Ikasleen zientzia eta teknologia esperimentuak, plazara

0
Urola Erdiko Zientzia eta Teknologia azoka ospatu da Azpeitiko Plazan eta eskualdeko ikastetxeek ikasturtean zehar landu dituzten proiektuak aurkeztu dituzte. Bertan izan dira, besteak beste, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Iraurgi Berritzeneko lehendakaria eta Leire Goenaga hezkuntza zinegoatzia. Alkortak esker hitzak izan ditu proiektuak ezagutzen hasi aurretik: «Zientzia, biologia, kimika, laborategiko teknikak, teknologia berriak…. Askotan gai arrotzak izaten dira gure munduan, eta parktika desberdinen bidez gerturatu zarete eta gerturatzeko aukera eskainiko diguzue». Ikasturtean zehar, gaztetxoek euren proiektuen garapenean, Euskal Herriko ikerlari nahiz eskualdeko eragile ezberdinekin harremanak izateko aukera izan dute.

 

Laugarren urtez, eta Covid-19 pandemiak bi urtez eragindako geldialdiaren ostean, eskualdeko gaztetxoen artean STEAM –Zientzia, Teknologia, Injenieritza eta Matematika- gaitasunak sustatzeko proiektua garatu da. eta gaur, ikasturtean gauzatutako proiektuak ikusgai jarri dituzte Azpeitiko plazan.

Ekimenak, Iraurgi Berritzenen sarearen baitan, orain zenbait urte identifikatutako beharrei erantzuna ematea du helburu. Hain zuzen ere, eragile-sarean, ikastetxe, udal nahiz enpresek hauteman dute eskualdean zientzia- eta teknologia-gaitasunak lantzeko beharra, eta, testuinguru horretan, eskualde ikuspegitik, ezinbestekotzat jo da hezkuntzan zientzia eta teknologia gaitasunak sustatzea.

Iaz landu zen ekimenarekin alderatuta zenbait berrikuntza ekarri ditu aurtengo edizioak eta bi fase nagusitan egituratu da hau. Batetik, eskualdeko ikastetxeetan, DBH eta Batxiler mailan zientzia eta teknologia alorrei lotutako irakasgaiak eskaintzen dituzten irakasleei, bi goizeko prestakuntza mintegia eskaini zaie. Bertan, proiektuen gidaritzarako oinarri metodologikoak ezagutzeaz gain esperientzia nahiz proiektu ezberdinak ezagutzeko aukera izan dute.

Bigarren fasean, berriz, ikastetxeetako irakasleek mintegian jasotako jakintzak aplikatu eta ikasleekin proiektu ezberdinak garatu dituzte. Oro har, eskualdeko 10 irakasle eta 300 gaztetxo inguru aritu dira proiektu ezberdinen lanketan.

Hauen garapenean zehar, sor zitezken zalantza ezberdinei aurre egiteko Elhuyar fundazioaren gidaritza izan dute. Gainera, Elhuyarrek duen hainbat unibertsitateetako ikertzaile boluntarioen-sareari esker, Euskal Herriko ikertzaile ezberdinekin harremanak izateko aukera izan dute ikasleek. Gaiaren inguruan izan zitzaketen zalantzak argitzeaz gain, hauen esperientzia nahiz eguneroko jarduera zein den ezagutu ahal izan dute.

Azokan, ikasturtean zehar eskualdeko ikastetxeek landu dituzten proiektuak aurkeztu eta erakutsi dira ordu eta erdiz. Azokan, guztira, honako proiektuen partehartzea izan da: “Ibaien Ekologia – Biologia”, “Harraldeko Ikerketa – Biologia”, “Ezkutuko Azukreen Bila! – Kimika”, “EkiMaker Aurkiteitor – Teknologia”, “Bizilagun Mikroskopikoak – Biologia”, “Zero Zabor – Zientzia”, “Zubiak Eraiki – Teknologia”, “Arduino Proiektuak – Teknologia”, “Baratza Adimentsua – Teknologia», “Txanpuen Kimika – Laborategi Teknikak” eta “ Tuk tuk-a – Teknologia”.

Ekitaldian zehar, Azkoitia eta Azpeitiko udal ordezkariek hartu dute parte. Hauek arduratu dira, batetik, ekitaldia ireki eta bertaratutakoak agurtzeaz eta azkenik, ekitaldi amaieran diplomak banatzeaz.

Proiektuak, epe luzera jarraipena izan nahi du eta eskualdeko eragile ezberdinen elkarlana oinarri hartuta, eskualdean zientzia eta teknologia arloei lotutako gaitasun eta zaletasunak sustatzen jarraitzea nahi da.

 

20220615 110728

20220615 123744

 

20220615 111629

20220615 112053