Hezkuntza sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak Agindu bat onartu du gaurko bileran. Agindu horren bidez, itunpeko ikastetxeei laguntzak emateko deialdia egiten da, enplegua mantentzeko eta irakasle-plantillak gaztetzeko akordioen esparruan, datozen urteetarako aurreikusten den demografia-beherakadaren aurrean. Deialdi honek 10.533.774 euroko diru-kopurua du dirulaguntza horietarako.
2020ko urtarrilean eta otsailean, EAEko Administrazioak akordio bana sinatu zuen gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako eta ikastoletako patronalekin eta sindikatuekin. Akordio horien ardatz nagusiak, honako hauek dira:
-
- Batetik, irakasleen enpleguari eustea: ikasgela-kopurua murriztearen ondorioz lanpostua gal dezaketen irakasleen birkokapena bermatzea.
-
- Bestetik, irakasleen belaunaldi-erreleboa erraztea, irakasle zaharrenen erretiroa eta irakasle gazteenak lanbidera sartzea erraztuz: erretiro partziala eta errelebo-kontratua, Administrazioaren laguntzarekin.
Beraz, laguntza hauen onuradun izan daitezke EAEko itunpeko ikastetxe pribatuak –gizarte ekimenekoak nahiz ikastolak-, gorago aipaturiko akordioen sinatzaileak.
Deialdi honetan sartzeko, diruz lagun daitezkeen jardueren eraginpeko langileak Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko edo Lanbide Heziketako kontratu mugagabea duten irakasleak izango dira, Euskadiko itunpeko irakaskuntzan.