UniDibertsitatea ospatuz

0

Ostiralean, ekainak 10, UniDibertsiate Eguna ospatuko da bigarren urtez. LGTB ikuspegia barne hartzen duten Gradu edo Master amaierako lanik onenentzako Empar Pineda sarien banaketa gauzatzeko sortu zen ekitaldia, baina UPV/EHUko aniztasunaren aldeko egun bihurtu da, helburu argi batekin: genero edo orientazioagatiko aniztasuna errespetatuko duen unibertsitate eremua bultzatzea.

Empar Pineda (https://www.ehu.eus/eu/web/berdintasuna-direccionparalaigualdad/-/empar-pineda-biografia) dute izena sariek, aktibista feminista eta LGTB eskubideen defendatzaile nekaezinaren ibilbide luze eta konprometitua aitortzeko. Sarien bultzatzaileetako bat izan zen UPV/EHUko Berdintasunerako Batzordeko kidea den Julen Zabala Alonso, Gipuzkoako Campuseko Liburutegiko Ikaskuntzari Laguntzeko Zerbitzuko arduraduna. Hain zuzen ere, Julen omenduko dute Gipuzkoako Campusean egingo den ekitaldian. Bederatzi lan aurkeztu dira lehiaketaren bigarren ediziora.

Eta euskarazko lan onenerako saria irabazi duen Beñat Gamboaren GrALaz, eta gaztelaniazko onena lortu duen Amaia Villanuevaren MALaz gain, film labur onenerako Unidibertsitate saria ere emango da ekitaldian. Lehiaketa horrek aurrekoen ildo berbera jarraitzen du, eta LGTB+ ikuspegia unibertsitate eta gizarte mailan lantzea du helburu, baina ikasleen konpromisoa ere azpimarratzen du. Edizio honetako saritua Ikusentzunezko Komunikazioko graduko ikasle Imanol Urkijo izan da, ‘Azaleko markak’ izeneko obragatik.

UniDibertsitate Egunean omendua

Julen Zabala, Gipuzkoako Campuseko Liburutegiko Ikaskuntza Laguntzeko Zerbitzuaren arduraduna eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen ordezkaria UPV/EHUko Berdintasunerako Batzordean

julen

Omenaldi sentitua jasoko du UniDibertsitate Egunean, eta “oso pozik” hartu du, batez ere “guztiz ustekabekoa izan delako”. Bere ustez, oso beharrezkoa da “unibertsitateak kontuan hartzea aniztasuna, kasu honetan afektibo-sexuala, bere egunerokotasunaren parte ere badela. Eta guztiz beharrezkoa da LGTBI+ presentzia horrek, bere espazio propioaz gain, unibertsitate-erakundean ahalik eta ikusgarritasun handiena izatea.” Horregatik, uste du sari horiek sortzeak “beste mugarri bat ezartzen duela gure unibertsitatearen balio-sisteman”, eta azpimarratzen du “erakunde horretako kide garenok harro egon gaitezkeela gure unibertsitateaz, LGTBI+ aniztasuna errespetatzen duen lekua delako.”

Joan elkarrizketa osora

Euskarazko lanik onenerako Empar Pineda saria

Beñat Gamboa Setuainen GrALa: (Zuzenbideko gradua, Zuzenbide Fakultatea, Maria Del Rio Peredaren tutoretzapean): ‘Zigor zuzenbideak LGTBIfobia delituak jasaten dituztenei ematen dien babesaren azterketa kritikoa’

beñat

“Ultraeskuinari, eta bere gezur eta gorroto diskurtsoari, hain espazio handia ematen zaio komunikabide nagusietan, non gero eta jende gehiago sentitzen den horrelako diskurtsoak kalean errepikatzeko zilegitasunarekin. Ziur nago hori dela azken aldiko gorroto gertakarien gorakadaren arrazoi nagusietako bat, LGTBIAQ+ kolektiboak, baita beste zenbait kolektibo minoritariok ere pairatu duena, esaterako, pertsona arrazializatuek”, azaldu du Beñat Gamboak. Gaur egun Madrilen aholkularitza enpresa batean dabil lanean. Horregatik, bere ustez, inoiz baino garrantzitsuagoa da gorroto diskurtsoari eta honen ondorioei aurre egitea, kaleetan, hezkuntzan eta baita legearen bitartez ere. Y bere aletxoa jarri nahi izan du GrAL honek, zeinak hauxe baieztatzen lagundu dion: politika kriminala ez da nahikoa LGTBIfobia gorroto delituekin amaitzeko  (Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziaren arabera LGTBIfobia delituen %15a baino gutxiago salatzen da) ,eta funtsezkoa da beste esparru batzuetan neurriak hartzea, hezkuntzan, adibidez, eta espezializatutako elkarteak izatea. “Zuzenbideak gaur egungo gizartera lehenbailehen egokitzeko duen premiazko beharra ikusi dut, ez baita nahikoa Zigor Zuzenbideak, esaterako, pertsona ez bitar baten kontrako eraso bat tipifikatzea, espainiar estatua bera bada pertsona hauen existentzia onartzen ez duena”. Sari hau jasotzeak egindako lanaren errekonozimendua baino gehiago da: “Ikusgarritasun gehiago eman diezaioke lanari eta horrekin batera nire eta lanaren helburua lortzeko bultzada”. “Pozten nau UPV/EHUk Empar Pineda gisako emakume bat, antifrankista, feminista eta LGTBIAQ+ eskubideen aldeko militantea, omentzea. Niretzako, beraz, ohore bat da bere izena daraman sari hau hartzea”, azaldu du.

Gaztelaniazko lanik onenerako Empar Pineda saria

Amaia Villanueva Tuerosen MALa (Psikologia Sanitario Orokorreko Masterra, Psikologia Fakultatekoa, Itziar Alonso Arbiolen tutoretzapean): ‘La influencia del apoyo parental y familiar en la salud mental de las personas jóvenes lesbianas, gays y bisexuales (LGB): una revisión sistemática’ 

amaia

Bere esperientzian oinarrituta aukeratu zuen Amaia Villanuevak gai hori bere Master Amaierako Lanerako. “LGBT gazteak beren sexu-orientazioa ezkutatzeko testuinguruan bizi ohi dira, beldurragatik, lotsagatik, erruagatik…, eta normalean ez dute laguntza-sare sendorik izaten familiatik harago. Horregatik, interesgarria iruditu zitzaidan aztertzea nola eragin lezaketen LGBT gazteen osasun mentalaren emaitzetan guraso-figurek eta familiek emandako babes- edo gaitzespen-jarrerek”, adierazi du. Azterlanaren ondorio nagusien artean, guraso-figurek eta familiak LGBT gazteen ongizatean eragin handia dutela nabarmentzen da. “Horri buruzko ikerketa handiagoa behar den arren, badirudi berdinen gizarte-laguntzak gehiago laguntzen duela norberaren sexu-orientazioa ezagutarazteko prozesuan, eta familiaren onarpenak, berriz, eragin bereizgarria izan dezakeela norberaren onarpeneko barne-prozesuetan”, azaldu du egileak, eta adierazi du sariak ez diela soilik ikusgarritasuna ematen gutxiengo sexualetako pertsonek aurre egin behar dieten esperientzia bereziei, baizik eta, “maila pertsonalean, gai horiek ikertzen jarraitzeko motibazioari ere”. Amaia Villanueva Gestalt terapiari buruzko master bat egiten ari da, eta datorren urtean doktoregoari ekin ahal izatea espero du.

UniDibertsitate saria film labur onenari

Imanol Urkijo Rubio: ‘Azaleko markak’

imanol

‘Azaleko markak’, Imanol Urkijo Rubiok, Ikus-entzunezko Komunikazioko laugarren mailako ikasleak egindako laburmetraia, etxeko indarkeriak, bortxaketek, LGBTI kolektiboak eta osasun mentalak eragindako arazoak eta musikaren onarpenaren, ikusgarritasunaren eta sendatzeko ahalmenaren bidez nola landu eta gainditu daitezkeen aztertzen du. “Etxeko indarkeria  bezalako arazoak daudela aldarrikatu nahi nuen, nik hurbiletik bizi izan baitut, eta arazo horiek gainditu egin daitezke indarkeria hori existitzen dela onartu  ondoren”, azaldu du egileak. “Suizidioa, bestalde, gero eta ohikoagoa da, eta ikusten da nola batzuek ez duten tratatu nahi, ezta psikologo batengana jo ere; horregatik, uste dut gai horiei guztiei eman beharko litzaiekeela duten baino garrantzi handiagoa”, dio Imanol Urkijok. Garaipenak ezustean harrapatu du, eta poz handia eman dio. “Ez nuen espero irabaztea, are gehiago, film laburra lehiaketara aurkeztu nuen jadanik egina nuelako, zortea probatzeagatik”, dio. “Oso pozik nago, irabazteak erakusten dizu egin duzun guztiak zentzua duela, helburu bat duela”, gehitu du.

Azaleko markak‘ film laburra ikusi