Juan Mari Aburto alkatea aritu da Jon Pertika dantzariari opatutako eskulturari estalkia kentzeko ekitaldian

0
PRUEBA

Juan Mari Aburto alkatea aritu da buru gaur goizean Jon Pertika dantzariari opatutako eskulturari estalkia kentzeko ekitaldian; Jon Pertika euskal kulturaren ikertzaile bat izan zen, eta Beti Jai Alai Bilboko dantza-taldearen sortzailea.

Eskultura brontzezkoa da, eta Sabino Arana etorbidean dago; Amaia Gracia artistak diseinatu zuen, eta arku bat eta makila bat irudikatzen ditu. Bi elementu original horien eskultura egiteko baliatu diren moldeak dantzariarenak ziren, eta haren familiak utzi dizkio artistari.

Ekitaldian zehar, Jon Pertikaren senideen eta lagunen eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziaren aurrean, alkateak Pertika oroitu du, eta hark Bilboko eta Euskal Herriko kulturari egindako ekarpena. «2018ko otsailaren 19a nahigabezko eguna izan zen, zalantzarik gabe, Bilborentzat eta euskal kulturarentzat. Berari zor diogu, besteak beste, alkateek Begoñan abuztuaren 15ean dantzatzen duten aurreskua. Bilbo berri honetako bazter honetan gordeko da betiko haren gomuta, haren lan handiaren gomuta».

Jon Pertika Bilbon jaio zen, 1937an. Haren bizitza dantzari lotuta igaro zen, umetatik. Haren aitak sortu zituen Basurto auzoan «Dindirri» (Gerra Zibilaren ostean sortu zen lehena) eta Beti Alai taldeak. Haietan hasi zen Jon pertika dantzari moduan, hamar urte baino ez zituela. 1968an, Pertikak Beti Jai Alai folklore-taldea sortu zuen, zeina Euskal Herriko dantzen, errituen eta ohituren inguruko ikerkuntzan, ikasketan, iraunaraztean eta zabalkundean jardun baitzen. Hasiera-hasieratik, Beti Jai Alai taldeak lotura estua izan du Basurto auzoarekin.

Beti Jai Alai folklore taldea sortzeaz gain, Jon Pertika euskal kulturaren eta tradizioen ikertzaile nabarmena izan da. Jon Pertikak Bizkaiko hango eta hemengo dantzak aztertzeko xedea hartu zuen, batez ere, ondoren agertzeko eta berreskuratzeko.

Jon Pertika oso pertsona miretsia izan zen kulturaren eta euskal tradizioen arloan, etengabe ibili baitzen lanean, Euskal Herriaren folklorea eta musika ikertzen. 2018ko otsailaren 19an hil zen, 80 urte zituela, «nahigabe handia eragin zuen kulturaren eta dantzen sektorean, batez ere Basurto auzoan, eta Bilboko uri osoan», gogorarazi dute.

Euskal kulturaren aldeko ikerkuntzan egindako lanari ezagutza agertzearren, Basurtoko auzotarren eta merkatarien elkarteek eta Beti Jai alai taldeak galdegin zioten Bilboko Udaleko Kultura Sailari ezar zezala eskultura bat Jon Pertikaren omenez, euskal tradizioak ikertzeko eta berreskuratzeko hark egindako lanari ezagutza agertuz.

Proposamena «Parte hartze bidezko Aurrekontuen» ekimenean jaso zen, zeina Bilboko herritarrek udal aurrekontuaren zati bat nola erabili proposatzen tresna baita.

ARKUA ETA MAKILA

Amaia Graciaren eskulturak izaera sinbolikoa du, euskal dantzetan erabili ohi diren bi elementu oso bereizgarri erabili baititu: arkua eta makila, zeintzuk, aldi berean, Beti Jai Alai taldearen logotipoarekin baitaude lotuta.

Kolore urrekaraz estalitako brontzez egina dago, eta 200 x 175 cm-koa da.

Amaia Gracia Azqueta artista (Iruñea, 1985) Arte Ederretan lizentziaduna da, eta Ikerketa eta Sormena Artean master, Euskal Herriko Unibertsitatean. Sari eta ezagutza ugari jaso izan ditu bere sormen-ibilbidearengatik, eta, haien artean, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbao Arte Fundazioak edo Madrilgo Casa de Velázquez delakoak emandako bekak nabarmentzen dira.

SARE SOZIALAK:

www.bilbaokultura.eus