Ikus entzunezko euskal produkzio independentea sendotzeko hitzarmena berritu dute asteazken honetan, ekainaren 15ean EITBk eta IBAIA, EPE-APV eta APIKA ikus-entzunezko euskal ekoiztetxeen elkarteek, Donostiako Tabakalera zentroan egin den ekitaldian. Alde guztiek, oso garrantzitsutzat eta aurrera begira estrategikotzat jo dute sinatutako akordioa.
EITBtik Andoni Aldekoa zuzendari nagusiak hartu du parte ekitaldian, eta ikus-entzunezko ekoiztetxeen izenean, berriz, Marian Fernandez IBAIA Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen elkarteko presidentea, Carlos Juarez EPE-APV Euskal Produktoreen elkarteko presidentea eta Maria Teresa Ruiz de Austri APIKA ikus-entzunezko produktoreen elkarteko presidentea. Sinadura ekitaldian egon da, halaber, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta euskarazko lan eta edukiak sustatu eta ikusaraztea bideratutako itunaren balioa nabarmena du. Ikus-entzunezko eduki eta lan horiek hainbat hamarkadatik hona sortutako ikus-entzunezko ekosistemaren alde apustu egin izanaren emaitza direla esan du.
Hitzarmenak azpimarra berezia jarri du mota guztietako ikus-entzunezko edukien kontsumoaren hazkunde iraunkorraren eta hedapenaren alde lan egiteko konpromisoan. Eduki hauek denetariko kanaletan zabaldu eta kontsumitu ahal izango dira, baina, bereziki, plataforma digital berrietan. Alde guztiak bat datoz euskal kultura-ondarea babesteko, sustatzeko, bultzatzeko eta ezagutzera emateko konpromisoa berrestea dela oinarria, bai eta ikus-entzunezko sektorean euskararen erabilera eta normalizazioa bultzatzea ere.
Euskal produkzio independenteen kontsumoa handitzeko batuko dira ahaleginak, bai eta jatorriz euskarazkoak diren bertsioenak ere, plataforma digitalen bitartez.
Emakumeen parte hartzea bultzatu
Genero berdintasunaren alde egitea hitzarmenaren ildo nagusietako bat da eta, hala, euskal ikus-entzunezko alorrean emakume profesionalen parte hartzeko neurriak indartu dira. Aldeek asmo irmoa dute ikus-entzunezko euskal sektorean emakume profesionalen parte-hartzea sustatzen jarraituko duten neurriak adosteko. Hain zuzen ere, xedea da lanak produzitzeko, sortzeko eta garatzeko enpresari zein sormenari lotutako erabakiak hartzeko uneetan emakume gehiago egotea, berdintasunik eza desagerrarazteko.
Akordioak jasotzen duenez, euskal errealizadore berriei babesa ematea eta sormen alorretako profesionalak ekoizpen independenteetan lan egitea lehenetsiko da. Ildo beretik, euskal ikus-entzunezko industria lehiakorra indartzeko, Euskadin inbertsioan parte hartzea du helburu konbenioak, ikus-entzunezko lanak aurretiaz finantziatuta.
Bai EITBk eta baita elkarteek ere nazioartean garrantzi handia izango duten ikus-entzunezko lanen garapena eta nazioarteko koprodukzioena sustatzea adostu dute. Lehentasuna emango zaio euskal kultura eta euskara nazioartean sustatzeari.