Donostiako Tolosa hiribideko bi errei itxiko dira erdibitzaile zati bat eraikitzeko

0

Ekainaren 13tik aurrera, astelehena, hainbat lan egingo dira Zarautz, Bentaberri eta Tolosa hiribidean.

Obrak Tolosa hiribidean hasiko dira, lehendik dagoenari jarraipena emango dion erdibitzaile berriaren zati bat egiteko. Lan horien ondoren, Zarautz kalean bidegorri ibilbide bat sortuko da eta oinezkoen pasabideak egokituko dira.

Tolosa hiribidea

Astelehenean, Tolosa hiribideko erdiko bi erreiak itxiko dira, noranzko bakoitzean bat, erdibitzaile bat egiteko. Antonio Arzak eta Bentaberri kaleen artean, Erdialdeko noranzkoan eta Trento eta Donibane Garazi kaleen artean, hiritik irteteko noranzkoan. Logroño kaletik Erdialdera biratzeko aukera kenduko da.

Ibilgailuek errei bat izango dute noranzko bakoitzean, hirira sartzeko eta handik irteteko.

Zarautz kalea

Lan horiek amaitu ondoren, Zarautz kalekoak egingo dira, noranzko bakarreko bidegorri berria sortuko baita (Karmelo Etxegarai eta Tolosa hiribidearen artean), eta oinezkoentzako pasabideak Bentaberri plazako maila berrietara egokituko dira.

Zarautz kaleko lanak Bentaberri kiroldegia eta Karmelo Etxegarai kalearen arteko tartean hasiko dira. Ondorioz, Zarautz kaleko erreietako bat ezingo da erabili.

Lehen fase horren ondoren, Zarautz kaleko semaforoen kanalizazioarekin hasiko dira Karmelo Etxegarai kalearen eta Tolosa hiribidearen arteko tartean. Horren ondorioz, kalea itxi egingo da, unean uneko mozketekin. Kale horretako garajeetara sartzen utziko da.

Aurrerago, Bentaberri kalean egingo diren lanek trafikoan etenaldi puntualak eragingo dituzte.

2022/06/10-an argitaratua