Idoia Mendiak enplegu-aukera berriak aztertu ditu Gasteizen Mercadonaren plataforma logistikoaren handitzearekin

0

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak Mercadonak Gasteizko bloke logistikoa zabaltzeko dituen asmoen berri izan du gaur arratsaldean, horrek enplegu-aukera berriak eskainiko ditu, Saila logistika-lanetarako pertsonen prestakuntza eta kualifikazioa eskatzen duten proiektu berriak aztertzen ari den eremu batean.

Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordearekin batera, lehendakariordeak elikaduraren enpresa banatzaileak 2017tik Euskadin dituen instalazioak bisitatu ditu. Bertan, gure erkidegoan Mercadonan kontratatzen diren 2.000 pertsonetatik 600 ari dira lanean. Bloke hori finkatzeari esker, tokiko hornitzaileei egindako erosketak % 2,3 indartu dira joan den ekitaldian.

Mendiak bloke hori zabaltzeko abian dauden planak ezagutu ahal izan ditu, oraindik hasierako fasean, izapide guztiak gauzatzeko zain. Ildo horretan, lanbide-profilei buruzko interes espezifikoa adierazi du. Lanbide gai horretan lanean ari da hedapen ekonomikoko eta kalitatezko enplegu-aukeretako arloa delako, eta dagoeneko kualifikazio oso zehatzak eskatzen ari da, Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak prestakuntza-baliabide egokituak eskaintzeko.

Lan eta Enplegu Saileko zuzendaritzak Euskadiko Mercadonako Kanpo Harremanetarako zuzendari Gorka Diazekin kontrastatu ahal izan ditu konpainiak eraginkortasun energetikoa hobetzeko hedatzen dituen politikak, eta bereziki lan-gaiei eta enpleguaren kalitateari buruzkoak. Horrela, negoziazio kolektiboko esperientziak ezagutu ahal izan dituzte, sektorekoak baino ordainsari-politika handiagoak adostea ahalbidetu dutenak, talentua prestatzeko eta erakartzeko planak, osasuna babestekoak, berdintasuna sustatzekoak eta emakumeak erantzukizuneko lanpostuetara bultzatzekoak, eta langileen partaidetzarako barne-mekanismoak, etekinen kudeaketa eta banaketa hobetzeko.