Avansitek aurrera pauso bat eman du fabrikazio aurreraturako material eta konposite polimerikoen garapenean

0

Duela gutxi amaitu da Avansite ‘Fabrikazio aurreraturako konposite iraunkorren belaunaldi berria’ proiektua, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den Gaiker zentro teknologikoa buru duela. Gainera, SPRI Taldearen Elkartek laguntza-programaren esparruan garatu da proiektua.

Gaikerren gidaritzapean, Euskadiko beste zazpi eragilek, Cidetec, Ideko, Leartiker, Tecnalia, Tekniker (denak BRTA aliantzako kideak), UPV/EHU eta Mondragon Unibertsitateak beren ezagutza gehitu dute proiektuan. Horiek guztiak, baita Gaiker ere, SPRI Taldeak bultzatutako BDIH (Basque Digital Innovation Hub) Material Aurreratuen Nodoko kide dira, eta erakunde hori proiektuari zuzenean lotuta egon da.

Zortzi agenteen ezagutzarekin, Avansitek helburu bikoitza lortu nahi izan du: batetik, ezagutza zientifiko-teknologikoa sortzea material eta konposite polimerikoen esparruan, eta, bestetik, materialei funtzionaltasun gehigarriak ematea, hala nola birziklagarritasuna, suaren aurrean jokaera egokia izatea, propietate bakterizidak ematea edo energia termikoa biltegiratzea. Hori guztia materialen eta haien prozesuen jasangarritasunaren eta birziklagarritasunaren ikuspegia eta ekonomia zirkularrerako aurrerapena kontuan hartuta egin da.

Horrela, proiektuak 25 argitalpen eta patente-eskaera bat argitaratu ditu, idazketa-fasean dauden 5 zientzia-artikulurekin batera. Halaber, gehitutako zerbitzu berriak sortu dira, lehen aipatutako BDIHko Material Aurreratuen Nodotik industriaren eta gizartearen eskura jarriko direnak, eta lankidetza-ildo batzuk proiektu berrien bidez gauzatzen jarraituko da.

Zeharkako proiektua

Konpositeak ia industria-sektore guztietan daude. Sektore horiek fabrikazio-kostuak, fabrikazio-epeak, energia-kontsumoa eta emisioak murrizten laguntzen duten materialak eskatzen dituzte, jasangarriak eta birziklagarriak izateaz gain.

Horrela, Avansite “irismen handiko eta zeharkako proiektua” bihurtu da, Gaikerretik adierazi dutenez. “Automobilgintzaren, aeronautikaren, trenbideen, ontzigintzaren, eolikoaren edo energiaren sektoreek ibilgailuetan eta egituretan pisua arintzen duten materialak behar dituzte, suaren aurkakoak eta iraupen luzekoak, eta, aldi berean, konpongarriak eta birziklagarriak, emaitza eraginkorragoak eta jasangarriagoak lortzeko, eta Avansitek ildo honetan ekarpen handia egin dezake”, ondorioztatu dute.

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.