Joklin Bildarratz 2022ko Araba Euskaraz jaiaren antolatzaileekin elkartu da

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak harrera egin die gaur goizez, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan, 2022ko Araba Euskaraz jaiaren antolatzaileei. Sailburuarekin bileran izan dira, Liher Larrea, Arabako Ikastolen Elkarteko presidentea; Igone Zubizarreta, Argantzun ikastolako zuzendaria; eta Joseba Aginagalde, Ikastolen jaietako arduraduna. Datorren igande honetan, ekainaren 19an, ospatuko da 2022ko Araba Euskaraz Olarizuko zelaietan (Gasteizen) “8. alaba” leloarekin. Argantzun Ikastola ari da antolakuntzan, Arabako gainerako zazpi ikastolekin elkarlanean.

Igande goizean hasi eta arratsaldera arte Olarizuko berdegunean –hiru gunetan banatuta- antolatu duten egitarau zabalaren ezaugarri nagusiak azaldu dizkiote arduradunek Bildarratz sailburuari, bai eta urtean zehar antolatu dituzten gainerako ekitaldi, lehiaketa eta saioen berri eman ere. Aurreko bi urteetan pandemiak eragindako ezohiko festak ospatu ondoren, pandemia aurreko garaietakoen antza hartuko du aurten berriro Araba Euskarazek. Halaber, Arabako ikastolek eta bereziki Trebiñukoak bizi duen egoera ere helarazi dizkiote arduradunek sailburuari.

Aurten 42. ediziora iritsita, Araba Euskaraz Olarizura itzuliko da, lehen urtean ospatu zen leku berera. Eta 1981eko lehen festa hartarako Nestor Basterretxeak sortu zuen irudia oinarri hartuta osatu dira aurtengo logoa eta leloa.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua 2022ko Araba Euskaraz jaiaren irekiera ekitaldian izango da igande honetan, Olarizun.