Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan da gaur arratsaldean Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Mercedes-Benz Vitoria enpresaren artean lortutako Elkar Ulertzeko Memorandumaren (MoU) sinaduran, tokiko ekoizpen-egitura eraldatzeko eta indartzeko prozesua aurrera eramateko, Covid osteko berreskurapena gauzatzeko asmoz.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek, eta Emilio Titosek, Mercedes-Benz Vitoria (MBV) enpresako zuzendaria, sinatu dute dokumentua. Horren jarduera-oinarri dira eraldaketa teknologiko-digitalak eta energetiko-klimatikoak. Akordioak lau urteko iraupena du.
Konpromisoaren helburua da hiru arlo estrategiko garatzeko eta indartzeko behar den ingurunea finkatzea: Garraioaren Elektrifikazioa, Digitalizazioa eta Jasangarritasuna; horietan, gainera, hainbat lankidetza-esparru identifikatzen dira, hala nola I+G+b, talentua, eta industrializazioa eta tokiko hornikuntza-oinarriak indartzea. Horrela, ad hoc lankidetza-akordioak sinatzea ahalbidetuko duten lotura juridikoak sortuko dira, tokiko ekoizpen-egitura eraldatzeko helburuarekin.
Lortutako konpromisoen artean, Euskal Autonomia Erkidegoan I+G+b jarduera garatzea sartzen da, ibilgailuaren elektrifikazioaren, ekoizpen-prozesuen digitalizazioaren eta kolektibitatearen, ingurumen-jasangarritasunaren eta langile guztien gaikuntzaren aldeko apustuan, eta Mercedes-Benz Vitoria (MBV) enpresak horretarako behar diren barne-baliabideak ipiniko ditu.
Eusko Jaurlaritzak MBEren esku jarriko ditu Basque Research Technology Alliance (BRTA) eta 4GUNE Euskadiko Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologiako Unibertsitate Heziketarako Klusterraren, Tknika-ren —Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa— eta Hetel Euskadiko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkartearen gaitasunak. Horien bitartez, fabrikazio digitaleko eta jasangarriko, eta ibilgailu elektrikoko prozesu berrietarako eskatzen diren lanbide-profiletan gaitasun berriak sortzen laguntzeko asmoz.
Bestalde, Arabako Foru Aldundiak (AFA) MBEren esku jarriko ditu Arabako prestakuntza-zentroen gaitasunak, eta, bere eskumenen eta gaitasunen barruan, Lurralde Historikoan MoU hori behar bezala gauzatzeko garatu beharreko beste jarduketa batzuk babestuko ditu.
ARLO ESTRATEGIKOAK ETA LANKIDETZA-ESPARRUAK
-
- Garraioaren elektrifikazioa. Deskarbonizazio-helburuarekin bat etorriz, mugikortasun elektrikoak aukera hauek eskaintzen ditu: balio-katerako garapen- eta fabrikazio-prozesu erabat berriak dituen fabrikazio aurreratuari buruzko aukerak.
-
- Hornidura-kateko prozesu guztiak digitalki eraldatzeko —produktua diseinatzen denetik saltzen den arte, Smart Manufacturing kontzeptuak aplikatuz—, honako alderdi hauek garatu eta txertatu behar dira: mantentze prediktiboaren eta preskriptiboaren bidez eraginkortasuna handitzeko sentsorika moldagarria eta malgua, machine learning eta deep learning, datuen prestaketa aurreratua, hornidura-kate osoaren konexio digitala eta piezen trazabilitate digitala, kontrol-tresnak eta gainazal-kalitatea, besteak beste.
-
- Ekoizpen-jarduera deskarbonizatzeko, ekoizpen-teknologia jasangarriak ezarri behar dira, baita lantegiak egokitu ere, emisioei eta ingurumen-adierazleei (deskarbonizazioa) buruzko Europako estratejia betetzeko. Energia-eraginkortasuna eta jasangarritasuna kudeatzeko estrategiarik onena (Green Production) garatzea eta ezartzea funtsezkoa da sektorearen etorkizunerako.
Aldeek adostu dute honako lankidetza-esparru hauetan egingo dela aurrera:
-
- I+G+b. Lankidetza-ikerketarako gune bat definitu, garatu eta ezarri nahi da, MBEren eta haren balio-katearen produkzio-prozesu osoan ekoizpen-teknologia jasangarriak eta teknologia digitalak aplikatzean aurrera egin ahal izateko. Horretarako, MBEk Euskal Autonomia Erkidegoan I+G+b jarduera garatzeko konpromisoa hartzen du, eta Basque Research Technology Alliance (BRTA) erakundearen zentroen gaitasunak izango ditu, MBErentzako BRTAtik hizketakide bereizi batek koordinatuta. Horrek beharrezkotzat jotzen diren proiektu-atazak egikaritzeko behar diren ikerketa-taldeak/-multzoak ezarriko ditu, eta transferentzia-bulego bat kudeatuko du, proiektuen definizioa eta teknologia-transferentzia babesteko, haien emaitza moduan.
-
- Tokiko ekoizpen-egitura eraldatzeko eta indartzeko, gaitasun berriak sortu behar dira fabrikazio digitalaren eta jasangarriaren, eta ibilgailu elektrikoaren fabrikazioaren prozesu berrietarako eskatzen diren lanbide-profiletan. Horretarako, 4GUNE Euskadiko Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologiako Unibertsitate Heziketarako Klusterraren, Tknika-ren —Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa— eta Hetel Euskadiko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkartearen gaitasunez baliatuko dira.
-
- Tokiko hornitzaileen oinarria indartzea edo industrializatzea: Euskal Autonomia Erkidegoan ibilgailu elektrikoaren hornidura-katea garatzen lagunduko da, eta MBEk funtsezko traktore-eginkizuna beteko du. Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoan ibilgailu elektrifikatuentzako produkturen bat fabrikatzen duten enpresak daude. Hala ere, proiektu honek oraingoz ibilgailu elektrikoarentzako produkturik/soluziorik ez duten automobilgintza-sektoreko enpresei laguntzeko balio dezan espero da.
EUSKADI – MERCEDES-BENZ VITORIA
Mercedes-Benz Taldearen eta Euskadiren arteko harreman historikoa lankidetzan eta elkartasunean oinarritu da beti. Horren adibide dira langile berrien kontratazioari lotutako 2014ko prestakuntza dualeko hitzarmena edo Sprilurrek Gasteizko lantegirako egin zuen eraikina. MBV estrategikoa da taldeak lurraldean duen presentzia ez ezik, automobilgintzaren balio-katearen gainerakoa ere bultzatzeko.
Multinazionalaren I+G+bko unitatea Alemanian egon arren, Euskaditik ahalegin handiak egin dira alor hori Gasteizen indartzeko eta ondorioz, lantegiari behar besteko nortasuna emanez balio erantsiko proiektuei ekiteko, tokiko gainerako eragileekin batera. Gobernua, aldundiak eta hornitzaileen katea bera bezalako eragileak hain zuzen ere. Lankidetza publiko-pribatua oso faktore garrantzitsua izan da beti lantegiaren lehiakortasuna garatzeko eta indartzeko.
Gaur egun, Gasteizko lantegiak eta talde osoak erronka handiak dituzte. Automobilgintzaren sektorea egiturazko aldaketa batean murgilduta dago, motorizazio berriak, gidatze autonomoa edo mugikortasunaren kontzeptu berriak erronka dira. Horretarako, tokiko produkzio-egitura eraldatu eta indartu behar da. Hori guztia automobilgintzaren gure balio-kate osorako aukera ere bada.
Ildo horretan, Mercedes-Benz Vitoria Hazitek hainbat laguntza-programatan dago, tokiko berrikuntza-arlo bat eta Euskadiko zientzia-, teknologia- eta industria-gaitasunekiko interakzioa sustatuz. Era berean, hiru trantsizioek, oro har, eta trantsizio energetiko-klimatikoak eta digitalak, bereziki, MBV bezalako enpresak mugikortasun berrira egokitzeko prozesu bat egitera eramaten dituzte, eta horretarako inoiz baino beharrezkoagoa da lankidetza publiko-pribatu hori eman ahal izatea. Helburua da taldeari laguntzea erronka handiei arrakastaz aurre egiteko eta Euskadiko ehun zientifiko-teknologiko eta industriala bultzatzeko behar besteko lehiakortasuna emango dioten arlo estrategikoetan eta lehiakorretan.
Gaurko sinadurarekin batera, memorandumean jasotako gaiak garatzeko ekimenak landu dira.
-
- Berrikuntza-proiektuak. Duela bi urte ekimen bat jarri zen abian, automobilgintzaren gure industriaren gaitasunak eta BRTA osatzen duten zentroen gaitasun zientifiko-teknologiko guztiak identifikatu, erakutsi eta Gasteizko Mercedesen esku jartzeko. Gaitasun hauetetan oinarrituta, MBVk 4 lan-proiektu identifikatu zituen BRTAko hainbat zentro teknologikorekin lankidetzan. Proiektu horietatik, beste behin ere, Hazitek 2021 laguntza-deialdian aurkeztu eta lagundu ahal izan ziren hainbat proiektu sortu ziren.
-
- Hornitzaileak identifikatzea eta garatzea. Historikoki, Mercedes-Benz Taldeak beti azpimarratu du Mercedes-Benz Vitoriak bere hornitzaileekin duen gertutasuna. Hurbileko hornitzaile gehiago bilatzen eta identifikatzen jarraitzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak etengabe babesten du identifikazio-prozesu hori, hala nola Glavista, GKN, Vicomtech (zentua), Fagor Ederlan, Eurocybar eta abar luze bat dira lankidetza horren adibide berriak
-
- Fabrikazio Aurreratuko Zentroa. Lankidetza horretatik sortutako beste ekimen zehatz bat Fabrikazio Aurreratuko Zentroaren etorkizuneko proiektua da, gaur egun azterketa-, diseinu- eta elaborazio-fasean dagoena. Proiektu honen bidez, Gasteizko Mercedes-Benz lantegiaren ondoan CFA bat eraikiko da, industriaurreko TRL altuenei lagundu ahal izateko, tokiko hornitzaileen katearen eta ZTBESren (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskadiko Sarea) eta MBVren arteko interakziorako. Eusko Jaurlaritzak 13 milioi euro jarri ditu jada 2022-2024 aldirako Inbertsio Estrategikoen Planaren bidez. Arabako Foru Aldundiak 5 milioi euro inbertituko ditu ekimen horretan.
-
- PERTE. Mercedes-Benz Vitoriak Ibilgailu Elektriko eta Konektatuen PERTEen deialdian aurkeztu duen proiektu estrategikoa.
Gainera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoak goi-mailako ahalmen eta azpiegitura zientifiko-teknologiko garrantzitsuak ditu, batez ere Basque Research Technology Alliance (BRTA) zentroaren ahalmenei esker.
Horrela, BRTAko zentroek honako hauekin lotutako gaitasunak dituzte:
-
- Ekoizpen jasangarriko teknologiak, hala nola material aurreratu arinagoak formulatu eta garatzea, eta horien tratamenduak, mekanika- eta egitura-mailan; fabrikazio- eta birziklatze-prozesuen simulazioan, modelizazioan eta optimizazioan, eta ekarpen termiko txikiko soldaduren kudeaketa adimendunean oinarritutako fabrikazio-teknologia aurreratuak.
-
- Teknologia digitalak, hala nola automatizazio eta robotika adimendunak, lankidetzako eta kooperazioko robotikan gaitasunak dituztenak, errealitate birtuala eta areagotua, konektagarritasuna eta sistema ziberfisikoak sentsorika aurreratuaren bidez, datuen komunikazio masiboa eta gauzen Internet, baita adimen artifiziala eta data science
-
- Ibilgailu elektrikoaren teknologia espezifikoak, hala nola bateriak eta horien kontrol-sistemak, motor elektrikoa eta potentzia-elektronika, edo ibilgailu konektatua eta modu autonomoan gidatzeko behar den komunikazioa eta sentsorika.
AFAk, bere aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko espezializazio adimenduneko lehentasunen garapenarekin bat datozen jarduerak babestu ditu Arabako Lurralde Historikoan, proiektu honekin zerikusia duen guztian, Fabrikazio Aurreratua – Industria 4.0n eta energia biltegiratzean. Horiek, gainera, erabat lerrokatuta daude Europar Batasunak pandemiaren osteko egoerari aurre egiteko planteatzen dituen trantsizio teknologiko-digitalekin eta energetiko-klimatikoekin.
Fabrikazio aurreratuari dagokionez, AFAk berrikuntzarako eta digitalizaziorako laguntzen deialdiak egiten ditu. Era berean, Lurraldeak, 2016. urteaz geroztik, ARABA 4.0 Lantaldea du —bertan, enpresaren eraldaketa digitalarekin konprometitutako prestakuntza-zentroek, ikerketa-zentroek, eragileek, enpresek eta erakundeek hartzen dute parte—. Taldeak ateratako lehen ondorioetako batean, produkzio-prozesuen digitalizazioak dakarren erronkari eta aukerari aurre egiteko Arabako enpresak behar bezala prestatutako langile profesionalak izateko beharrari erantzungo dion goi-mailako prestakuntza garatzeko beharra identifikatu zuen, merkatuari modu lehiakorragoan erantzuteko helburuarekin.
Arabako Foru Aldundiaren, Ikaslan Arabaren, Egibideren, UPV/EHUko Ingeniaritza Eskolaren (Arabako Campusa) eta Deustuko Unibertsitatearen laguntzarekin, hainbat ekimen garatu dituzte, enpresekin adostuta, hala nola Automobilgintzako Ingeniaritzako gradu duala, Industria Digitaleko gradu duala, Automobilgintzako 4.0 doktoreen prestakuntza, eta Industria 4.0n eta Zibersegurtasunean prestakuntza-jarduketen garapena.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak, AFAk eta MBVk elkarlanean jardun nahi duten eremuetako batzuk jasotzen dituen MoU hau izenpetzea hitzartu dute aldeek, MoU honetan estrategikotzat jotzen diren eta arloak eraldatzen eta indartzen laguntzeko.