Lehendakaria Burdin Hesiaren erorketaren 85.urteurrenaren ospakizunean izan da

0

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalekin batera, Burdin Hesiaren erorketaren 85. Urteurrena dela-eta antolatu den ekitaldian izan da. Bertan, Eusko Gudarosteko gudari baten gorpuzkiak eman zaizukio Gamiz-Fikako Udalari, 2019an ateratakoak hobitik.

Fikako hilerrian egindako ekitaldian, Burdin Hesia erori zeneko 85. urteurrena oroitzeko monolitoa erakutsi da, defentsa-lerro horretan borrokatu zuten pertsonen oroimenez. Lehendakaria, bere hitzaldian, belaunaldi oso baten konpromisoa aitortu du, “guztiontzat harro egoteko arrazoi dena”. “Militarki garaituak izan ziren, izan ginen… Bai, baina batailarik garrantzitsuena irabazi genuen: Duintasuna, Justizia, Arrazoia, Balioak. Gure duintasuna gerriko honetan ere oinarritzen da, lubaki hauetan, Elortatxukoa bezalako hobietan”, adierazi du.

Hala, Lehendakariak adierazi du gaur Gamiz-Fikan betebehar instituzional eta sozial bat betetzen dela, betebehar politiko eta etiko bat: egia berrezartzea. “Berrogei urtez faltsutu eta manipulatu zuten egia bat… Egia berrezarri eta duintasuna berrezarri. Erakundeek eta gizarteak eskutik egiten dugu, oroitzeko, errekonozitzeko eta omentzeko ekitaldi honekin: bihotz bihotzez, eskerrik asko !”, adierazi du.

Azkenik, Iñigo Urkulluk printzipio eta balio etiko eta demokratikoak aldarrikatzen jarraitzeko beharra adierazi du. “Giza eskubideak defendatzea, haien urraketa sistematikoaren aurrean. 85 urte geroago, zure Herriaren orainarekiko eta etorkizunarekiko konpromisoa kausa justua, duina eta eredugarria izaten jarraitzen duela aldarrikatzea”, amaitu du.

Lehendakariaren hitzaldiaren ondoren, Eusko Gudarosteko gudari baten gorpuzkiak Gamiz-Fikako Udalari emateko ekitaldia egin da. Ana Mª Rubio alkateak eta Miren Josune Urkizu Udaleko zinegotziak jaso dute Iñigo Urkullu Lehendakariaren eta Beatriz Artolazabal sailburuaren eskutik, hilerriko horma-hobi batean lurperatzeko.

Identifikatu gabeko borrokalari baten gorpuzkiak dira, Elortatxu inguruan, Gamiz-Fikan, 2019ko azaroaren 24an lurpetik ateratakoak; gaur egun, ez dago pertsona horren identifikazioa bideratzeko elementurik.

Harekin batera, egun berean eta egun batzuk lehenago (ekainaren 8an), inguruko gune batean, beste bi gudariren gorpuzkiak berreskuratu ziren. Bi kasu horietan, DNA Bankuan biltegiratutako DNA laginekin alderatzeak erakusten du zehaztu gabeko odolkidetasun-maila dagoela, baina eskura dagoen informazioaren arabera, pertsona horiek ez ziren Gamiz-Fika inguruan hil, eta, beraz, bi kasuek ikerketa historiko eta genetiko handiagoa eskatzen dute.

Orain arte eskuragarri zegoen informazio historikoak egun haietan, duela 85 urte, gertatutakoaren testuinguru orokorra eskaintzen du. Hala, badirudi hiru pertsona horiek 1937ko ekainaren 11 inguruan izandako borroketan hil zirela. Egun horietan, borroka gogorrak izan ziren, Bilbo erori aurreko egunak ziren, eta Zabalbide batailoia ingurua defendatzen ari zen Kirikiño metrailadoreen batailoiarekin batera; biek hainbat baja izan zituzten.

Gerrako hiru biktima horiek berreskuratzearen kasuan, bizilagun batek jakinarazi zuen bere baserriko lurretan bazekiela borrokalarien lurperatzeak zeudela, aitonak hala esan ziolako eta kokalekua ere ezagutzen zuelako.

“Eusko Jaurlaritzaren Gerra Zibileko Desagertuen Bilaketa” Programa

Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak 2003an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan, Bilboko Begoñako hilerritik ateratako 42 gorpuzkien azterketa genetikoak eta forentseak amaitu arte, 46 izan dira hobitik ateratakoak emaitza positiboarekin: 24 Bizkaian, 15 Gipuzkoan eta 7 Araban. Horrela, 110 biktimaren gorpuzkiak berreskuratu dira, 108 gizonenak eta bi emakumeenak. Horietatik 27 identifikatu ahal izan dira, horietako bat emakumea, Monica Barrón del Val.

Euskadin egindako deshobiraketez gain, euskal herriren bateko beste 9 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu eta haien familiei eman zaizkie. Nafarroako Foru Komunitatean egindako 4 exhumazio dira, eta beste 5 beste toki batzuetan.

Gorpuen deshobiratzeen mapa geolokalizatua, esku-hartze bakoitzari buruzko informazio gehigarria eta txosten orokorra hemen kontsulta [1] daitezke: https://labur.eus/S9Czh

[1] Gerra Zibilaren deshobiratzeak Euskadin https://www.gogora.euskadi.eus/exhumaciones-de-la-guerra-civil-en-euskadi/aa82-actogogo/eu /