CTT Automociónek 4×4 Ineos Grenadier berriaren txasiserako piezak fabrikatuko ditu

0
PRUEBA

Volkswagen, Renault, Ford, Mercedes edo Stellantis marketako piezen eta ibilgailuen eserlekuek CTT Automoción enpresa bizkaitarraren sinadura daramate. Euskal konpainiak bi hamarkada baino gehiago daramatza metalezko piezak fabrikatzen, metalezko hodiak edo zumitzak oinarri hartuta, batez ere automobilgintza sektorerako.

Gaur egun, euskal enpresak ibilgailu pieza ezberdinak fabrikatzen ditu. “Batez ere ‘Cros Car Beam’ (aurreko panelak) eta eserlekuetarako piezen fabrikazioan espezializatuta gaude. Gure produktua dibertsifikatzeko estrategiaren barruan, berrikuntza gisa, aurten proiektu batekin hasiko gara, eta gure bezeroak mihiztatuko dituen txasis-piezak fabrikatuko ditugu. Horretarako, teknologia berria erabili behar izan dugu”, Rubén Íñiguez gerenteak aurreratu duenez.

Eta lehen piezak 4×4 Ineos Grenadier berriaren txasiserako izango dira, Gestamp bere bezeroak Alemaniako lantegietako batean mihiztatuko duena. Proiektua gauzatzeko, CTT Automoción teknologia berria erabiltzen ari da, “beste motako hodi konformatuen sektore batean sartzea ahalbidetuko diguna, orain arte landu ez dugun arloa”, enpresaren arduradunak ziurtatu duenez.

Bezeroarekin batera produkzio-prozesuan zehar

Enpresa bizkaitarrak Tier-2ko papera du hornidura-katean, eta Benteler, Gestamp, Kirchhoff edo Lear bezalako Europako Tier-1 nagusiak ditu bezero bezala. “Altzairuzko eta zumitzezko hodiak eraldatzen espezializatuta gaude, gure bezeroek beren produktuetan integratzen dituzten piezak fabrikatzeko. Horretarako, hainbat teknologia erabiltzen ditugu, pieza bakoitzaren diseinuaren arabera aplikatzen ditugunak”, laburbildu du Íñiguez Uribarrenek.

CTT Automociónek bezeroei erabateko laguntza eta aholkularitza ematen die prozesu osoan zehar, produktuaren diseinutik hasita eta piezaren entregan bukatuta. Horretarako, hainbat teknologia erabiltzen ditu: kurbatzeko makinak, 2D hodiko laserra, 3D hodiko laserra, 5 ardatz, prentsak edo enpresak garatutako lan-zelulak. “Gure indargunea dira, makina automatiko eta robotizatuetan integratzen diren tresnak garatzen esperientzia handia dugu, serie handiak egiteko erabiltzen direnak”, azpimarratu du Rubén Íñiguezek.

Zaldibarko enpresak bere produktuak eta merkatuak dibertsifikatzea du helburu, esportazioa areagotzeko. “Gaur egun, gure jardueraren % 75 Estatuko merkatuan zentratzen da, eta % 25 AEB, Frantzia, Portugal, Alemania, Eslovakia edo Txekiar Errepublikako esportazioetan. Etorkizunari begira, esportazioa % 45eraino handitzea espero dugu”, gerenteak aurreratu duenez.

Eta bere helburuen artean urteroko fakturazioa handitzea dago. Orain 5,3 milioi euro ingurukoa, 3 urtetan % 20ko igoera espero du enpresak. Gainera, 28 langilez osatutako egungo plantilla handitzea ere espero da, 32 langile izatera iritsi arte epe berean.

Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.