Bilboko alkatea aritu da buru Bilboko Hiri Kontseiluaren osoko bilkuran

0

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea aritu da buru Bilboko Hiri Kontseiluaren osoko bilkuran, zeina gaur arratsaldean egin baita, Udaletxeko Arabiar Aretoan.

Juan Mari Aburtok hitz egin du bilkurari hasiera emateko, eta Zorrotzaurre eraldatzeko lanetan egindako azken aurrerapenak azaldu ditu. Alkateak nabarmendu du Udala lanean ari dela, eta behar diren pausuak egiten, uhartea berrikuntza- eta ezagutza-polo bat bihurtzeko. Gogorarazi du, gainera, proiektu osotasunezko eta jasangarri bat dela, inguru andeatua bere onera ekartzearren eta hura Bilboko auzo berri bat bihurtzearren, han bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko.

Bilboko alkateak berba egin ostean, Mikel Ocio oraintsu erretiroa hartutako hiri plangintzako zuzendari ohiak hartu du hitza, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren lerro nagusiak azaldu ditu, iragan martxoan onetsi baitzen Udalbatzaren osoko bilkuran. Ociok nabarmendu du HAPOak Agintaldi Planarekin zerikusi zuzena duten gaiak proposatzen dituela, eta erantzun egiten diela gai horiei, eta betiere Garapen Jasangarriko Helburuekin bat etorriz, hala nola: urbanizatuko den lurzorua ahalik eta gutxien izatea, etxebizitzaren eskariari dagozkionak, aurreikusten diren garapen nagusiak, berdeguneen aurreikuspena eta natur ingurumenaren babesa, besteak beste.

Horrez gain, Hiri Kontseiluaren osoko bilkuran Daniel Zulaika izan da, Donostiako Gizarte Kontseiluaren presidentea (Gipuzkoako hiriburuan Bilboko Hiri Kontseiluaren pareko organoa da).

Ez da lehen aldia bi hiriburuek elkarri agertzen dizkiotena parte hartzeko organo horien esperientziak eta ikaskizunak: iragan urtarrilean bertan, Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotziak Donostiako Kontseiluaren bilkuran parte hartu zuen, zeina Kursaal Biltzar Jauregi eta Auditorioan egin baitzen.

BILBOKO HIRI KONTSEILUA

Bilboko Hiri Kontseilua 2010ean sortu zen, eta aholku- eta eztabaida-organo bat da, tokiko garapen ekonomikoaren, uriaren plangintza estrategikoaren eta hiri proiektu handien arloetan. Organo hau 90 pertsonak osatzen dute, gutxi gorabehera, eta haien artean daude Bilboko erakunde nagusietako ordezkariak, ekonomiaren, gizartearen nahiz kulturaren arloetakoak edota auzotarren elkarte eta profesionalen entitateetakoak.

Bilboko Hiri Kontseilua garrantzi berezia eta ospe pertsonal, profesional edo soziala duten pertsonek osatzen dute, hala nola Ibon Areso Mendiguren, Ignacio Marco-Gardoqui Ibáñez, Pedro Luis Uriarte Santamarina, José Ramón Bilbao Otaola, Gaspar Martínez Fernández de Larrinoa, María Jesús Cava Mesa, Itziar Lazkano Setien, Mercedes de Miguel Heras, Carmen Mijangos Ugarte eta Magdalena Mugika Portillo.

SARE SOZIALAK: