Bilboko Udalak amaitu berri ditu Peñascaleko ibarrean azken bost hilabeteetan egindako hobekuntza-lanak.
Obren helburua izan da, batez ere, hango paisaia adeitsuago egitea eta auzoan egoteko eta elkartzeko gune berriak sortzea. 483.238,96 euroko aurrekontua bideratu da lan horietara.
Juan Mari Aburto alkatea, Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzia eta Udalbatzako beste kide batzuk hurbildu dira, gaur goizean, 7. Barrutiko Iturrigorribidea 45ean dagoen plazara, bertatik bertara ikusteko esku-hartzearen emaitza.
Hauexek izan dira egindako lanak: plazako espazio publikoa birmoldatzea eta estetikoki bateratzea, kalitatezko egonleku berriak sortzea, eta herritarrek horiek erabiltzea ahalbidetzea, estaldura bi jarrita.
Berritze-lanek, beraz, irizpide estetikoei eta espazioa aprobetxatzeko beharrari erantzuten diete.
Lehenik eta behin, ariketa bio-osasuntsuetarako tresnak lekuz aldatu dituzte, plazaren albo batera, eta 35 metro karratuko estaldura batez babestu dituzte, tresnak erabili ahal izateko eguraldia edozein dela ere.
Bigarrenik, Udaltegiaren aurrealdeari atxikitako estaldura bat eraiki dute, eta, horren azpian, aurretiaz konpondutako bankuak jarri dituzte, egoteko eta sozializatzeko eremua izan dadin. Estaldura nagusia da, aurrekoa baino dezente handiagoa —325 metro karratu ditu—.
Zurezko egitura, eta polikarbonato trinko zeharrargitsuzko akabera dute estaldura biek.
Haurrentzako jolasgunea lehengo tokian mantendu dute, baina kautxuzko zoladura berrituta, plazan estetikoki integratzeko.
Azkenik, eta eremu osoa paisaiaren aldetik hobetzeko eta koherentzia estetikoa sustatzeko, zura hautatu dute inguruko hormatxorako, itxituretarako eta erdiko kioskoaren oinarrirako. Halaber, kolore eta apaindura uniformeak erabili dituzte alboetako hormetan. Gainera, leheneratu egin dute han zegoen “tximeletaren horma-irudia”.
Eta, bide batez, plazako argiztapena indartu dute, eta udal sare eta zerbitzuetan beharrezko aldaketak eta egokitzapenak egin dituzte.
AUZOKIDE PLANA
Peñascaleko ibarreko lanak uriko auzoak hobetzeko Auzokide Planaren barruan egin dira.
Herritarrek parte hartzeko Udalak duen tresnarik garrantzitsuenetako bat da Auzokide Plana. Haren bidez, aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean: 1,5 milioi euro, barrutiko eta urteko.
SARE SOZIALAK: