​ Txakolina, gazta eta Lumagorri oilaskoa, larunbateko Txakolin Egunaren protagonista ​

0
Datorren larunbatean, ekainaren 18an, egingo da bi urteko hutsunearen ostean, aurtengo Txakolin Eguna Azpeitian. 12:30etaik 14:30era bitartean, izango da zertaz gozatua Perez Arregi plazan.

11 txakolin upategi (Agerre, Aitaren, Akarregi Txiki, Blai, Flysch, Hika, Mokoroa, Sagarmiña, Txomin Etxaniz, Urkizahar) herriko 2 gaztagile (Berastegi eta Premietxeberrikoak) eta bertako oilasko pintxoak izango dira jan-edanerako larunbata eguerdian Perez Arregi plazan. 12:30etatik 14:30ak bitartean egingo da Txakolin Eguna. «Bertako produktuak ezagutu, balioan jarri eta dastatzeko moduko eguna antolatu dugu. Eguraldia lagun izango dugula dirudi, eta herritar zein bisitariak gonbidatu nahi ditut Txakolin Egunaren bueltan Azpeitiko kaleetan ibiltzera», azpimarratu du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak. Jan edanaz gain, triki bertso emanaldia ere izango da plazan bertan.

Geldialdiaren ostean, hasi dira herriz herri Txakolin Egunak antolatzen. Aurtengo hirugarrena izango da Jatorri Deiturako Txakolinak antolatua. Azpeitia plaza garrantzitsua dela adierazi du Ruth Mozok: «Jatorri deitura gisa Gipuzkoan hainbat Txakolin Egun egiten ditugu, eta Azpeitiko garrantzitsua da guretzat. Izan ere, hau Gipuzkoaren erdigunean dago. Gainera, mahastiak ere badaude Azpeitian orain», adierazi du.

Kopak eta 5 txartelek 5 euro prezioa izango dute; eta pintxoak 2€tan salduko dira. Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldeko kideak lanean arituko dira, pintxoak banatzen. Gemma Perez eta Txomin Ridruejo taldeko boluntarioak izan dira aurkezpenean: “Lanerako gogoz gaude. Txakolin Eguna bezalako ekintzetan lan eginez eta dirua bilduz gaixo taldearen ekintzak egitea ahalbidetzen dugu eta herritar guztiak animatu nahi ditugu larunbateko ekintzara”.