Bilboko Udalak Covidak urian eragin dituen biktima guztiei opa nahi dien omenaldia egingo du

0

Datorren eguaztenean, ekainak 22, 10,30etik aurrera, Kasilda Iturrizar parkeak gune oso berezi bati egingo dio leku. Hain zuzen, Bilboko Udalak Covidak urian eragin dituen biktima guztiei opa nahi dien omenaldia egingo da, eta, haien Oroitzapenerako gune bat ezarriko da, haien gomutak leku bat izan dezan hiriaren historian, betiko.

Juan Mari Aburto alkateak Uriaren egoerari buruzko azken Osoko Bilkuran agindu lez, plaka bat ezarriko da Sequoia semprevirens baten ondoan, eta hura izango da koronabirusak bizia kendu zien pertsona guztien alde omenaldia egiteko eta elkartzeko lekua.

Ekitaldi sinboliko horretan, Bilboko erakundeetako eta gizarteko ordezkariak izango dira, eta, halaber, eta batez ere, dei egiten zaie herritarrei bat egin dezaten saminezko oroitze ekitaldi honekin, zeinean Udalak loreak eskainiko baititu, hala nahi dutenek Oroitzapenerako Gune berri horretan ezar ditzaten.

Alkateak iragarri zuenez, asmoa da Kasilda Iturrizar parkeko leku soil hori betiko gera dadila Bilboren historian, Covidagatik hildako pertsona guzti-guztiek leku bat izan dezaten, eta haien maiteek, adiskideek, osasuneko profesionalek eta bestek leku bat izan dezaten biktima ezezagun horiek gomutatzeko.