Babes Komunitarioko nazioarteko jardunaldiek errefuxiatuen harreraren eta arretaren esparruko esperientziak aztertu dituzte

0

Iñigo Urkullu lehendakariak “erantzukizunaren eta ahalegin partekatuaren eredutzat” jo du Auzolana II programaren esparruan parte hartzen duten erakundeek eta antolakundeek egiten duten lana, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak babes komunitarioari buruz Bilbon antolatutako jardunaldien inaugurazioan.

Lehendakaria ezin izan da ekitaldian aurrez aurre egon, eta bideo-mezu baten bidez azaldu die Europako ordezkariei Auzolana hitzak guztien ongia helburu duen elkarlanari egiten diola erreferentzia. “Guztien ongia kasu honetan errefuxiatuak hartzea eta behar dutenei laguntzea da”, azpimarratu du Urkulluk.

Bere esku-hartzean, lehendakariak Ukrainako gerra hasi zenetik abian jarri diren ekimen humanitarioak aldarrikatu ditu, eta, aldi berean, adierazi du Euskadi herrialde solidarioa dela, eta errefuxiatuak hartzeko prestatuta eta aktibatuta dagoela. “Jaso nahiko lukeena eskaintzen duen herri bat gara”, esanez amaitu du lehendakariak.

Ondoren, zuzenean, Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak eskerrak eman dizkie Bilbon diren Italiako, Belgikako, Frantziako, Alemaniako, Erresuma Batuko eta Irlandako ordezkariei, Euskadira etorri izanagatik eta errefuxiatuei arreta emateko eta tokiko gizarteetan integratzeko Share Sarearen buruan egiten duten lanarengatik. Sailburuordearekin batera izan dira jardunaldien inaugurazio-ekitaldian Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotzia; Petra Hueck Icmc Europe/Share Network-en zuzendaria eta Sophie Muller Acnuren Espainiako ordezkaria.

Share Sarearen helburu nagusietako bat babes komunitarioekin hartutako konpromisoa zabaltzea da, eskualdeak eta hiriak bazkide aktibo gisa sartuta. Alde horretatik, “Euskadiko Babesletzak ongietorria ematen dio Europako Babesletzari” adierazi du Amilibiak, esparru honetako Auzolana II ekimenaren alderdi batzuk aztertzen hasi aurretik.

2019an sortutako esperientzia hau eskualdeko gobernu batek antolatu eta lideratutako babes komunitarioko lehenengo programa izan zen. Era berean, Valentziako Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak ere jarri dituzte abian babes-programak, Eusko Jaurlaritzak koordinatutako programaren antzeko ikuspegian oinarrituta.

Europa mailan, Eusko Jaurlaritzak Europako Share QSN (Quality Sponsorship Network) proiektuan parte hartzen du. Proiektua 2021eko urtarriletik 2023ko ekainera egongo da abian Europar Batasuneko Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtsak (AMIF) kofinantzatuta, eta gaur egun euren testuinguru nazionaletan babes-programa pribatuak gauzatzen ari diren eragileak biltzen ditu.

Konpromisoa pertsonekin

Gizarte-politiketako Sailaren arduradunak zehaztu duenez, “Auzolana II izeneko babes komunitarioko ekimen pilotua 2019ko martxoan jarri zen abian Eusko Jaurlaritzak errefuxiatuekin duen konpromisoaren barruan”.

Zehazki, Jordaniatik iritsitako Siriako bost familiak hasi zuten bizimodu berri bat Euskadiko bost herritan. “Ez zekiten ezer Arrigorriagari, Portugaleteri, Andoaini, Bilbori eta Gasteizi buruz, baina 2019ko martxoaren 29an euren babesleku bihurtu ziren”, erantsi du Amilibiak.

Migratzaileen eta errefuxiatuen harrera eta gizarteratze esperientzia hau Kanadako ereduan oinarrituta dago, eta babes komunitarioaren formulak biztanleek helburu horretan zuzenean parte hartzea lortu nahi du.

Auzolana II programaren oinarria tokiko babes-taldeak eta horiek osatzen dituzten pertsonen elkartasuna dira; izan ere, funtsezko euskarria bihurtzen dira iritsi berri diren familientzat, eta babes soziala, materiala eta finantzarioa ematen diete, egokitzeko prozesua errazagoa izan dadin.

Auzolana II programak izandako arrakastaren ostean, Gobernu Kontseiluak 285.000 euroko kontu-sail bat onartu zuen joan den asteartean, Euskadiko Babes Komunitarioko Programaren bigarren edizioa sustatzeko. Horri esker, Siriako sei familiak harrera eta elkarbizitza esperientzia berri bat hasi ahal izango dute Libanoko errefuxiatuen kanpalekuetatik urruti, hainbat urte bertan igaro ondoren.

Castaños auzora bisita

Europako ordezkaritza Bilboko Castaños auzoan izan zen atzo Auzolana II ekimenera bideratu diren baliabide publikoak eta boluntario taldeak ezagutzeko, besteak beste, ikastola eta osasun-zentroa, eta gaurko jardunaldietan eskualdeek eta hiriek babesle komunitario gisa dituzten aukerak eta erronkak aztertuko dituzte.

Analisi hori hiru eztabaida-mahaitan egingo dute. Lehenengoan Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazioko eta Asiloko zuzendariak eta Patricia Ruiz de Irizar Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako zuzendariak parte hartuko dute.

Gero, bigarren mahaian, Babes Komunitarioan interesa duten aldeek parte hartuko dute, eta eztabaidan José de Lamo Pastor Valentziako Generalitateko Dibertsitatean Berdintasuna Agentziako zuzendari nagusiak esku hartuko du. Azkenik, hirugarren mahai-inguruko gaia izango da errefuxiatuen harrera larrialdi-egoeretan.

Nazioarteko jardunaldi hauek ostiralean amaituko dira lan-saio batekin, eta bertan zehaztuko dira Babes Komunitarioan eskualdeen, hirien eta erkidegoen parte-hartzea indartzeko arlo eta ekintza nagusiak.