Pandemiak % 12ko murrizketa historikoa ekarri zuen Euskadiren 2020ko berotegi-efektuko gasen isurietan

0

Ihobe sozietate publikoak urtero argitaratzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko berotegi-efektuko gasen isurien azken inbentarioak beheranzko joera berresten du lurraldean: dagoeneko 2030erako helburuak lortzeko markatutako bidearen azpitik dago. Covid-19aren pandemiak eta hortik eratorritako murrizketek beherakada handia eragin zuten Euskadiko BEG isurietan. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa den Ihobeko zuzendari nagusi Alexander Botok eta Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusi Iñigo Ansolak 2020. urteko Euskadiko berotegi-efektuko gasen isurien azken inbentarioa aurkeztean nabarmendu duten ondorio nagusia da.

Azterketak erakusten du Euskadik isuriak % 12 murriztu zituela 2019arekiko, eta % 2 murriztu zirela urte horretan aurreko urtearekiko. Bat-bateko beherakada da, pandemiaren une zailenetako murrizketen ondorioz gertatutakoa. Datu horiek Europa osoan izandakoen antzekoak dira; izan ere, maiatzaren amaieran argitaratutako isurien inbentarioaren arabera, % 11ko murrizketa izan da.

Antzemandako murrizketa historikoa izan da, eta zaila da hori aurreko urteekin alderatzea. Hala ere, Euskadik irmo eta argi mantendu du beheranzko joera bertako isuriei dagokienez: 1990ean (erreferentzia-urtea) 20,8 milioi tona CO2 baliokide jaulki zituen; zifra hori 25,3 milioi tonara igo zen 2005ean; baina, une horretatik aurrera, beheranzko joera bati ekin zitzaion; izan ere, 2019an 18,6 milioi erregistratu ziren, eta 2020an 16,4 milioi tona: serie historikoko zifrarik baxuena. Beraz, 2005arekin alderatuta % 35eko beherakada izan da, % 21ekoa 1990arekin alderatuta, eta % 12koa azken urtean bakarrik.

Eusko Jaurlaritzak ezagutzera emandako 2020ko berotegi-efektuko gasen azken inbentario hori batera aurkeztu dute Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak –Ihobek– eta Energiaren Euskal Erakundeak –EEEk–, eta bertan azpimarratu dute Euskadiko deskarbonizazio-prozesuaren bilakaera positiboa dela. “Pandemiaren efektuak argi eta garbi baldintzatu ditu datuak, baina testuinguruan kokatzeko gogoratu behar da BPGd-a % 10 murriztu zela urte horretan”, azpimarratu dute EEEko eta Ihobeko zuzendari nagusiek.

Biek nabarmendu dute ekonomiaren eta isurien arteko desakoplamendua gertatu dela: 2005etik 2019ra bitartean, ekonomia % 20 hazi zen, eta isuriak % 27 murriztu ziren. “2020an BPGd-ko unitate bat ekoizteko sortutako isuriak % 40 jaitsi ziren 2005. urtearekin alderatuta, eta % 55 1990. urtearekin alderatuta. Horrek adierazten du zenbaterainoko desakoplamendua duen euskal ekonomiak sortutako isuriekiko”.

2050erako helburuaren bidean

Lehen adierazitako emaitzen argitan, BEG isuriak Klima 2050 Estrategian ezarritako helburuak lortzeko markatutako bidetik behera daudela berrets daiteke.

2005. urtea mugarri garrantzitsu gisa sortu zen Euskadiko klima-politiketan, estrategia horretarako oinarri-urte gisa ezartzen baita. Bertan, helmuga gisa ezarri zen 2030erako isuriak % 40 murriztea (2005. urtearekin alderatuta); azken inbentario horretatik ateratako ondorioen arabera, Euskadi % 35era iritsi da jada.

Isuri lausoei dagokienez –isuri-eskubideen merkataritza-araudiak arautzen ez dituen sektoreek sortutakoak, hala nola nekazaritza, hondakinak, bizitegia edo garraioa–, Euskadik iaz hobetu zituen (% 11ko murrizketarekin) Europar Batasunak 2020rako markatutako helburu lotesleak (% 10 2005. urtearekin alderatuta). 2020an, kopuru horrek are gehiago egin du gora, % 16ko murrizketa lortu baitu.

Isuri arautuak –energia-sektorea eta energia-kontsumoan intentsiboak diren industria-sektoreak, nagusiki – % 18 murriztu dira 2019arekin alderatuta. Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, “2005ari dagokionez, erregimen horren lehen funtzionamendu-urtean isuriak % 49 murriztu dira”. Euskadiko isurien intentsitatea, gainera, Europako batezbestekotik behera dago erosketa-parekidetasunean: “Gure per capita isuriak EB-27ko batezbestekoa baino zertxobait txikiagoak dira, bai guztizko isurietan bai lausoetan”.

IPCCren ‘1,5 ºC-ko berotze globala’ txosten bereziaren erreferentzia-urtea den 2010 urtearekiko % 24 murriztu ziren Euskadiko isuriak 2020an: “Beraz, berotze globalari 1,5 ºC-an eusteko proiektatutako murrizketa-bidean egongo ginateke. 2019ko inbentarioari erreparatuz gero, Euskadiko isurien portaerak 2 ºC-ko euste-bideari jarraitzen dio, baina 1,5 ºC-ko bidea lortzeko ahalegin handiagoak egin behar ziren, 2020ko murrizketarekin lortu zirenak”, adierazi dute Botok eta Ansolak.

Bi zuzendariek onartu dute zaila izango dela hurrengo urteetan 2020an markatutako erritmo horri eustea, baina garrantzitsuena isurietan beheranzko joera horrekin jarraitzea dela, markatutako helburuak betetzera eramango gaituelako. “Horretarako, guztion konpromisoa behar dugu: Administrazioarena, enpresena eta herritarrena; azken horiek gero eta kontzientzia handiagoa dute”, adierazi du Botok.

Beherakada orokorra sektore guztietan

2020an  isurien beherakada orokortua gertatu zen ia sektore guztietan, emaitza globalari ia eragiten ez dion nekazaritza-sektorearen hazkunde txiki bat izan ezik. Garraioa da berriro Euskadiko isuri-iturri handiena, isurien % 35 baitagokio, gehienak errepide-garraioari lotutakoak 2020ko inbentarioaren arabera. Zifra hori % 11 murriztu zen aurreko urtearekiko, baina % 1,8 hazi zen 2005. urtearekin alderatuta: horrek esan nahi du orain dela 15 urteko mailetara itzuli zela. Eusko Jaurlaritzak adierazi du isuriak ia bikoiztu direla 1990. urtearekin alderatuta sektore horretan.

Energia-sektorearen kasuan, Euskadiko isurien % 32 zegozkion 2020an; % 13ko beherakada izan zen aurreko urtearekiko, % 40koa 2005arekin alderatuta eta % 32koa 1990arekin alderatuta. Industria da isuri gehien (% 17) sortzen dituen hirugarren sektorea zuzeneko isuriak soilik kontuan hartuz gero, eta % 32 lurraldean kontsumitzen duen elektrizitatea ere kontuan hartuz gero. “Sektorea eraldaketa bat bizitzen ari da: isuriak % 16 murriztu dira aurreko urtearekiko, % 48 2005az geroztik eta % 61 1990etik”, azpimarratu du Ansolak.

Bizitegi- eta zerbitzu-sektoreak Autonomia Erkidegoko berotegi-efektuko gasen % 7 isurtzen du (% 17, kontsumitzen duen elektrizitatearekin lotutako isuriak kontuan hartuz gero). 2020ko zerbitzu-sektorearen ia guztizko geldialdia dela-eta, zuzeneko isuriak % 8 murriztu ziren 2019arekiko, bi sektoreetan gas naturalaren eta petrolioaren eratorrien kontsumoak behera egin izanaren ondorioz.

Hondakinen eremuan ere % 7ko beherakada izan zen 2020an, eta sektoreari Euskadiko isuri guztien % 5 dagokio. 2020an isuriak handitu zituen sektore bakarra nekazaritzarena, abeltzaintzarena eta arrantzarena izan zen –% 1eko igoera–, baina, isurien % 3 soilik dagokionez, ez du ia eraginik emaitza globalean.