15,6 millioi euro Etxebarrin bigarren hezkuntzako institutu berria eraikitzeko

0

Gobernu Kontseiluak 15.662.775,27 euroko gastua baimendu du gaurko bileran, Hezkuntza sailburuak proposatuta. Kopuru hau Etxebarrin (Bizkaia) Etxebarri Bigarren Hezkuntzako Institutuaren (IES Etxebarri BHI) egungo eraikina eraitsi eta berria eraikitzeko proiektura bideratuko da.

Eraikin berriak DBH-ko 5 lerro (20 gela) eta Batxilergoko 3 (6 gela) hartuko ditu, eta “L” forman eraikiko da, institutuaren egungo eraikinaren alboan. Behe solairua eta horren gaineko beste hiru solairu izango ditu. Eraikin berriaren ondoan, bolumen bereizi batean, gimnasio berria eraikiko da, aldagela eta komunekin. Bi bolumen hauek 6.477,41 metro koadroko azalera eraikia izango dute guztira.

Bi fasetan eraikitzea

Kokapen horri esker, obra bi fasetan egin ahal izango da. Lehenengo fasean, institutu berria eraikitzen den bitartean egungo eraikina erabiltzen jarraituko du ikastetxeak. Bigarren fasean, eraikin berria bukatu eta hara lekualdatu ondoren, lehengo eraikina eraitsi egingo da, eta gimnasio berria eta aldagelak eraikiko dira hura zegoen lekuan. Bigarren fase horretan, jolasetarako kanpoko espazioa ere antolatuko da. Obrek dirauten bitartean, ikasleek egungo kirol-pista estalia erabili ahal izango dute jolas-patio gisa.

Bigarren fasea amaiturik, jolaserako kanpoko espazio zabal bat eratuko da, orientazio egokiarekin (hego-ekialdera) eta eraikin berriaren beheko solairuak izango duen kota berean, oztopo arkitektonikorik gabe. Gaur egungo kirol-pista estaliak zutik jarraituko du bere lekuan, eta pasabide baten bidez eraikin berriarekin lotuko da bigarren solairuan. Beraz, eraikin barnealdeko igogailua erabiliz, kirol-pista estalirako irisgarritasuna ere ez da arazo izango.

Energia-eraginkortasuna

Institutuko instalazio berrietarako hartu diren eraikuntza-soluzioek eta jatorri berriztagarriko energia erabiltzeak (hala nola aerotermia), A kalifikazio energetikoa emango diote Etxebarri BHIko eraikin berriari.

Ikastetxe berriaren energia-eraginkortasunari laguntzen dioten elementuen artean, berokuntza-sistema dago. Berokuntza-sistema tenperatura baxuko igorleen bidez egingo da, fatxaden orientazioaren arabera, eta gas-errekuntzarik gabe. Institutu osorako beroa sortzeko, bero-ponpa aerotermikoak instalatuko dira eraikinaren teilatuan.

Teilatuan bertan, eta hegoaldera begira, energia elektrikoa sortzeko eta autokontsumorako plaka fotovoltaikoak jarriko dira, banaketa-saretik deskonektatuta. Autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak are gehiago murrizten du eraikinaren energia-eskaria, eta, beraz, energia-kontsumo ia nulua izango duen eraikina izango dela esan daiteke.

Gorago azaldutako guztiari, fatxadarako hartu diren isolamendu termikoko soluzioak gehitu behar zaizkio: fatxada aireztatua, artile mineral hidrofugozko isolamenduarekin. Ondorioz, eraginkortasun termiko handiko fatxada lortzen da. Bestalde, hegoaldera begira dauden espazioak eguzkitik babestuko dira aluminiozko xafla horizontalekin. Azkenik, proiektu honetarako aukeratu den lehorreko eraikuntza-sistemak obra eraginkortasun handiagoz eta azkarrago burutzea  ahalbidetzen du.

Proiektuak 24 hilabeteko exekuzio epea izango du, obrak hasten diren unetik zenbatzen hasita. Etxebarri BHIren eraikin berriarentzat gastua Gobernu Kontseiluan onartu ondoren Hezkuntza Sailak lizitazioari ekingo dio eta obra horiek datorren urte hasieran esleitzea aurreikusten du.