Hezkuntza Sailak 62,5 milioi euro bideratuko ditu unibertsitatez kanpoko ikasleei zuzenduriko beketarako

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2022-2023 ikasturtean unibertsitatez kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko beka eta dirulaguntzak deitzen dituen Agindua. Deialdiak 62,5 milioi euroko zenbatekoa du orotara. Kopuru horrek 2,5 milioi euroko igoera esan nahi du aurreko beka deialdiarekin alderatuta.

Beka osagaiak

2022-2023 ikasturterako deialdi honek, honako ikasketa maila hauetarako beka eta dirulaguntzak hartzen ditu bere baitan:

–  Batetik, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Musikako eta Dantzako oinarrizko irakaskuntzak burutzen ari diren ikasleak eskolatzeko bekak eta laguntzak.

Aipaturiko maila horietako ikasleei zuzenduriko bekek honako osagai hauetako bat edo zenbait har ditzakete beren baitan: kuota osagaia; ikasmaterialetarako osagaia; eta jantokiaren osagaia.

–  Bestetik, derrigorrezko hezkuntzaren ondoren egiten diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzatarako ere deitzen dira beka eta laguntzak. Hauen artean daude: Batxilergoa; Lanbide Heziketako zikloak; Arte plastikoak eta diseinua (Heziketa-zikloak); Musikako eta Dantzako irakaskuntza profesionalak; Kirol-irakaskuntzak; Hezkuntza administrazioaren titulartasuneko eskola ofizialetan egiten diren hizkuntza-irakaskuntzak.

Ikasketa maila hauetako ikasleek eskatu ahal izango dituzten bekek osagai hauek dituzte: Eskatzailearen errentari lotutako zenbateko finkoko osagaia; Eskatzaileak ikasturtean duen bizilekuari lotutako zenbateko finkoko osagaia; Oinarrizko bekaren osagaia; Errendimendu akademikoan izandako bikaintasunari lotutako zenbateko finkoko osagaia; eta Zenbateko osagarriaren osagaia.

Hezkuntza Sailak bermatzen du baldintzak betetzen dituen familia orok jasoko duela laguntza ekonomikoa. Horretarako, deialdi honen diru-kopurua (62,5 milioi eurokoa) handitu egin daiteke, beharrezko gertatuko balitz. Era honetan, ikasle guztiek hezkuntzarako eskubidean aukera berberak izatea eta familiaren egoera ekonomikoa zailtasun gehigarri bat ez izatea ere bermatzen da.

185.326 laguntza

2021-2022 ikasturte honetan, 114.842 ikaslek jaso zituzten unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-mailetarako bekak Euskadin, eta 185.326 laguntza eman ziren guztira (beka osagaiak aintzat hartuta).

Ikasturte honetan (2020-2021 beka deialdiarekin) onuradun izan diren ikasleei dagoeneko betetako eskaera-inprimakia emango zaie. Eskabideak aurkezteko epea uztailaren 18tik irailaren 30era bitartean izango da zabalik.