Gotzone Sagardui: «Euskadiko herritarrek kalitatezko osasun-arreta izaten jarraituko dute Osakidetzan»

0

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuari elkarrizketa egin diote gaur goizean Radio Euskadiko «Boulevard» saioan. Bertan, euskal herritarrek Osakidetzan kalitatezko osasun-arreta izaten jarraituko dutela ziurtatu du.

Udari eta datozen hilabeteei begira, Gotzone Sagarduik azaldu du ez dela beste urte batzuetan egin ez den ezer egingo, “gure zerbitzuen ordutegi batzuk eskaeraren arabera egokituko dira”. Gainera, nabarmendu du eskuragarri dagoen pertsona oro kontratatu dela, eta kontratatzen jarraituko dela. «Osakidetzaren lehen mailako arretako ateak irekita daude lan egin nahi duen pertsona ororentzat», adierazi du. Hala ere, alor horretan profesionalen defizita dagoela gogorarazi du. Ildo horretan, sailburuak adierazi du Osakidetza eta Osasun Saila lanean ari direla gaur egun dauden eskaintzak eta beharrak egokitzeko.

Hala, Sagarduik azpimarratu du Euskadik erakargarria izaten jarraitzen duela, Osakidetzan prestakuntza egiten dutenen % 80 Euskadin geratzen baitira, “prestakuntza amaitu aurretik lan-kontratu bat eskaintzen zaielako”.

Euskadin erizainak buru dituzten osasun-zentroak edo kontsultategiak egon daitezkeen galdetuta, sailburuak azaldu du aukera hori egingarria dela kolektibo hori gaituta dagoela ziurtatuz. Gogora ekarri duenez, aspalditik ari da Euskadi talde-lanean oinarritutako arreta-eredura aldatzen. Horrek esan nahi du osasun-zentroko profesional bakoitzak (administraria, erizaina, medikuntza…) bere gaitasun guztiak ateratzen dituela pazienteen beharrei erantzuteko, eta, afekzioa larriagotuz gero, hurrengo profesionalari pasatzen diola. Gotzone Sagarduik erizaintzako prestakuntza defendatu du, azken urteetan eboluzionatu duena eta kolektibo horrek biztanleriari kalitatezko erantzuna ematea ahalbidetzen duena

OSAKIDETZAKO LEP

Aurten egiten diren LEPei dagokienez, Osasuneko sailburuak gogorarazi du guztira 3.535 plaza eskaintzen direla, plantilla egonkortzeko helburuarekin. Zehazki, datorren asteburuan 1.610 plazatarako azterketak egingo dira, besteak beste, lehen mailako arretakoak, “eremu hori lehenetsi dugu”. Gainerako kategoriak, bigarren fasea, uztailean egingo dira, eta 78.100 pertsonak baino gehiagok eman dute izena.

MEDIKUNTZA ESPEZIALIZATUA

Prozesu jakin batzuetarako mugitzeko edo lekualdatzeko beharrari dagokionez, sailburuak zehaztu du gero eta espezializatuagoa dagoen medikuntzaren bilakaerara mugatzen dela. Azaldu duenez, puntako tratamenduak daude, eta etorkizunean ere egongo dira, eta leku bakar batean egongo dira, biztanleria zabalari zerbitzua emateko.

PANDEMIA

COVID-19ari buruz, Gotzone Sagarduik gogorarazi du ez dugula ahaztu behar pandemian jarraitzen dugula, eta, beraz, beharrezkoa dela prebentzioari eustea.