Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatuko du bihar osteguna muturreko tenperatura altuengatik Arabako Errioxan eta etzi ostirala Euskadi barnealdean. Horrez gainera, abisu horia ere aktibatuko du sute-arriskuagatik Ebro ardatzeko eskualdeetan, hau da, Arabako Errioxan, Arabako Mendialdean eta Arabako haranetan, hainbat faktore, tenperatura altuak, hego-haizea, hezetasun erlatibo baxua eta landaredi lehorra, pilatuko baitira.
Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Afrikatik iritsiko den aire oso beroak eta espero den intsolazio handiak eragingo dute tenperaturak, bai minimoak eta bai maximoak, asko igotzea. Horren ondorioz, datozen egunotan muturreko tenperatura altuen mugak nahiz tenperatura altu iraunkorrenak gaindituko direla espero da.
Horrela, Mediterranioko isurialdearen hegoaldean aipagarria izango da beroaldiaren iraupena. Alde batetik, muturreko tenperatura altuen mugak 5 egunez jarraian gaindituko direla espero da (tenperatura maximoak, orokorrean, 35 eta 40 ºC artean ibiliko dira), eta, bestetik, deigarria izango da tenperatura altuen iraunkortasuna, gauetan ez baitira askorik jaitsiko. Berez, gaur asteazkena hasi eta datorren larunbatera arte, litekeena da Euskadiko zenbait lekutan tenperatura minimoak 16-18 ºC-tik ez jaistea.
Kantauri isurialdean tenperatura maximoak ipar-haizearen edo haize leunaren intentsitatearen baitan egongo dira, bereziki itsasertzean. Hala ere, Kantauri aldean, barnealdean, ostegunetik larunbatera bitartean 35 eta 40 ºC artean ibil daitezke. Itsasertzean, aire leunak zertxobait arinduko du tenperaturaren igoera, hala ere, ostegunetik aurrera 30 ºC inguruan, edo hortik gora, ibil daitezke.
Era berean, Kantauri isurialdean ere adierazgarria izango da tenperatura altuen iraunkortasuna, eta espero da ostegun, ostiral eta larunbat gaua beroak izatea, batez ere ostiralekoa eta larunbatekoa, tenperatura minimoak 19 eta 21 ºC artean ibiliko baitira.
Beroaldia larunbat arratsaldean hasiko da arintzen, Afrikatik datorren airea erretiratu eta Atlantikotik aire freskoagoa sartu ahala.
GOMENDIOAK
Tenperatura altuen ondorioz, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, Osasun Sailarekin lankidetzan, honako aholku hauek ematen ditu:
- Likido asko edan, batez ere ura, deshidratazio-arriskurik ez izateko.
- Arreta berezia jarri haur txikiekin, adinekoekin eta beroak eta deshidratazioak areagotu ditzakeen gaixotasunak dituzten pertsonekin, esate baterako, bihotzeko gaixotasunak dituztenekin.
- Itxi leihoak eta pertsianak eguzkiak jotzen duen aldean, eta bero gutxien egiten duen uneetan freskatu eta aireberritu etxea.
- Aire zabalean kirola egin nahi izanez gero, bero gutxien egiten duen orduetan egin.
- Inoiz ez geratu eta inoiz ez utzi pertsona bat edo animalia bat aparkatuta dagoen ibilgailu baten barruan, itzalean egonda ere.
- Otordu arinak egin (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, fruta, etab.).
- Arropa egokia, lasaia, arina, kolore argikoa eta arnasa hartzen uzten duena erabili, eta oinetako erosoak eta freskoak.
- Saiatu kalera ez irteten bero handiena egiten duen orduetan.
- Atera beharra izanez gero, eraman burua estalita eta erabili eguzkitako betaurrekoak, eta ahal izanez gero itzaletik ibili.
Gomendatzen da pronostikoen eta abisuen eguneratzeak Euskalmeten web-orriaren (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter kontuaren (@Euskalmet) bidez.
Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.