Bilboko Udalak handitu egingo du arraun-pabiloia

0

Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak udal entitatearen bidez, handitu egingo du arraun-pabiloia, San Inazio auzoan dagoena.

Obrekin, beste 420 m2 irabaziko ditu, eta, hala, instalazioak, guztira, 2.351 m2 izango ditu.

Lanak beheko solairuan egingo dira, egungo instalazioaren altuera aldatu gabe, eta aukera emango dute gimnasiotarako, aldageletarako eta ontzien hangarraren ingururako lekua handitzeko.

Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak eta Marcos Muro Bilbao Kirolak entitatearen zuzendariak, Aitor Mojas Deustu Arraun Taldearen presidentearekin eta klubeko emakumezko eta gizonezko zenbait arraunlarirekin batera, gaur goizean aurkeztu dituzte, prentsa-aretoan, handitze lan horien xehetasunak.

Erroteta zinegotziak gogorarazi duenez: «Bilboko Udalak arraunaren alde egiten du, kirol estrategikotzat eta Euskal Herriko kiroltzat hartuz». Alde horretatik, Errotetak hau adierazi du: «konpromiso irmoa daukagu Deustu Arraun Taldearen alde, bera baita modalitate honetan ordezkatzen gaituen bakarra. Bat egiten dugu klubaren kirol proiektuarekin eta klubaren nahiarekin, epe ertainean mailarik gorenean lehian aritzeko, hau da, ACT ligan. Jabetzen gara gure helburu horietan aurrera egiteko kalitatezko instalazioak behar ditugula, nahikoa lekurekin, eta arraunean ahalik eta modurik onenena jarduteko behar diren guztiez horniturik», adierazi du.

Horrez gain, Itxaso Errotetak azaldu duenez, instalazioa handitzea «beharrizan bat da», ikusirik Deustu kluba nola hazi den joan diren urteotan. Alde horretatik, Pabiloia 2018an inauguratu zenetik, fitxen kopurua hazi egin da, 98 lizentzia izatetik – 74 gizonezkoen kategorian eta 24 emakumezkoenean– 160 lizentzia izatera –97 gizonezkoetan eta 63 emakumezkoetan–-. «Honela hazita, argi dago oinarriko kirolaren aldeko apustua eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko apustua dela«, amaitu du esanez zinegotziak.

Obra hauek datozen egunotan eskainiko dira lizitazioan, eta asmoa da datorren irailean hastea, eta 2023ko ekainean amaitzea. Tomateraren kluba aritu ahal izango da obrak egin bitartean ere. inbertsioa 1,2 milioi eurokoa izango da.

Obrak klubaren hiru funtsezko gune handitzeko egingo dira, kirol modalitate honen behar eta eskakizunei erantzutearren: gimnasioa, aldagelak eta hangarra.

    • Gimnasioa: gehien handituko den gunea. Obrekin, orain hartzen duen eremua % 63 handituko da, 287 m2-tik 469 m2-ra.Hedadura handiturik, eremuaren banaketa ere aldatuko da, eta L forma hartuko du. Gimnasiorako sarbidea oraingo lekuan egongo da gero ere, baina beste berri bat ere gehituko zaio, banaketako korridoretik, eta leihate handiei esker, kanpoaldeko eta barrualdeko eremuak elkarren agerian egongo dira.

 

    • Aldagelak: orain dauden lau guneak handitu egingo dira; haietako bakoitza orain adinako bi izango da, eta hala, 80 m2 izango du gune bakoitzak. Dutxak ere orain adinako bi izango dira, eta komunen eremu bat ere izango du bakoitzak.

 

    • Hangarra: traineruak gordetzeko lekua izango da, eta, obrekin, beste 100 m2 izango ditu, egungo eremuak baino % 17 gehiago, eta 605 m2 izatetik 711 m2 izatera igaroko da.

 

Hobekuntzen artean, halaber, instalazioen gela ere handituko da, eta aerotermia ekipo berri bat izango du, ur beroaren beharrari erantzuteko, behar handiagoa izango baita dutxak gehituta.

Obrekin, eremu batzuk beste leku batzuetara aldatuko dira, hala nola administrazio gunea, epaileen aldagela eta kabinete medikoa.

ZARANDOA ETOBIDERANTZ HANDITZEA

Arraunketa pabiloia beheko solairuan handituko da, instalazioek gaur duten altuera aldatu gabe, eta, alde horretatik, etorkizunean egin beharrekoak izan litezkeen aldaketei eragin gabe.

Beheko solairua handituta eremu berri bat sortuko da egungo instalazioen kanpoaldeko eremuan, entrenamenduetarako hobiaren eta Zarandoa etorbidearen artean, eta garajetarako erabiliko da, traineruen hangarrarekin lotuta.

Eraikinaren kanpoaldeko itxurak bere horretan iraungo du, eta bolumen trinko bat baino ez da izango, hutsarte batek baizik eteten ez duena, tunel gisa, zeina sarrera nagusia izango baita.

Pabiloiaren iparraldetik larrialdi-irteera bat egingo da.

DEUSTU ARRAUN TALDEA

Deustu Arraun Taldea da Bilboko arraun talde bakarra. Haren trainerua «La Tomatera» izenez ezagutzen da. Kluba 1981ean sortu zen, Zorrotzaurreko erriberako lonja batean. Ondoren, Deustuko zubiaren pean kokatu zen, autobusen garajeen ondoan eta Deustuko HZIaren ondoan. 1983an, Deustuko Botikazar kaleko antzinako garagardotegiaren instalazioetara aldatu zen, dagoeneko desagerturik den zamalekuaren ondora, eta, han, uholdeek triskatu egin zuten. 1984an inauguratu zen Deustuibarreko 10. zenbakiko udal pabiloia.

Juan Mari Aburto alkateak 2018ko irailaren 7an inauguratu zituen egungo instalazioak.

SARE SOZIALAK: