Bingen Zupiria sailburuak Holobot. Social Garden robotaren aurkezpenean parte hartu du

0

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak Holobot. Social Garden robotaren aurkezpenean parte hartu du gaur Makina Erremintaren Nazioarteko 31. Biurtekoan. Proiektua Tabakalerak eta VR Kommand artisten kolektiboak garatu dute, Tekniker-ekin eta KUKArekin elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren laguntzarekin. Proiektu honekin Tabakalerak urrats berri bat egin du lankidetzan aritzen den erakundeetako berrikuntzan eragin, eta artistei garapen-modu berriak eskaintzen jarraitzeko.

Zupiria sailburuak adierazi duenez horrelako ekimenek «kultura eta sormenaren eremua beste eremu batzuekin harremanetan jartzeko aukera sortzen dute. Kulturaren ikuspegia ere zabaldu egiten da eta batzuen eta besteen arteko mugak desagertuz doazela ikustarazten digute. Disziplina batzuk beste batzuk aberasten dituzte».

Robot soziala eta sare sozialetara konektatua

Holobot. Social Garden mugimendua eta argia duten irudiak sortzen dituen beso robotikoa da. Holoboten irudien jatorria robotaren, azokara joaten diren pertsonen eta sare sozialetan duten interakzioaren arteko komunikazioa da: robotak #Holobot traola erabiltzen duten erabiltzaileak detektatzen ditu, eta euren profiletatik hartutako datuak landare-errealitate simulatu bilakatzen ditu eta ondoren sare sozialetan argitaratzen ditu.

Instalazio artistikoaren abiapuntua robotaren eta gizakiaren artean sortzen den  elkarrekintzaren oinarrian dagoen “konfiantza” kontzeptua da. Emaitza interprete baten gisan jardungo duen instalazio bat da, adimen artifizialari esker Biurtekora bertaratzen direnen sare sozialetako interakzioa lorategi birtual handi baten itxura hartzen duen konposizio batean islatzen duena.

Robotak bere inguruko sare sozialen erabiltzaileen inputak jasoko ditu irudi pertsonalizatu eta distortsionatu bat sortzeko argi-irudi bat erreproduzituz, mugimenduen konbinazioa eta LED seinaleen igorle bat erabiliz horretarako. Argi-irudi hori kamera batek jasoko du eta landareen eta izakien lorategi handi horri gehituko zaio eta robotaren sare sozialetan, Twitterren eta Instagramen argitaratuko da, @holobot_ profilean. Helburua teknologiaren eta naturaren arteko analogia sortzea da, testuinguru sozial jakin batean, non teknologiaren presentzia eta giza interakzioa saihestezinak diren.

Informazio gehiago hemen