Ukrainiako gerra dela eta, Eusko Jaurlaritzak aukera emango die enpresei dirulaguntzen ordainketak atzeratzeko eta inbertsioak geroratzeko

0

Eusko Jaurlaritzak aukera emango die enpresei bost programatako dirulaguntzen ordainketak atzeratzeko eta inbertsioak geroratzeko, Ukrainiako inbasioaren ondorioak direla eta, ez dezaten izan likidezia eta kaudimen arazorik. Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak antzeko neurri bat hartu zuen iaz Covid-19ak enpresetan eragin zituen arazoak arintzeko.

Hala, Eusko Jaurlaritzak aukera emango du Gauzatu-Industria, Gauzatu-Atzerriko Ezarpenak, Indartu, Bideratu eta Bideratu Berria programetako dirulaguntzen ordainketak atzeratzeko, eta programa horietan ezarritako inbertsioak eta enplegu-sorkuntza geroratzeko. Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 30ean amaituko da.

“Lagundu egin behar zaie gerraren ondorioak zuzenean jasaten ari diren jarduera sektoreei, batik bat gerran dauden herrialdeekin harreman zuzena dutenei. Gatazkaren inpaktu industriala aldaketak eragiten ari da produkzio-planetan, eta zenbait lantegik gelditu ere egin behar izan dute argindarraren eta erregaien gorakada bortitzagatik” dio malgutze-neurriak hartzea helburu duen Arantza Tapiaren aginduak.

Gauzatu-Industria programaren helburua da oinarri teknologiko edo/eta berritzaileko ETEak sortzen eta garatzen laguntzea eta Gauzatu-Atzerriko Ezarpenak programak dirulaguntza itzulgarriak eskaintzen ditu euskal enpresen atzerriko ezarpenak sortu eta garatzeko. Bideratu eta Bideratu Berria programek laguntzak ematen dituzte krisian dauden enpresak berregituratu eta berrabiarazteko.

Bestalde, Indartu programak laguntzak ematen ditu produkzioko inbertsioak egiten dituzten enpresentzat, baldin eta inbertsio horiek lehiakortasuna hobetzen eta ekonomia garatzen badute eremu kaltetuetan nahiz Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa duten udalerrietan.

Aginduak dio posible dela 2022ko uztaileko kuotaren itzulketa atzeratzea Gauzatu-Industria, Bideratu eta Bideratu Berria programetan, eta 2023ko otsaileko kuotaren itzulketa atzeratzea Gauzatu-Atzerriko Ezarpenak programan.  Kasu hauetan, neurriaren helburua da egoera zail batean dauden enpresek (batez ere altxortegiko arazoak dituztenek) posible izan dezatela 2022ko uztailean edo 2023ko otsailean ordaindu beharko dituzten kuotak ordainketa-egutegiaren amaierara atzeratzea. Hau da, urtebeterainoko gabealdia izango lukete ordaindu behar dituzten kuotak ordaintzeko.

Beste neurri bat

Badago beste neurri bat: inbertsioen gauzatze-epea eta sortu beharreko enpleguen sorkuntza-epea atzeratzea aipatutako programetan. Neurri honen helburua da inbertsioen exekuzioa edo/eta enplegu arloan hartutako konpromisoa atzeratu behar izan duten enpresek “luzapen” gehigarri bat eskatu dezatela oraindik egiteke dauzkaten inbertsioak egiteko edo agindu dituzten lanpostuak sortzeko.

Baldintza bakarra da inbertsioak gauzatzeko epean egotea.  Horrela, euren proiektuak egin ahal izango dituzte gauzatze-epea luzatu beharrik gabe (eta ez-betetzerik gabe).

Kasu honetan, neurri hori Gauzatu-Industria, Indartu eta Gauzatu-Atzerriko Ezarpenak programetan aplikatzen da sei hilabeteko atzerapena izateko aukerarekin edo, azken programaren kasuan, 2023ko abenduaren 31ra arte.