea, kartografia, etab.

 

    • Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapenak kontrolatzea

 

    • Basoko suteak, trafikoa behatzea eta zaintzea.

 

    • Hondamendi natural baten ondoren edo galdu diren pertsonen inguruko larrialdiak, bilaketa eta salbamendu operazioak.

 

LEADER 2018 bidez finantzatutako proiektu berritzailea da,16.268,03 € jaso zituen.

INGRAVITY DREAMS S.COOP. PEQ (MATURANA)

2015ean Maturanan eratutako kooperatiba txikia da eta animalien ongizaterako terapia osagarri naturalak eskaintzen ditu: igerileku estalia eta klimatizatua, urpeko zinta, animalien garezur-terapia sakrala, animalien akupuntura, gimnasioa, etab.

2021ean jarduera zabaltzeko proiektua aurkeztu zuten, animalientzako fisioterapia-materialaren biltegia, denda eta prestakuntza-gela irekia. Azpiegitura aprobetxatuz, plaka fotovoltaikoak jarri ziren eraginkorragoak eta berdeagoak izateko eta karbono-aztarna gutxiago sortzeko eta buruaskiak izan ahal izateko.

Proiektu honen inbertsioa 56.565,59 eurokoa izan da, eta LEADERetik 16.556,73 euroko laguntza jaso du.

TALLER JONATAN GASTEASORO (LANGARIKA)

Langarikako nekazari bat da, nekazaritzako konponketa-tailer mugikorra abiatu du furgoneta batean, eta matxura gertatu den lekuan edo bezeroaren etxean bertan konpontzen du.

Proiektu hau pandemiaren hasieran jarri zen martxan, 2020ko otsailean, 8.636,37 euroko inbertsio eginda eta 2.236,66 euroko laguntza jaso zuen LEADERetik.