Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 700.000 euro bideratuko ditu Kultura eta Sormen Industrien Berrikuntzarako KSI Berritzaile+ programarako dirulaguntzetara

0

Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du Euskadiko Kultura eta Sormen Industrien (KSI) sektorean 2022-2023 aldirako potentzial berritzaile handia duten proiektuak garatzen dituzten enpresentzako diru-laguntzetarako deialdia egiten duen agindua. Honako sektore hauek hartzen dira KSItzat: Arte eszenikoak, Ikusizko arteak, Ikusentzunezkoak, Argitalpenak eta medio inprimatuak, Musika, Kultura ondarea, Arkitektura, Artisautza, Eduki digitalak, Diseinua, Sormen-gastronomia, Hizkuntzaren industriak, Moda, Publizitatea eta marketina, eta Bideojokoak; baita KSI sektorearen zehar-erakundeak ere, hau da, kultura- eta sormen-bitartekaritza nahiz aholkularitzako enpresak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 700.000 euroko partida bideratuko du 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitartean garatzen diren proiektuak diruz laguntzera. KSIen sektoreko proiektu hauek lagunduko dira diruz:

    • Produktuaren/zerbitzuaren, prozesuaren edo negozio-ereduaren berrikuntza-proiektuak, diferentziazioa eta balio instrumentala, intrintsekoa edo soziala dakartenak.

 

    • Ernalketa gurutzatua sustatzen duten I+G+b proiektuak.

 

    • KSIek 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana, Euskadi 2030-ren hiru trantsizioetako batekin zerikusia duten I+G+b proiektuetan parte hartzea sustatzen duten proiektuak.

 

    • Teknologia nahiz irtenbide berritzaileak erabiltzen dituzten proiektuak.

 

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ekainaren 28tik aurrera.

KSI sektorean berrikuntza sustatzeari buruzko gogoeta-prozesu baten ondoren, deialdi berri hau sortu da gogoeta horren ondorio nagusia babesteko, hau da, KSIak berrikuntzaren eragile eta sustatzaile direla. Horrela, Euskadiko KSIen sektorean potentzial berritzaile handia duten proiektuak diruz lagunduko dira, sektorearen lehiakortasuna hobetzen eta/edo nazioarteko posizionamenduan eragina dutenak, transferentzia-prozesuak garatzen eta sinergiak eta aukera-espazio berriak sortzen lagunduz.