Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) gonbidatuta, Iñaki Barredo Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuordea parte hartzen ari da gaurtik Cork-en (Irlanda) egiten ari den Tokiko Garapenari buruzko Nazioarteko Foroan, “Erkidego indartsuagoak izateko estrategia hobeak” lelopean.
Tokiko Enplegua eta Garapen Ekonomikoa programaren 40. urteurrena dela eta, antolatu du Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) topaketa hau. Gaur hasi eta ekainaren 17ra arte, ostirala, luzatuko da, eta zenbait gai jorratuko dituzten bost saio egingo dira. Helburua da pertsonak bizi diren eta lan egin, sortu eta kontsumitzen duten erkidegoetan eraldaketak eragiten ari diren trantsizio berdearen, digitalizazioaren eta aldaketa demografikoaren arloko aurrerapenei buruz hausnartzea eta horiek partekatzea.
Alberto Ansuategi Ekonomia eta Plangintzako zuzendariaren laguntzarekin, Iñaki Barredok ostegun honetako saioan parte hartuko du, “Moldeak hausten ari diren tokien historiak” lelopean. Mahai-inguru horren bueltan bilduko diren hizlarien artean daude John Maguire ELGAko Tokiko Enplegu eta Berrikuntza Sozialeko arduraduna, Rui Moreira Portoko alkatea eta John Wooding Massachusettseko Unibertsitateko irakasle emeritua.