Bilboko Udala, aurten ere, munduko ezagutzaren epizentro bihurtu da, gaur eguerdian Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Carlos Torres Vila BBVA Fundazioko presidentearekin batera erakunde-harrera eskainirik Ezagutzaren Mugak Sarien XIV. edizio honetan sarituak izan diren pertsonei eta epaimahaiari nahiz antolatzaileei; sari-banaketa bihar egingo da, arratsaldean, Euskalduna Jauregian, eta Iñigo Urkullu lehendakaria izango da han.
Juan Mari Aburto alkateak, sariak irabazi dituztenei eta Ezagutzaren Mugak Sarien zortzi kategorietako epaimahaiak osatu dituzten pertsonei ongi etorria opa ostean, hau adierazi du: «gaur oso egun berezia da Bilborentzat, 722 urte betetzen dituelako, eta, gainera, konpainiarik onenarekin ospatzen duelako, mundu osoko adimenik bikainenetako batzuekin».
Alde horretatik, bada, Aburtok honako hau gogorarazi du: «iaz, David Julius eta Ardem Patapoutian biologo ospetsuei egin genien harrera Udaletxean, eta ohorea izan zen guretzat; bi biologo horiek irabazi zituzten Ezagutzaren Mugak Sariak XII. edizioan, eta, handik bi astera, Medikuntzako Nobel Saria irabazi zuten».
Alkateak zorte bera opa izan die XIV. edizio honetan sariak irabazi dituztenei, eta, aurten ere, eskerrak eman dizkio BBVA Fundazioari, «Fundazioko kideek eta erakundeak berak, Carlos Torres Vila presidentea buru dela, egindako apustuarengatik eta Bilboren izena ezagutza unibertsalaren abangoardiarekin lotzeagatik, beti ortzi-mugarantz begiratzen duen ezagutza hori, Bilboko antzinako merkatariek bezala, Erdi Aroaren amaieran; beti muga berrien bila, ezagutzeko eta aurrera egiteko gizateriaren etengabeko irrika hori elikatuz».
Bestalde, Carlos Torres Vila BBVA Fundazioko presidenteak gogorarazi du, Aburto alkateak Ezagutzaren Mugak Sarien XIV. edizioko iranbazleei eskaini dien harrerarekin, “irekita gelditu direla golardo hauek Bilbon –sari hauen egoitza iraunkorrean– ospatu eta banatzeko ekitaldi formalak”.
“BBVAk ezagutza, berrikuntza, lidergoa eta proiekzio globalerako bokazioa partekatzen du Bilborekin, eta elementu hauek inoiz baino beharrezkoagoak dira berrikuntza teknologikoak eta jasangarritasunak bultzatutako egungo disrupzio-ingurunean”, ziurtatu du.
Torres Vilak adierazi duenez, “ezagutza da mundua eta geure burua ulertu, gure garaiko erronka nagusiei heldu eta guztiontzako aukerak sortzeko tresnarik egokiena, eta uste honetan oinarrituta sortu ziren Ezagutzaren Mugak Sariak. Zalantzarik gabe, ez dago Bilbo baino leku egokiagorik ezagutzarik onena aldarrikatzeko, munduari eta aurrerakuntzari irekirako herritarrak tarteko”.
Bilboko Udaletxean egindako gaurko ekitaldi instituzionalean izan dira Ezagutzaren Mugak Sarien XIV. edizioko 14 irabazleetako 13, baita kategoria desberdinetako epaimahaietako kideak, Rosa Menéndez Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko (CSIC) Presidentea eta Rafael Pardo Avellaneda BBVA Fundazioko Zuzendaria ere, besteak beste.
«EZAGUTZAREN MUGAK» SARIETATIK «NOBEL» SARIETARA
BBVA Fundazioaren Ezagutzaren Mugak Sariak 2008an abiatu ziren, eta 400.000 euroz hornitua dago zortzi kategorietako bakoitza; urtero-urtero banatzen dira, giza ezagutzaren arlo batean eta bestean nazioartean egin diren ekarpenik abangoardistenak nabarmentzeko. Kategoria gehienetan, 50 eta 60 izendapen jasotzen dira urtero-urtero, eta azken erabakia nazioarteko epaimahai batek hartzen du, zeina gai bakoitzean ospe handia duten adituek osatzen baitute.
Nobel sarien atarikotzat jotzen dira BBVA Fundazioaren Ezagutzaren Mugak Sariak, eta 19 alditan, gero Suediako Akademiak saritu izan ditu lehenago Ezagutzaren Mugak sariekin sarituak. AsHala, bada, aipatutako David Julius eta Ardem Patapoutian 2021ean Medikuntzako Nobel Saria irabazi zuenak bezala, aurten Fisikako Nobel Saria irabazi du Syukuro Manabe klima aldaketan adituak, hain zuzen, Ezagutzaren Mugak sariak irabazi zituztenak 2016an eta 2009an, hurrenez hurren.
Era berean, Emmanuelle Charpentier eta Jennifer Doudna 2020an Kimikako Nobel izan zirenek, Ezagutzaren Mugak sariak irabazi zituzten lehenago, biomedikuntzakoak, 2017an. Aldi hartan, halaber, ekonomiako Nobel saria Paul Milgrom-i eta Robert Wilson-i eman zitzaien, lehenago, 2013an eta 2016an, hurrenez hurren, ekonomiaren, finantzen eta enpresa-kudeaketaren arloko Ezagutzaren Mugak sariak eman zitzaizkien berek.
2019an, lau Nobel sari eman zitzaizkien lehenago Ezagutzaren Mugak sariak eman zitzaizkien ikertzaileei: Abhijit Banerjee-ri eta Esther Duflo-ri, ekonomian (Ezagutzaren Mugak 2008an, garapenerako lankidetzan) eta Didier Queloz-i eta Michel G. E. Mayor-i, fisikan (2011ko Ezagutzaren Mugak saria, oinarrizko zientzietan).
Aurreko aldietan, Shinya Yamanaka-ri eta James P. Allison-i eman zitzaien Ezagutzaren Mugak saria biomedikuntzan, eta, ondoren, 2012an eta 2018an, medikuntzako Nobel saria eman zitzaien; eta Robert J. Lefkowitz-i, berriz, biomedikuntzako Ezagutzaren Mugak saria irabazi zuenari, Kimikako Nobel saria eman zitzaion 2012an. Bestalde, ekonomia, finantzak eta enpresa-kudeaketako arloetako Ezagutzaren Mugak sariak eman zitzaizkienei, geroago ekonomiako Nobel saria eman zitzaien, hala nola: Lars Peter Hansen (2013), Jean Tirole (2014) eta Angus Deaton (2015). Azkenik, William Nordhaus-i, klima aldaketaren arloko Ezagutzaren Mugak saria eman zitzaion X. edizioan, eta, gero, 2018an, Nobel saria ekonomian.
KONTZERTUA ETA SARI-BANAKETA
Gaur Bilboko Udaletxean egingo den harrera da BBVA Fundazioaren Ezagutzaren Mugak Sariak direla-eta programatuta dauden ekitaldietako lehena, eta bihar, arratsaldean, Euskalduna Jauregian, sariak banatzeko ekitaldia ospatuko da; han izango da Iñigo Urkullu lehendakaria ere, eta Rosa Menéndez Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko (CSIC) Presidentea, Carlos Torres Vila BBVA Fundazioko presidentea eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, besteak beste.
Gaur arratsaldean, Euskalduna Jauregian, kontzertu bat izango da BBVA Fundazioaren Ezagutzaren Mugak Sarien XIV. edizioan saria eman zaien 14 pertsonen omenez, eta Euskadiko Orkestraren eskutik izango da; Philip Glassen «1. kontzertua biolinerako eta orkestrarako» joko du –berari eman zaio Musika eta Opera kategoriako Ezagutzaren Mugak saria–, eta, halaber, «Alpetar sinfonia bat», Richard Straussena, Robert Treviñok zuzenduta.
BBVA FUNDAZIOA EZAGUTZAREN MUGAK SARIAK – SARITUEN ZERRENDA (XIV. EDIZIOA)
-
- Klima Aldaketa: Ellen Mosley-Thompson eta Lonnie Thompson, glaziarretako izotzari buruz egin dituzten ikerketen bidez, egungo klima-aldaketaren azkartasunak aurrekaririk ez duela agerian uzteagatik.
-
- Biologia eta Biomedikuntza: Katalin Karikó, Robert Langer eta Drew Weissman, hainbat gaixotasunen aurkako txertoak eta tratamenduak garatzea ahalbidetu duten RNA mezulariaren terapien oinarrizko bi teknologia sortzeagatik.
-
- Ekologia eta Kontserbazioaren Biologia: Lenore Fahrig, Simon Levin eta Steward Pickett, zientzia ekologikoan espazioaren kontzeptua txertatu eta natura-erreserben zein hiri jasangarriagoen diseinuan aplikatzeagatik.
-
- Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak: Judea Pearl, ordenagailuei ziurgabetasuna kudeatu eta kausak ondorioekin lotzea ahalbidetzen dien egungo Adimen Artifizialaren oinarriak ezartzeagatik.
-
- Oinarrizko Zientziak: Charles Fefferman eta Jean-François Le Gall, adar ugari dituen matematikako bi arlotan egindako funtsezko ekarpenengatik.
-
- Ekonomia, Finantzak eta Kudeaketa: Matthew Jackson, sareek bizitza ekonomiko eta sozialaren transakzioetan duten funtsezko betekizuna argitzeagatik.
-
- Humanitateak eta Gizarte Zientziak (Gizarte Zientziak): Mark Granovetter, ‘ezagunen’ sare hedatuak bizitza ekonomiko eta sozialerako duen garrantziaz ohartzeagatik.
-
- Musika eta Opera: Philip Glass, mundu osoko kultura-tradizioak uztartu eta hainbat belaunaldi barne dituen publiko zabalarengana iristen den musika-estilo paregabea sortzeagatik.
SARE SOZIALAK: