Eusko Jaurlaritzak 3,2 milioi euro bideratuko ditu enpresetan berrikuntza sustatzeko

0

Eusko Jaurlaritzak 3,2 milioi euro bideratuko ditu aurten enpresetan berrikuntza sustatzeko. INNOBIDEAK InnoKonexio programa Innobideak programaren oinordekoa da, baina enpresa-sarearen behar berriei egokitua. Itzuli beharrik gabeko 250.000 eurorainoko dirulaguntzak eskaintzen ditu enpresako eta urteko. SPRI Taldeak (enpresen garapenerako euskal agentzia) kudeatzen duen ekimen honen bidez prozesu, produktu nahiz zerbitzuen arloko berrikuntza-proiektuak bultzatu nahi dira, eta baita ere enpresei Kudeaketa Aurreratuko eredu baterantz aurrera egitea ahalbidetuko dieten eredu eta tresna berriak. Eskaerak aurkezteko epea zabalik egongo da ekainaren 16tik urriaren 28ra.

Halaber, ekimen honek helburutzat dauka I+G+B-ren emaitzen babesa eta balorizazioa hobetzea eta I+G+B-ren nazioartekotze-maila handitzea, Europako Batzordeak sustatutako ikerketa, garapen eta berrikuntza-proiektuetan parte hartuz.

Laguntza hauen onuradun izan nahi duten enpresek  gutxienez 10 langileko batez besteko plantilla izan behar dute, eta 50 langilekoa Kudeabide (Kudeaketa Aurreratua) ildoan parte hartu nahi badute.  Proiektu horiek bakarka garatu daitezke edo lankidetzan enpresa bat baino gehiagoren artean.

Dirulaguntzak gastu hautagarrien % 50erainokoak dira eta 250.000 eurorainoko laguntza eman daiteke enpresako. Proiektu oso bereziek (hots, antolakundean inpaktu handia duten berrikuntza esanguratsuak dituztenek) muga hori gainditu ahal izango dute. Aurreikuspenen arabera, 180 bat proiektuk jasoko dituzte laguntzak.

Finean, programaren helburua da enpresei laguntzea euren lehiakortasun-posizioa hobetzen,  berrikuntza-proiektuak finantzatuz, helburu hauekin: hobeto bideratu dezatela euren balio-proposamena (produktua/zerbitzua), barne-eraginkortasuna handitu dezatela (prozesuak), ezagutza babestu dezatela, nazioarteko finantzaketa eskuratu dezatela eta aurrera egin dezatela kudeaketan.