Lehendakariak ziurtatu du hidrogenoaren ekosistema sortzea lehen mailako inbertsioa dela Euskadin

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiarekin batera, “Hidrogeno berriztagarria: energiaren etorkizuna. Industri Eraldaketa eta Trantsizio Justua” jardunaldian parte hartu du gaur goizean. UGT Industria, Eraikuntza eta Nekazaritza Federazioak eta Anastasio de Gracia Fundazioak antolatzen dute eta hidrogenoak etorkizuneko energia jasangarri gisa duen zeregina aztertzea helburu du.

Hidrogeno berdea edo berriztagarria azken urteotan erregai fosilak ordezkatzeko oinarrizko erregai gisa planteatu da, orain arte deskarbonizatzen zailagoak ziren sektoreetan, baita klima-aldaketaren aurkako borrokan egindako ekarpenagatik ere.

Jardunaldiaren gai nagusiaren harira, Urkulluk adierazi du hidrogenoaren ekosistema sortzea lehen mailako inbertsioa dela Euskadin, eta ekosistema horrek energiaren, industriaren, zerbitzuen eta mugikortasunaren sektoreen deskarbonizazioan aurrera egitea ahalbidetuko duela. Gainera, Urkulluren arabera, industriaren eta teknologiaren esparruan aukera berriei ateak irekitzen dizkio.

Gaur egun, hidrogenoa Europako energia-kontsumoaren % 2 baino gutxiago da, eta batez ere produktu kimikoak ekoizteko erabiltzen da, hala nola plastikoak eta ongarriak. Hidrogeno horren % 96 gasaren bidez fabrikatzen da, eta horrek CO2 isuri handiak dakartza.

Europar Batasunaren estrategiak hidrogenoak deskarbonizazioan modu eraginkorrean laguntzeko duen potentziala aztertzen du. Helburu horrekin, Batasunak mila milioi euro bideratuko ditu Clean Hydrogen Partnership ekimenera 2021-2027 epealdian; gutxienez inbertsio pribatuaren kopuru berarekin osatuta.

Lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, Euskadi garapen iraunkorraren ereduarekin konprometitutako erkidegoa da, “lurralde industriala gara, eta gure gain hartzen dugu planetaren oreka berreskuratzen eta 2050erako berotegi-efektuko gasen isurketen neutraltasuna lortzen laguntzeko erantzukizuna”. Hala, Euskadik energia-eraginkortasuneko, energia berriztagarrietan inbertitzeko eta industria-garapeneko eredu bat duela adierazi du. Urkulluren esanetan, eredu horren helburua da industria eta jasangarritasuna bateratzeko energia- eta ingurumen-trantsizio justuari ekitea.

“Hidrogeno berriztagarria: energiaren etorkizuna. Industri Eraldaketa eta Trantsizio Justua” jardunaldia

Ekainaren 9an eta 10ean Bilboko Azkuna Zentroan egingo den jardunaldi honetan, honako erakunde hauetako ordezkariek parte hartuko dute: gobernu zentrala eta Eusko Jaurlaritza, IndustriALL Global Union nazioarteko sindikala, UGT FICA, Kanada, Australia, Japonia, Alemania eta Norvegiako sindikatuak eta klima-aldaketako nazioarteko adituak, energiaren sektoreko enpresetako ordezkariekin batera.

Lehendakariaren arabera, ekimen honek agerian uzten ditu bi errealitate: batetik, energiak gure etorkizunean izango duen zeregin nagusia, bai ongizatearen ikuspegitik, bai industria-garapenaren ikuspegitik; eta, bestetik, energia- eta ingurumen-eraldaketa herri-erronka bat dela uste izatea, estrategia partekatu bat eta eragile guztien lankidetza eskatzen dituena.