Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak prospekzio-bidaia bat antolatu du Alemaniara, Turismo Industrialeko baliabideak bisitatzeko eta Turismo Industrialaren Gida Plana eguneratzen aurrera egiteko. Sailburuarekin batera, Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jesús García de Cos, Basquetourreko zuzendari Daniel Solana eta Industri Ondarearen Euskal Elkarteko presidente Javier Puertas izan dira. Azken hau da ERIHk Espainiarako koordinatzaile izendatutako kidea.
Turismo Sailak Turismo Industrialaren produktua bultzatzeko lanari ekin zion 2018an, euskal ondare-baliabideak eta industria-memoria balorizatzeko, bere historiaren eta ondarearen funtsezko zati gisa, eta, horrela, industria-tradizioa turismoaren arloko elementu egituratzaile eta interesgarri gisa aldarrikatzeko.
Horretarako, Euskadiko Turismo Industrialaren Nazioarteko Astea jarri zuen abian, eta bide eman zion Euskadiko Industria Baliabideen Sarea sortzeari, baliabide garrantzitsuenak bildu eta koordinatzeko eta ibilbide eta proiektu bateratuak sortu ahal izateko.
Era berean, Industria Ondarearen Europako Ibilbidean ERIH (European Route of Industrial Heritage) sartu zen Euskadi, eta Anchor Points gehien duen Autonomia Erkidegoa izatea lortu du, orain arte 3ren ziurtagiria jaso baitu: Encartada (Balmaseda), Trenbidearen Museoa (Azpeitia) eta Añanako Gatz Harana. Anchor Pointak aparteko garrantzia duten tokitzat hartzen dira historia industrialari dagokionez, non esperientzia berritzailea eta kalitate handikoa eskaintzen zaion bisitariari.
Turismo Industriala garrantzitsua da ondokoak lortzeko: turismo-fluxuak Euskadin zehar banatzea, batez ere eragin turistiko txikiagoa duten eremuetan; Euskadiko turisten batez besteko egonaldia handitzea, eskaintza gehiago dibertsifikatuz; eta desestazionalizatzea, ez baita udako denboraldiei lotutako eskaintza, eta turismo jasangarriagoa eta iraunkorragoa lortzen laguntzen da horrela.
Ruhr arrorako bidaiaren programa
Bidaiaren helburua Industria Turismoaren garapenean punta-puntako eskualdeen esperientzietan eta jardunbide egokietan sakontzea da, Euskadin turismo industrialaren produktua sustatzen jarraitzeko, zeina Espainiako erkidego liderretako bat bihurtu baita 2018an Turismo Industrialaren Plana abian jarri zenetik.
Horretarako, Route Industriekulturen kudeaketa- eta gobernantza-ereduaren gakoak ezagutu nahi dira, bai eskualdearen eskumen-sarea, bai Ibilbidearen eragin sozioekonomikoa eta Ruhr eskualdeko turismo-eskaintza globalean produktuak duen kokapena, Euskadiren antzeko historia eta bilakaera duen eskualdea baita.
Helburu horrekin bisitatuko dira baliabide hauek: Peters Behrens Building; Ibarrolaren obra duen Halde Haniel muino artistikoa; nazioartean ezaguna den Zollverein meatze-gunea (UNESCOren ondarea); Oberhausengo gasometroa; hainbat langile-etxe (Anthony Ironworks, Margarethenhöhe…) eta Duisburg Nord Park, berreskuratutako gune bat, Bizkaiko Labe Garaien antzekoa.
Arduradunekin, besteak beste, Zollverein Fundazioko presidente eta Ruhr eskualdeko parlamentuko bigarren presidente Hans-Peter Nollekin, baliabideetara egindako bisitez gain, sailburua eta Saileko taldea Ruhr Eskualde Elkarteko zuzendari nagusi Karola Geiß-Netthöfelekin eta Industriekultur Bideko zuzendari Timo Haugerekin bilduko dira.
Era berean, bilera bat izango dute ERIHko (European Route of Industrial Heritage) idazkari nagusi Christiane Baumekin. ERIH Industria Ondarearen Europako Ibilbidea Europako Kontseiluak Europako Kultur Ibilbide gisa aitortutako kultura-sare bat da, eta gure kontinenteko historia industrialaren funtsezko guneak lotzen ditu, haien berezko ezaugarriak aitortuta Turismo Industriala sustatzeko oinarri gisa.