Lehendakariak Jaurlaritzak eta euskal erakundeek egonkortasunarekin, ziurtasunarekin eta lankidetzarekin duten konpromisoa adierazi du

0

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiarekin batera, ACBE Bilboko Portuko Ontzi Kontsignatarioen eta Zamaketarien Elkartearen mendeurrena dela-eta antolatutako ekitaldian izan da. Bertan, elkartearen lanaren dimentsioa azpimarratu du.

Hala, itsas trafikoaren eta salgaien trafikoaren beharretara etengabe egokitzeko ahalmena, portuaren hedapenean parte hartzea eta Bilbo Metropolitar osoaren hirigintza-berroneratzen izandako inplikazioa nabarmendu ditu. Gainera, Elkarteak jardueraren eraldaketarekin duen konpromisoa aipatu du, digitalizazioaren eta jasangarritasunaren aldeko apustua, eta Euskadiko jarduera ekonomikoa eta industriala sustatzen jarraitzeko lankidetza. “Portuko jardueraren kate logistikoko katebegi guztiak elkartzen dituzue, eta elkarrekin ospatzen duzue mendeurrena, eszenatoki global berrian hobetzen eta hazten jarraitzeko asmoz”, adierazi du.

Ziurgabetasunaren testuinguru honetan, Lehendakariak Jaurlaritzak eta euskal erakundeek egonkortasunarekin, ziurtasunarekin eta lankidetzarekin duten konpromisoa nabarmendu du, Bilboko Portuko Ontzi Kontsignatarioen eta Zamaketarien Elkarteari bere mendeurrenean eskain diezaiokegun ekarpenik onena. «Guztion ahaleginarekin lortuko dugu zailtasunak gainditzea, eta ziur nago Euskadi indartuta aterako dela ziurgabetasun globaleko garai honetatik«, adierazi du. Aipatutako egonkortasun- eta ziurtasun-egoera horren bila, atzo 2023rako aurrekontu-gidalerroak onartu ziren, ekonomiaren suspertzea sendotzeko eta lankidetzatik erronka globalei erantzuteko.

38 ekintzailek, beste hainbeste enpresaren ordezkari gisa, garai hartan Bilboko Ontzien Kontsignatarioen Elkartea deitzen zen Merkataritza Ganbera eratu zutenetik 100 urte bete direnean, jardunaldi teknikoak, mahai-inguruak, ekitaldi sozialak eta oroitzapenezko liburu baten edizioa biltzen dituen programa bat prestatu da.

ACBE

Bilboko Portuko Ontzi Kontsignatarioen eta Zamaketarien Elkartea (ACBE) 1922an eratu zen, bazkideen enpresa-interes orokorrak defendatzeko eta portua hedatzen eta hazten laguntzeko.

Zamaketa-enpresen eta ontzi-kontsignatarioen interes komunak ordezkatzea eta defendatzea du helburu, ematen dituzten zerbitzuen kalitatea eta hobekuntza sustatuz, horiek itsas trafikoaren eta salgaien trafikoaren beharrei erantzun diezaieten.

ACBEk Bilboko portuan lan egiten duten zamaketari guztiak eta ia ontzi guztiak ordezkatzen ditu, eta, gainera, bere ibilbide luzean, prest dago Administrazioarekin lankidetzan aritzeko, portuko itsas jarduerari mesede egiten dion guztian.