Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio 2018ko ekainaren 18an Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sinatutako lankidetza-hitzarmena beste 4 urtez (2026ko ekainaren 18ra arte) luzatzeari, Euskal Autonomia Erkidegoan arkitekturaren eta hirigintzaren azterketa, sustapena eta hedapena bultzatzeko, baita eginkizun horri lotutako jarduera zientifikoa bultzatzeko ere. Arriola sailburuak hitzarmena luzatzeko beharra adierazi du, bertan jasotako helburu guztiak betetzeko. Helburu horiek ikerketa zientifikoa eta teknologikoa eta berrikuntza sustatzen dituzte arkitekturan eta etxebizitzen diseinuan; horretarako, eraikuntzan, jasangarritasunari, energia-eraginkortasunari eta eraikuntzaren kalitateari erreparatuta.
Hitzarmen horren bidez, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak konpromisoa hartzen du UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak egindako jarduketak sustatzeko, bere zereginetatik lortzen diren eraikuntza-sistema eta -material berriak txertatzeko aukera aztertzeko, eta Unibertsitateak esparru horretan egiten dituen sustapen- eta hedapen-ekintzak bultzatzeko eta aktiboki parte hartzeko.
UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak, bestalde, konpromisoa hartzen du bi erakundeen artean urtero adosten diren jarduketak, proiektuak eta lankidetzak garatzeko —egikaritze-aldia amaitzean memoria bat aurkeztuko da—, eta ingurumena errespetatzen duten eta Eraikuntzaren Kode Teknikoan ezarritakoarekin bat datozen eraikuntza-sistema eta -material berriei buruzko azterketak, saiakuntzak eta ikerketak sustatzeko. Unibertsitateak, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko arkitektura eta hirigintza sustatu eta zabaldu behar ditu, jardunaldiak, erakusketak, hitzaldiak eta kongresuak antolatuz.
Lankidetza horren ondorioz, Etxebizitza Publikoaren Kudeaketa eta Diseinua Masterra sortu zen 2020an, babes publikoko etxebizitzen erronka berriei erantzungo dieten kualifikazio handiko teknikariak prestatzeko helburuarekin: gizarte-premiak, politikak eta araudia ezagutzea, arkitektura-soluzio berriak diseinatzea eta gauzatzea, edo lehendik daudenetan esku hartzea.
Etxebizitza Publikoaren kudeaketan eta diseinuan esperientzia duten edo titulatu berri diren (Zuzenbidea, Ekonomia Zientziak, Politika Zientziak, Arkitektura, Arkitektura Teknikoa, Ingeniaritza…) profesionalei zuzendutako graduondoko honek bi aditu-ikastaro ditu, bakoitza bere aldetik egin daitekeenak: Etxebizitza Publikoaren Politika eta Kudeaketan Aditu Ikastaroa eta Etxebizitza Publikoaren Diseinu Aurreratuan Aditu Ikastaroa.
400 orduko irakaskuntza osatzen duten bi aditu-tituluak lortu ondoren, masterra lor daiteke Master Amaierako Lana egin eta gero (200 orduko dedikazioa eskatzen du). Era berean, praktikak egin ahal izango dira enpresen eskaintzaren arabera. Graduondoko horrek saio telematikoak (% 25), eta Bilbon (% 65), EHAEOren egoitzan, eta Donostian (% 10), EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, egindako beste saio presentzialak uztartzen ditu.