Jaurlaritza Sexu eta Ugalketa Eskubideen lege proposamenaren aurka dago, eskubide horiek dagoeneko bermatuta daudelako

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
Eusko Jaurlaritzaren ustez, indarrean dauden lege eta plan multzo batek bermatzen ditu Euskadin sexu eta ugalketa eskubideak, eta, beraz, Elkarrekin Podemos-IUk gai horri buruz egindako lege proposamena aintzat hartzearen aurka dago.

Gaur Gasteizen egin duen asteroko bileran, Gobernu Kontseiluak adierazi du ez dagoela ados Euskadiko Sexu eta Ugalketa Eskubideen lege proposamenarekin, jadanik eskubide horiek legerian eta gobernu planetan deskribatuta eta bermatuta baitaude. Arau iturri nagusia martxoaren 3ko 1/2002 Legea da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarrenez aldatzen duena.

Aipatu lege horrek sexu eta ugalketa eskubideak aitortzen ditu, prebentzio eta laguntza neurrien bidez, eta honako helburu hauekin: sexu eta ugalketa osasuna ziurtatzea, sexu eta ugalketa osasuneko zerbitzuetarako sarbidea erraztea, plangintza sexuala erraztea eta planifikatu gabeko haurdunaldiak saihestea, eta onartuta dauden lagundutako giza ugalketako prestazioak bermatzea. Arauak, halaber, emakumeek erditzean eta edoskitzean autonomia izatea sustatzen du, bai eta emakumeak ahalduntzea kontrazepzioa eta sexu eta ugalketa osasunarekin lotutako beste alderdi batzuei buruzko erabakiak hartzerakoan.

Sexu eta ugalketa osasunaren eremuan emakumeen kontrako indarkeria motak ere jasotzen ditu lege horrek. Hala, emakumeen aurkako indarkeria matxistatzat jotzen ditu, besteak beste, indarkeria obstetrikoa, sexu eta ugalketa eskubideen urraketa, bai eta emakumeen eta nesken duintasuna, osotasuna edo askatasuna kaltetzen duen edo kaltetu dezakeen beste edozein indarkeria mota ere. Gainera, generoaren eta giza eskubideen ikuspegia bermatzen du, beti ere berdintasunaren alde.

Indarrean dagoen legedia alde batera utzita, Osasun Sailak arreta pertsonala bermatzen du adinekoei, haurrei, nerabeei, desgaitasunen bat duten pertsonei, LGTBIQ+ pertsonei, gutxiengoei, migratzaileei eta askatasunik gabeko pertsonei babes espezifikoa emateko. Halaber, sexu osasunerako informazio eta hezkuntza programak bultzatzen ditu, genero berdintasunean eta sexu aniztasunarekiko errespetuan oinarrituta.

Bestalde, Hezkuntza Sailak, Hezkidetza Planean, sexu hezkuntza osasunaren eta garapen pertsonalaren ikuspegitik jorratzen du hezkuntza eremuko estamentu guztietan.