Eskualdearen etorkizuna elkarrekin eraikitzen

0
Iraurgi Berritzenen bidez, bederatzigarrenez, Elkarrekin Eraikitzen proiektua landu dute eskualdeko bost ikastetxeek elkarrekin. Prozesuan zehar, 300 ikasle inguruk, bailarako egitura sozioekonomikoaren errealitatea ordezkatzen duten hainbat eragileren errealitatea ezagutzeko aukera izan dute, arlo desberdinetan izan ditzaketen erronka desberdinei lotutako erronkak aztertu eta gertutik ezagutzeko aukera izan dutelarik.

Ikasturtearen itxieran izan ziren Nagore Alkorta Azpeitiko alkate eta Iraurgi Berritzeneko lehendakaria eta Leire Goenaga hezkuntza zinegotzia.

Elkarrekin Eraikitzen 2021-22 proiektuaren amaierako ekitaldia ospatu zen atzo, asteartea, eta eskualdeko ikastetxe, udal nahiz eragile ordezkariak izan ziren bertan.

Aurtengo ekitaldian, beste behin, eskualdeko bost ikastetxek (Azkoitia BHI, Floreaga Salestar Ikastetxeak, Iraurgi Ikastetxeak, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak eta Urola Ikastolak) hartu dute parte.  Elkarrekin Eraikitzen proiektuak ikaslea proiektuan nahiz honek dakarren ikasketa prozesuan protagonista egiteaz gain hiru helburu nagusi bete ditu. Batetik, ikasleen artean iniziatiba, talde lana, komunikazio gaitasuna, etb… bezalako gaitasunak sustatu nahian.

Lehen helburu hori bete ahal izateko, proiektuak irakasleei metodologia berritzaileekin esperimentatzeko aukera eskainiz.
Proiektuaren 3. eta azken helburua, berriz, ikasleek eskualdeko egoera sozioekonomikoaren berri izatea izan da, aipatu modura, etorkizunean lan munduan sartu aurretik dagozkien erabakiak ahalik eta informazio gehienarekin har ditzaten.

Jardunaldia, bi atal nagusitan antolatu da. Ikasleek landutako prozesuan zehar izandako esperientzia eta bizipenak aurkeztu dituzte. Aurkezpenean, prozesuan zehar ikasitakoak eta euren bizipenak azalerazi dituzte.

Bigarren zatian, ikastetxe ezberdinetako ikasleek mahainguruan hainbat ondorio plazaratu dituzte:

• “Prozesuan zehar, taldean lan egiten ikasi dugu”.
• “Lan taldeak, interesen arabera antolatu ditugu, eta beraz eskualdeko errealitate ekonomikoa ezagutzea oso interesgarria izan da”.
• “Egin dugun ibilbidean zehar, taldeak hartu ditu erabaki garrantzitsuenak eta irakasleak laguntzaile papera izan dute”.
• “Eragileekin elkarrizketak ixtea zenbait kasutan kostatu egin zaigun arren, ondoren bisitak oso interesgarriak izan dira. Oso harrena ona egin digute”.
• “Hasieran proiektua pixka bat arraroa izan zen, oso irekia, baina interesgarria izan da lan mundua ezagutzeko. Etorkizunerako baliagarria egingo zaigu proiektu hau lantzea”.
• “Hobekuntzei dagokienez, hautaketarako erronka bat baino gehiago jarri eta proiektu bat baino gehiago lantzeko aukera izatea gustatuko litzaiguke”.

Proiektuaren datu eta faseak

Proiektuan zehar, 5 ikastetxe, 12 irakasle eta 300 ikasle inguruk hartu dute parte. Ikasleek egin dituzten elkarrizketa eta azterketa lanei dagokienez 60 interakziotik gora izan dituzte eskualdeko 50 eragile ingururekin. Besteak beste, hainbat eta hainbat enpresa ordezkari, Azkoitiko nahiz Azpeitiko udal ordezkarik, Urkomeko ordezkariak, Merkatari elkarteetako teknikari nahiz merkatariak, Iraurgi Berritzeneko ordezkariekin batera. Eskualdeko osasun Zentroetako ordezkariekin nahiz lehen sektoreko hainbat ustiategitako arduradunekin bezala.